Gaur, maiatzak 25, Mahai parekidea izan dugu, akordio arautzailea urratzen dituzten ataletan adostasunak lortzeko mahaia. LABek egindako eskaerari esker egin dugu bilera, azkenengoa Hezkuntza Sailak aldebakarrez bertan behera utzi baitzuen. Aurrez, lan hitzarmenaren hainbat ez betetzeren inguruan LABek egiten duen irakurketa helarazi genion Sailari; ez betetze horien inguruan Hezkuntza Saila aplikatzen ari den irizpideekiko kontrakotasuna agertzeaz gain, Hezkuntza Sailari erantzunak eskatu dizkiogu.
Honakoak dira laburbilduz, Sailak emandako erantzunak:
| GAIA | HITZARMENAK DIONA | HEZKUNTZA SAILAREN JARRERA |
| Hezi+ | 26. Artikulua: “Irakasleek 17 eskola-ordu emango dituzte gehienez, laguntza- eta indartze-programetan emandako eskola-orduak orduak barne (Hedatze edo antzeko programak).” | Ez dituzte sartu nahi He-Hobetuz neurriko orduak irakastorduen baitan, ordu osagarrietan baizik. |
| LH ratioak | Eranskina*: “22 lehen hezkuntzan. Ratio hori aplikatuko da 2026-2027 ikasturtetik aurrera” | Lehen Hezkuntzan progresiboki aplikatu nahi dute 22 ikasleko ratioa. |
| LPZ | Eranskina*: Administrari laguntzaile eta IKT arduradunei dagokienez, taldeen araberako kopuru bat zehazten da. | IKT eta administratzaile laguntzaile baliabideak ez dira LPZ bidez esleituko. Datorren ikasturterako, 20 bat ikastetxetara soilik bidaliko dituzte baliabideak. |
| EHI/ALE | Eranskina*: HH eta LHko taldeen arabera esleipen kopuru bat planteatzen da; akordioak ez du zehazten ze mailako taldeen arabera. | Esleitzerako orduan, HH3-LH2 arteko taldeak soilik hartuko dituzte kontuan. |
| Ordu jaitsieragatiko konpentsazioa | 26. Artikulua: “Hezkuntza Sailak behar besteko ordu-kredituak esleituko ditu paragrafo honetan ezarritako murrizketaren eraginez suertatutako eskola-ordutegiaren orduak betetzeko.” | Ez dute ordu-kreditu nahikorik emango; iazko formula erabiliko dute ordu horiek esleitzeko, aldebakarrez erabakita. Soilik bermatu nahi dute irakasleon ordutegiak hitzarmena betetzen duela, jakinda ez dela ordu-kreditu nahikorik emango. |
| OBK | Eranskina*: “2025-2026 ikasturtean koordinatzaile hauen prestakuntza diseinatu eta ezarriko da. Irizpide horiek 2026-2027 eta 2027-2028 ikasturteetan ezarriko dira.” | Bigarren Hezkuntzan 2026-2027an aplikatuko dute, eta hurrengo urteetan gainontzeko etapetan. |
| Soldata igoera | 65. Artikulua: “Akordio honen indarraldirako lansari-igoera orokorrak (…) ezarriko dira”. | Sinatu zen momentuan jasotako kopuruaren gainean egin dute igoera. |
2025eko maiatzean sinatutako lan hitzarmenak hainbat hobekuntza ekarri ditu, LABek baliabideetan indarra jarri zuelako, Akordioaren Jarraipenaren infografian zabaldu bezala. Besteak beste, hurrengo ikasturterako 700 langile inguru gehiago egongo dira ikastetxeetan, aurtengo 900 lanpostu gehigarriez gain. Orain arte ikastetxeetara iritsitako baliabideak funtsezkoak izan badira ere, Sailak akordioa osotasunean beteko balu, baliabideen inpaktua handiagoa izango litzateke.
Aipatutakoagatik, greba eta mobilizazioen ondorioz lortutakoa bere osotasunean betetzeko borrokan jarraituko du LABek, hezkuntza kalitatea eta irakasleon lan baldintzak hobetzeko. Zentzu horretan, mahai parekidean akordioa betetzeko Sailak borondaterik izan ez duenez, bide judiziala aktibatuko dugu datozen egunetan. Era berean, Hezkuntza Sailaren utzikeria eta ez betetzeen aurrean, langileekin batera mobilizatzen jarraituko dugu.
INFO-2026-05-25


