LABek Harro Topaguneak segregazioaren kontra deituriko mobilizazioan parte hartuko du

159

Segregazioaren gaia hezkuntza sistemaren arazo nagusietakoa bilakatu da, eta, LABek Jaurlaritzak sortutako segregazio mahaian zein antolatu dituen mobilizazioetan salatu duen bezala, Jaurlaritzak martxan dituen hezkuntza politikak eraldatzea lehentasunezko herri erronka da.

Eskola mapak planifikazio berria eskatzen du, D ereduan, laikotasunean eta sare publikoan oinarritua izango dena. Langile migratuen zein bertan jaiotako langileen seme-alabak eskolaratzeko orduan, ikastetxeen artean desoreka handiak daude. Desoreka horretan eragin nabarmena izan du indarrean dagoen eta sare desberdinetan antolatzen den hezkuntza sistemak. Ez da hori gertatzen ari den desorekaren arrazoi bakarra, gure herrira datozen familia eta haur horien euskalduntzea bultzatuko duen hizkuntza politikarik ez baitago. Gurera datozen guraso horiei ez zaie euskalduntzearen garrantziaz informaziorik ematen, ez horretarako dauden aukerez ere, eta, ondorioz, ez dira animatzen D ereduan matrikulatzera.

Jaurlaritzak segregazioari aurre egiteko mahaian aurkezturiko txostenak, diagnostikoak, Hezkuntza Sailak orain arte ezarri dituen neurriak goraipatzen ditu, eta ezkutatu egiten du urte hauetan guztietan hartu dituen neurriek ez dutela balio izan, ez direla eraginkorrak izan.

LABek bat egiten du hezkuntza politikak eraldatzeko eskakizun eta aldarrikapenarekin, eta hezkuntza-sistemaren bestelako antolaketa baten aldeko proposamen eta borrokan ari da etengabe, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eratzeko apustuan; era deszentralizatuan antolatuko den sare publiko berri eta bakarrerako borrokan, alegia. Euskal Herria aintzat hartuko duen Euskal Curriculumean, euskararen murgiltze ereduan, pedagogia feministan, laikotasunean, doakotasunean, ekitatean, inklusioan eta aniztasunean oinarrituko den eredu propio eta burujabearen aldeko lanean.

Hezkuntza Sailak mahaian aurkezturiko diagnostiko autokonplaziente horri ezezko borobila eman zion LABek, eta segregazioari aurre egiteko neurri konkretuen sorta aurkeztu zuen. Izan ere, eskola segregazioak ondorio larriak utzi ditu: a) lehenik eta behin, ikasle horien ibilbide akademikoan eragiten du, eta desberdintasun sozioekonomikoen iraupena iraunarazi eta areagotzen du; b) bigarrenik, eskola publikoaren azpifinantzazioa ekarri du, eta bere kalitatean eragin du; eta d) hirugarrenik, euskararen ezagutzan eta horren bermerako euskarazko murgiltze ereduaren erabateko hedapenean eragin du, oraindik orain ez baitago sistema osoan eta etapa guztietan hedatua.

Beraz, LABek hurrengo neurriak proposatu zituen, gaurdanik borrokatu eta ezarri daitezkeenak:

1. Gizarte kohesioa eta, ondorioz, ikasleen aukera berdintasuna erabakigarria izatea hezkuntza sistemaren planifikazioan, familien eskola erabakitzeko eskubidearen gainetik.

2. Ikasleen eskolaratze prozesuak —matrikulazio arrunta eta bizia— eta ikaspostuen planifikazioa era deszentralizatuan egitea, tokian tokiko errealitatera egokituta, gaineskaintza mugatuz —planifikazioaren ardatza D ereduko ikaspostu publikoak izanik— eta matrikulazioa doituz. Matrikulazioaren kudeaketa bulego bakar eta loteslearen bitartez egitea eta kontrol neurri egokiekin. Gurera etortzen diren gurasoei euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko aukerez informazioa ematea.

3. Eskola auzoaren isla bada, auzo barrutia zabaltzea egoera sozioekonomiko ezberdinak diuzten auzoak barne hartzeko eta bizitoki segregazioa eskolan ez erreproduzitzeko.

4. Matrikulazio baremo bateratua ezartzea hezkuntza sistemako ikastetxe guztietarako.

5. Laikotasunaren bermea ezartzea, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihur ez dadin. Funts publikoak jasotzeko ikastetxe guztiek bete beharreko betekizuna izan behar da laikotasun erreala.

6. Euskara segregaziorako elementu bihurtu ez dezaten, baizik eta inklusiorako elementu izateko, neurriak behar ditugu. Funts publikoak jasotzeko betekizuna izan behar da ikasle guztiek DBH bukatzean euskarazko B2 maila eskuratzen dutela bermatzea.

7. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzea.

8. Eraiki nahi dugun hezkuntza sistema burujaberako, konfluentziaren norabidean, urratsak ematea:

  • Azpifinantzaturik dagoen D ereduko sarea publikoa dimentsionatzea, eta bertan Euskal Herria aitortuko duen curriculuma lantzea eta orokortzea. Planifikazioaren ardatza izateaz gain, azpiegiturak hobetu behar dira eta berriak sortzeko finantzazioa handitu behar da.
  • Gaineskaintzaren aurrean, ikastetxe berririk ez ituntzea, eta alde sozialarekin adosturiko borondatezko publifikazio araudia sortzea. Funts publikoak jasotzeko bete beharreko baldintzak betekizun gisa ezartzea, ituntze unibertsalarekin bukatzen hasteko neurri gisa.
  • Titulartasun partekatua arakatzea eta arautzea, izaera publikoko ikastetxeetan udalaren parte hartzea sustatuz. Udala edo mankomunitatea jabetza publikoaren parte izatera pasatuko litzateke horrela eta kontrol publikoaren bermatzaile.

    9. Auditoretza-unitatea martxan jartzea, ikastetxe guztietako diru kontuak gardentasunez publiko eginez eta horien kontrol publikoa eginez. Konfluentziaren norabidean diru publikoaren kontrol publikorako neurriak ezinbestekoak dira.

    10. Eskola segregazioari aurre egiteko neurriak edota ikasleen eskolatze eta planifikazioari loturikoak langileokin mahai negoziatzaileetan negoziatu eta adostea.

Hortaz, Jaurlaritzaren hezkuntza politikak eraldatzeko asmoz eta segregazioaren aurrean bestelako neurri batzuk hartzeko, larunbateko mobilizazioan parte hartuko du LABek; Harro Topaguneak azaroaren 29an 17:30ean Bilbon deitu duten mobilizazioan, alegia.

2025-11-27_LAB_Segregazioa_EU