Gaur argitaratu da abenduaren 31n iraungiko den Lan Hitzarmena

128

Gaur hilak 20, 2025eko otsailaren 10ean Haurreskolak Partzuergoak eta LAB Sindikatuak sinatu eta 2026ko martxoan hobetu eta berretsitako Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena argitaratu da EHAAn. Garapen guztia eginda Steilasek bere egin zuen.

LABentzat onartezina da, hamasei urte eta gero eta greba eta mobilizazio zikloei bukaera emanez sinatutako Lan Hitzarmenak tramite administratibo guztiak betetzeko bi urte igaro behar izatea eta abenduaren 31ko iraungitze dataren bezperan argitaratzea. Edonola ere, beste behin esaten dugu hau ez dela kasualitatea eta zentzu honetan administrazioaren arduragabekeria salatzen dugu.

Lan Hitzarmenean jasotako hobekuntza gehienak hasieratik aplikatu badira ere, hainbat eskubide gaur gaurkoz gauzatu gabe daude, hauek martxan jartzeko legez, ezinbesteko baldintza zelako Lan Hitzarmena boletinean argitaratzea, hala nola: kudeaketa alorreko langileen ordainsariak EAEko Administrazioan funtzio bereko lanpostuen ordainsariekin parekatzea,gizarte-funtsa eta formazio funtsak eta urte sabatikoa.

Gauzak horrela Haurreskolak Partzuergoari eskatzen diogu hauek indarrean jartzeko, lehenbailehen eta aitzakiarik gabe beharrezko urratsak eman ditzan alde sozialarekin batera. Zentzu honetan pasa den azaroaren 6ean eskaera formala erregistratu genuen Haurreskolak partzuergoan.

Paradoxikoena da, 2026ko abenduaren 31an iraungitzen dela hau eta automatikoki salatua geratuko dela egun horretatik aurrera (indarrean jarraituko badu ere). LABtik ikasturte hasieran esan bezala, hurrengo Lan Hitzarmenari begira gaude eta urtarrilaren 1etik aurrera Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa abiaraztea exijitzen diogu Zuzendaritza Batzordeari eta bereziki, honen lehendakari den Begoña Pedrosari.

> Kudeaketa alorreko langileen egoera

Hainbatetan aldarrikatu bezala, kudeaketa alorrari dagozkion araudiak adosteko negoziazioa lehenbailehen berreskuratu behar da eta giza zein baliabide materialekin hornitu. Izan ere, azken urteetan kudeaketa alorreko plantilla ez da doitu Haurreskolak Partzuergoaren hazkundeari erantzuteko eta honek lan zamak izugarri handitzea ekarri du.

LABetik argi dugu: egoera iraultzeko elkarrekin antolatu eta borrokatzeko unea da. Horregatik Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordeari lehenbailehen negoziazioak abiaraztea eskatzen diogu. Bestela, mobilizazioen bidea baino ez zaigu geratuko. Honakoak adostu eta inplementatzea lehentasun dira:

1. Baliabide materialen eta giza baliabideen hornikuntza

Kudeaketa egoki bat egin ahal izateko, kudeaketa alorraren dimentsionamendua aztertzea, hau da, departamendu edo zerbitzu guztien eta beharrezko baliabide materialen eta giza baliabideen azterketa eta hornikuntza eskatzen dugu, 2025eko otsailaren 10ean Haurreskolak Partzuergoak eta LAB sindikatuak sinatutako Lan Hitzarmenaren eranskina den Plantillak esleitzeko akordioan jasota dagoen moduan.

Aplikazio informatiko eguneratuak behar dira, elkarreragingarritasuna ahalbidetuko dutenak. Hezkuntza Sailean eta Eusko Jaurlaritzan dagoeneko erabiltzen diren aplikazio informatikoak Haurreskolak Partzuergoaren ezaugarrietara eta beharretara egokitzea, moldatzea eta martxan jartzea eskatzen dugu, eta beharrezkoa den kasuetan aplikazio gehigarriak sortzea, baita hauek erabiltzeko baliabide ofimatiko eta bulego material egokiak ere.

Horrez gain, giza baliabideak gehitzea beharrezkoa da lan kargak banatu eta arintzeko. Departamendu edo zerbitzu bakoitzaren beharren azterketa egin eta LPZ (RPT) handitzea eskatzen dugu langile kopurua eta lanpostuen banaketa benetako beharretara egokitzeko.

Beharrezkoak diren baina gaur egun existitzen ez diren lanpostuak sortuz, lehendik dauden lanpostuen kategoriak, mailak eta bestelako ezaugarriak eguneratuz eta zenbaitetan lan metaketa kontratuen bidez aldi baterako betetzen diren baina izatez estrukturalak diren lanpostuak eratuz.

2. Telelana eta lan ez-presentziala

Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmeneko 20. artikuluan jasota dagoen heinean kudeaketako langileen telelana eta lan ez-presentziala berehala martxan jartzea eskatzen dugu horretarako beharrezkoak diren baliabideen berehalako hornikuntza eginez.

3. Kudeaketa alorreko ordezkapenak eta lanpostuen eskaintzak egiteko araudiak

Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenaren hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen den moduan kudeaketa alorreko ordezkoen, ordezkapenak egiteko kasuistiken eta barne prozeduren araudiak negoziatzea eskatzen dugu, baita kudeaketako lan poltsan izen ematea eta baremazioa martxan jartzea ere. Behin baino gehiagotan helarazi dizkiogu araudi hauen proposamenak Haurreskolak Partzuergoari eta behingoz proposamenak behar bezala aztertzea eta negoziazioa abiatzea eskatzen diogu.

4. Kudeaketa alorreko langileen ordainsarien ekiparazioa

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa alorreko lanpostuek Administrazio Orokorreko funtzio bereko lanpostuen aitortza berbera merezi dute.

Horregatik, Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmeneko 26. artikuluan zehaztuta dagoena betez eta II. Eranskinean ezarritakoari jarraiki, kudeaketako langileen ordainsariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionario homologatuen ordainsari-mailekin parekatzea eskatzen dugu 2026ko urtarrilaren 1etik.

5. Lanaren barruko bidai gastuak eta laneko autoa

Lanak eragindako bidaiak egiteko beharrezko baliabide guztiak Haurreskolak Partzuergoak jartzea eskatzen dugu. Kudeaketako langileek norbere auto partikularretan egin behar izaten ditugu lanaldi barruko joan etorri guztiak, hiru lurraldeetako haurreskoletara edota udalekin edo bestelako erakundeekin egiten diren bileretara joateko bidaiak alegia, enpresako autorik ez egoteagatik.

Gainera, Haurreskolak Partzuergoa sortu zenetik konpentsazio bera jasotzen da, azken 23 urte hauetan gastuek izan duten gorakada kontuan hartu gabe (autoaren mantenua, asegurua, erregaia…).

Horri norbere auto partikularrari egiten zaion kilometro kopuru izugarria eta horrek autoari eragiten dion higadura gehitu behar zaizkio, eta baita joan etorri horietan istripuren bat llaneza gero autoaren kalteak langilearen gain gelditzea ere. Laneko autorik ez egoteak langileak norbere baliabideak (materialak zein ekonomikoak) partzuergoaren eskura jartzera behartzen gaitu. Horregatik guztiagatik partzuergoko behar adina auto jartzea ezinbestekoa da.

Bukatzeko, ikasturte hasieran esan bezala, berriz diogu: erronka berriei erantzuteko Haurreskolak Partzuergo publikoko langileekin bideorri bat idatzi nahi dugu, eta hurrengo hitzarmenari begira gaudela. LABentzat, langileen antolakuntza eta parte-hartzea lehentasun dira aurrera urratsak ematen jarraitzeko. Langileok elkarrekin, indartsu eta antolatuta, aurrera egingo dugu, Haurreskolak Partzuergoa ardatz izango duen 0-3 zikloaren udal eskaintza publiko bateratuaren alde.

INFO-2026-11-20-1