Langileon aurkako erasorik ez! Prebentzio protokoloak hobetu!

62

Azkenaldian nabarmena da hezkuntzako langileen aurkako erasoak ugaritzen ari direla. Joera hori indartzen ari da, eta gero eta ohikoagoak dira langileek ikasle edo familien aldetik jasan behar izaten dituzten erasoak. Guzti honen aurrean Hezkuntza Sailak duen jarrera salatzen du LABek.

Izan ere, Hezkuntza Sailak egoera horiek kudeatzeko behar diren baliabide nahikorik ez du jartzen eta ondorioz, egoerek okerrera egiten dute. Are gehiago, Sailak prebentzioan berehala neurriak hartu eta langileak babestu beharko lituzke.

Hezkuntzako langileak arduratuta daude azkenaldian ematen ari den erasoen gorakadagatik: familia batzuen aldetik heriotza-mehatxuak, eraso fisikoen mehatxuak, salaketa mehatxuak… jasaten dituzte.

Gainera, mehatxu eta erasoen aurrean Hezkuntza Saila ematen ari den erantzunek babesgabe uzten ditu langileak, kasu batzuetan hauei zigorrak ezarriz. Sailak langileak babesteko duen ardurari uko egiteaz gain, erasoa pairatu dezakeen langilearen jarduna zigortzeko hautua egitea ohikoa bihurtzen ari da, kasu askotan, langilea bera jasan duen erasoaren erantzule eginez.

LABetik argi dugu erasoak, izan ahozkoak edo fisikoak, lan istripuak direla, egiten dugun lanaren ondorioz pairatzen baititugu hauek, administrazioak berak agintzen dizkigun funtzio eta betekizunak egitean.

Funtzio horiek zuzenean lotuta daude gure eginkizun profesionalarekin, eta beraz, administrazioaren ardura da gu, langileok, irmoki babestea, hitzez eta ekintzez, beste edozein arlotako langileekin egiten duen bezala. Momentua da gaiari heltzeko, eta erasoei aurre egiteko behar besteko neurriak har daitezen eta protokoloak hobetzeko lanean jarraituko du LABek.

Egoera honen aurrean, Hezkuntza Sailari hausnarketa eta babes neurriak eskatzen dizkio LABek.

Bestalde, urteak daramatzagu arrisku psikosozialen aurrean ebaluazio psikosozialak maiztasunez egin behar direla aldarrikatzen, baita bertan neurri prebentiboak integratzea ere.

Horregatik honakoa eskatzen diogu Hezkuntza Sailari:

  • Prebentzio plangintzak eta ebaluazioak langile ordezkariekin negoziatu eta adostea.
  • Mediku-azterketak egitea.
  • Azterketa psikosozialak egitea eta neurriak hartzea.
  • Lanpostu eta lan-zentroen azterketak egitea.
  • Ikastetxeetako prebentzio figurei behar besteko baliabideak eskaintzea.
INFO-2026-05-26_EUS