EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azaldu dugu gaur Haurreskoletan bizi garen egoera

437

(EAE, haurreskolak)

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariok agerraldia egin dugu EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bertan 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailburuek hartutako erabakien ondorioz, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan jarri dutela salatu dugu, baita gaur egun ditugun eskakizun nagusiak mahai gainean jarri ere:

Ume guztien hezkuntza-eskubidea bermatzeko asmoz, zerbitzuaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala.

Beraz, haurtzarorako Eusko Jaurlaritzak eman beharreko hezkuntza eskaintza eraginkorra bermatzeko, Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean sartzea.

Matrikulazioa bultzatzea. Arduratuta gaude Haurreskolak Partzuergoak ikasturte honetan izandako matrikulazio jaitsieragatik; pandemiarengatik atzeratu eta baldintza txarretan egiteaz gain, ez da izan inolako propaganda instituzionalik.

Haurreskolak Partzuergoko gerentziak aldebakarrez harturiko erabaki batzuk bertan behera geratzea. Matrikulazio jaitsieraren aitzakiaz, Haurreskolak Partzuergoko hezkuntza-proiektua arriskuan jartzen duten hainbat erabaki hartu ditu gerentziak. Horietako batzuek lan-hitzarmena eta araudiak urratzen dituzte: ordezkoak ez kontratatzea, hezitzaileak zentruen artean desplazatzea edo aparteko orduen erabilera okerra. Egoera hau lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan-baldintzak okertzeko baliatzen ari da.

  • Negoziazio kolektiboaren mahaia deitzea, baita bertan Hezkuntza Sailak izendatu behar duen ordezkariak parte hartzea. Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak ez dute lanpostuak kontsolidatzeko neurririk hartu eta ez dute lan-hitzarmena osotasunean negoziatzeko borondaterik aurkeztu. Gauzak horrela, benetako negoziazioa zabaltzea eskatzen dugu.
  • Ondorioz, Hezkuntza Batzordean egin dugun agerraldian azpimarratu nahi izan dugu: jokoan dagoena da haurreskolek daukaten garrantzia eta 0-3 zikloak hezkuntza sisteman egiten duen ekarpena onartzea; Haurreskolak Partzuergoa, zerbitzu publikoa den heinean, euskal familiek hezkuntzarako duten aukera berdintasunerako lehen giltzarri bezala onartzea.
  • Horrek finantziazioa eskatzen du. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoaren Gerentziak argi utzi du, Zuzendaritza Batzordearen onespenarekin batera hartutako erabakiekin, haurreskoletarako inbertsio ekonomiko nahikorik ez dagoela, eta horrelako neurriek helburu ekonomizistei erantzuten dietela, jendarteak dituen beharrei erantzun ordez.
  • Horretan dago gakoa, eta hau da LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek eskatu duguna: finantziazioa handitzea kalitatezko zerbitzua publikoa eskaintzeko eta langileen eskubideak bermatzeko; aitortza politikoa haurreskoletako langileentzat, haurren eta familien beharretara egokitutako politikak, eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena.

Hortaz, eta bukatzeko, argi utzi nahi dugu: gaur egungo haurreskoletako argazkia aldatu beharra dugu. Kalitatezko hezkuntza sistema batean 0-3 zikloak izan behar duen aitortza politikoa lortzea da gure helburua eta, horretarako, ez dago alternatibarik: haurreskoletako finantzazioa egokitu eta Haurreskolak Partzuergo publikoan gehiago inbertitu behar da. Azken finean, hezkuntzan egiten den inbertsioa jendartearen ongizatean inbertitzea da.

Kalean, kontzentratu gara

Agerraldia amaitu ondoren, Legebiltzarreko kanpoaldean kontzentratu gara langile eta delegatuekin batera, Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari gure eskaerak entzun ditzaten eskatzeko.