EAEko zerbitzuetako langileak: LABek salatzen du Hezkuntza Sailaren inprobisazioa nagusi dela ikasturte bukaeran ere

37

Ostiralean, EAEko Hezkuntza Saileko Zerbitzuetako langileen Mahai Negoziatzailea izan genuen Lakuan. LABetik, beste behin ere, ikasturte amaieran honetan, Hezkuntza Saila etxeko lan guztiak egin gabe etorri dela salatzen dugu. Ikasturte honetan ere nabaria izan da Sailaren inprobisazioa eta horrek prozesu guztiak atzeratu eta akordioak erdiestea atzeratzea dakar.

Batetik, IKTko langileei dagokionez, hurrengo ikasturteko aurreikuspena egin ziguten ahoz. Aipatu zigutenaren arabera, 10-15 IKT lanpostu gehiago aurreikusten dituzte. Langileen kokapena eta itinerantziaren inguruko xehetasunak idatziz jasotzeko eskaera egin genuen, arretaz aztertu eta behar besteko ekarpenak egin ahal izateko. Bestetik, IKT ordezkapen zerrendak irekitzeko eta irekita mantentzeko asmoa dutela adierazi ziguten. Gauzak horrela, Ordezkabidea plataforman behar besteko egokitzapenak egingo dituzte, kolektibo honetan ere esleipenak telematikoak izan daitezen.

Bestetik, hilabeteak daramatzagu bai IKT lanpostuak bai eta Lan Hitzarmenenean jasotzen diren sukaldeko ratio jaitsiera eta garbiketako metro jaitsieragatik egindako ekoizpen kontratuak bakante bihurtzeko akordioaren gainean lanean. Mahaian aurkeztu ziguten proposamenean soilik IKTko lanpostuak jasotzen baziren ere, LABek egindako eskaerari jarraituz, dena ondo bidean kolektibo guztiak barnebilduko ditu. Sindikatutik proposamen zehatza helaraziko diogu Sailari.

Aurrekoari jarraituz mahaian gure haserrea azaleratu genuen, oraindik ere, garbiketako langile askori metro jaitsiera egitea ezinezkoa zaielako, zentroen metrajearen inguruko azterketa ez delako egin eta ondorioz, ez delako behar besteko pertsonalez hornitu.

Halaber, ekainean IKTko langileen monografia eta funtzioak lantzeko Mahai Teknikoa deituko dutela konfirmatu ziguten. LABetik oso berandu datorrela salatzen dugu, izan ere, irailetik daramagu mahai tekniko hau eskatzen.

Lekualdatzeari dagokionez, LABek prozesua irailerako bukatuta egotea eskatu badu ere, Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki du hau urtarrilean bukatzea. Aurreratu zigutenaren arabera, jardun osoko Lanpostu huts guztiak aterako dira prozesura. Egutegi zehatza dugunean helaraziko dizuegu.

Horrez gain, alde batetik, Lan Hitzarmenean jasotako ekiparazioaren igoera maiatzeko nominan ordainduko dutela konfirmatu digute, iraileko atzeraeraginez. Bestetik, LEP prozesuaren ondorioz bakantea galdu eta baldintzak betetzen dituzten langileek kalteordaina ondorengo nominetako batean jasoko dutela jakinarazi ziguten.

Bukatzeko, Lan Hitzarmena behin EHAAn argitaratu eta gero, honen sinatzaileok Batzorde Parekidea osatu genuen, zeinek Hitzarmena hitzartutakoa interpretatu, aztertu eta zaintzeko eginkizunak bere gain hartzen dituen, bai eta hitzarmena bera zein honen eranskinak osatzen dituzten gaien jarraipena eta garapena ere egiten duen, indarrean dagoen bitartean.

Beraz, LABetik orain arte bezala, lanean jarraituko dugu, hitzartutakoa bere osotasunean bete dadin eta egingo diren prozesu guztiak gertutik jarraituko ditugu berme guztiak izan ditzaten.

INFO_2026-05-25