Kapitalaren aurretik pedagogia, osasuna, euskara eta lan baldintza duinak!

462

(IRITZIA, Euskal Herria, Hezkuntza)

Euskal Herriko ikastetxeetan aurreko ikasturte amaiera eta honen hasiera zaila izan dugu ikasle, familia zein langileok. Zaila diogu, sistema neoliberal honetan kapitala ezeren gainetik lehenetsi dutelako des-gobernatzen gaituzten gobernuen menpe dauden Hezkuntza Departamentuek. Pandemiaren lehen olatuan, Ipar Euskal Herrian lehenago eta Hego Euskal Herrian ondoren egin zen aurrez aurreko irakaskuntzara bueltan izandako esperimentu eta irakaspenak ez dituzte inolaz ere kontuan hartu. Are gehiago, aurreikusten zituzten eszenatoki ezberdinetarako ere ez ziren prestatu eta 2020-2021eko ez-ohiko ikasturte hasiera langileoi esker atera da aurrera.

Ez-ohikoa izan den aurtengo ikasturte honetan, neurri ekonomizistak izan dira ditugun hezkuntza sistemen ardatz, eta horri jarraiki, hezkuntza eredu autoritario eta bankarioak atera dira garaile pedagogiaren kaltetan. Zergatik ez dira gure ikastetxeetako hezkuntza proiektuak eta horietan borondate onenarekin martxan dauden metodologia aktiboak babestu? Antolaketa esfortzu handia eta diru inbertsio handiagoa eskatzen dutelako, ez besterik. Hori babesteko argudio bakarra daukate: ez dagoela espazio fisikorik. Lankidetzarik egin al dute tokiko instituzio publikoekin eta erabaki ausartak hartu? Hezkuntzan egoera honi aurre egiteko diru inbertsio gehigarriak egin al dituzte? Euskararekiko ikasle askok izan duten arrakala gainditzeko eta murgiltze eredua babesteko neurririk ere ez da egon eta ikasleen arteko egoera sozio-ekonomikoagatik arrakala handitu da. Azken urteotan aurreratutakoa arriskuan jartzen ari dira administrazioak, jatorri atzerritar zein maila ekonomiko baxuena duten ikasleak izanik arrakalen ondorioz kalte gehien pairatzen ari direnak.

Euskal Herrian, hiru administrazioek ez dituzte langileen kolektibo ezberdinetan ratioak aztertu eta jaitsi edota plantillak handitu. Apurrak eman dizkigute kasurik onenean. 0-3 zikloko haur hezitzaileak eta heziketa bereziko langile kolektiboak guztiz ahaztuta dituzte. Eta feminizaturiko langile-kolektiboen kasuan egoera prekarizatuagotu dute; garbitzaile, sukaldari eta jangeletako begiraleei lan zama areagotu eta lan baldintzak kaskartu dizkiete. Azken hauen kasuan langile asko enplegua galtzeko arriskuan dago. Jangelak zabalik mantentzea eta ikasleen elikadura bermatzea oinarrizko eskubidea da, administrazioek hori betetzeko ardura dute.

Kapitalaren aurrean ikasleak eta langileak erdigunean jartzeko ordua da, eta horretarako mobilizazio, greba eta borroka planteamenduak ezinbestekoak dira. Hezkuntza Agintariek adierazi digute zein den haien borondatea: aurrez aurreko hezkuntza bai, baina kalitatea bermatzeko baliabiderik ez. Eta osasuna bermatzeko diru-inbertsiorik txikiena, legez derrigortuta dutena. Langile zaurgarrienak babesteko neurririk ez dago, ikastetxeetan lanean ditugu batzuk, eta gainerako langileon arrisku-esposizioa txikitzeko neurririk ere ez da hartzen. Ikastetxeetan ikasle eta lankide askorekin ditugu harremanak, taldeak ez dituzte txikitu eta gero eremu informaletan dekretu bitartez gure harremanak murrizteko galdegiten digute.

Osasunari loturiko neurri ekonomizisten muturreko egoera Ipar Euskal Herritik etorri zaigu, positiboa den ikaslea soilik konfinatzeko erabakiarekin. Ikasle eta langileon osasuna babesteko neurri paregabea! Ikaskideak konfinatu eta osasun egoera aztertzetik, ikasle hori soilik konfinatzeko saltoa eman dute. Laster positiboekin (izan hau ikasle zein langile) egondako langileoi neurririk ez hartzeko eskatuko digute, musukoa eta distantzia fisikoa dagoela argudiaturik. Hori bai, ikastetxetik etxera joateko eta soilik familiarekin erlazionatzeko agindua eman digute, osasuna bermatzea eta COVID-19aren kutsatzea ez zabaltzea langileon esku dagoela esango digute, beraien ardurak gure bihurtuz. Noiz arte? Aurrez aurreko kalitatezko hezkuntzaren berme handi bat langileak zaintzea da. Batetik, aurretiaz aipatu bezala, osasuna zainduz; eta bestetik, langileon lan baldintza egoki eta duinekin. Langileok kontziliaziorako baimen ordainduak behar ditugu, prekarietatean sakonduko ez duten kontratazioak, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, gure lanpostuetatik ez desplazatzea, egonkortasun egoerak eta ez behin-behinekoak, enplegua bermatzea eta ez suntsitzea, murrizketarik ez aplikatzea, lan hitzarmen zaharkituak berritzea; eta nola ez, hau guztia lortzeko negoziazioari eustea. Ez dago kalitatezko hezkuntzarik langileon lan baldintzak duindu gabe, haur eskoletan, sukaldeetan, jangeletan, garraioan, garbiketan, zuzendaritzetan, heziketa berezian edota irakasleen eremuan. Garai gogorra bizi dugu, batez ere langile laboralen eta azpikontratatuen eremuan, baina, borroka molde anitzen bitartez, elkar defendatzeko garai da ere. Kalitatezko aurrez aurreko hezkuntzaren alde eta lan baldintza duinen defentsan, borrokatzeko ordua ere bada! Eraiki ditzagun gaurdanik etorkizuneko Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema burujabearen oinarriak.