Lehengo lepotik burua!

453

(EAE, Irakasleak)

EAEko Hezkuntza Sailak iragarri berri duen Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako oposaketen dataren atzerapena dela-eta, LAB Irakaskuntzak gure jarrera kritikoa agertu nahi dugu.

LAB Irakaskuntzatik kritikotasunez hartu dugu EAEko Hezkuntza Sailak harturiko erabakia: LEP gutxienez ekaina arte atzeratzearena, alegia. Izan ere, COVID19k eragindako egoera dela eta, atzeratzeko erabakia aspaldi hartua izan behar zuten hezkuntza-arduradunek, behin eta berriz exijitu dugunez. Azkenean, denborak arrazoia eman digu, ez baitago baldintzarik oposaketak eman zituzten datetan egiteko.

Departamentuaren aurreikuspen ezak nahasmendua, urduritasuna eta ezinegona  sortu ditu langile askorengan. Kontuan hartu behar dugu izena eman dutenek beren bizitzak baldintzatu dituztela eredu zaharkitua duen oposizio honetarako ikasi ahal izateko eta, beraz, aurrerantzean berriro ere prozesu honetan kalteturik izan ez daitezen honako hau eskatzen dugu:

– Azterketaren data ematen duten unetik probaren egunera arteko tartea ahalik eta zabalena izatea. 

– Azterketa egiten denerako konfinaturik dagoen jendearentzat azterketa egin ahal izateko alternatibaren bat ziurtatzea.

Azkenik, LEPa prestatzen ari direnei elkartasuna adierazi nahi diegu, baita animoak eman egoerak kaltetutako langile guztiei.

LABetik lanean jarraituko dugu LEP hau berme guztiekin burutu dadin.