EAEko Zerbitzuetako Langileak: Atzoko mahaietan akordioak osotasunean garatzea exijitu diogu Hezkuntza Sailari

48

Atzo, Hezkuntza Saileko Zerbitzuetako langileen ikasturteko lehen mahai Negoziatzailea eta Mahai Parekidea izan genituen. Hilabeteak daramatzagu LABetik zerbitzuetako langileen egoerarekin oso kezkatuta. Izan ere, aitzakiak aitzaki, indarrean dagoen Lan Hitzarmena osotasunean ez betetzeagatik, zentroetara dagozkien baliabideak berandu iritsi dira edo ez dira iritsi. Gauzak horrela, egoera honek langileen lan kargak handitzea ekarri duela salatu dugu ikasturte hasieratik eta gaurko mahaietan ere gogorki salatu ditugu egoera hauek.

> Sukalde eta garbiketako baliabide pertsonalak

Sukaldeei dagokionez, Hezkuntza saila adierazi digunaren arabera, zentroetatik datuak jaso ahala laguntzak bideratzen ari dira. Garbiketari dagokionez, Lan Hitzarmenaren metro jaitsiera orokorrean ez da aplikatu. Oso argiak izan gara: araudia osotasunean aplikatu behar da. Egindako kontratazioaren informazioa idatziz jasotzea eskatu dugu, LABen ditugun datuekin konparatu, adostutakoa betetzen dela ziurtatu eta ez betetzeak dauden tokietan erreklamazioak egiten jarraitzeko, langileekin elkarlanean. Argi esan diegu, baliabideak beranduegi iristen ari direla eta neurriak hartu behar direla etorkizunera begira. Zuen zentroan baliabide falta badago jarri LAB Sindikatuarekin lehenbailehen harremanetan.

> LEP deialdia

LABetik Mahaian salatu dugu LEP deialdia negoziazioa bukatu gabe argitaratu dutela. Era berean, bibliografia berandu jasotzeaz gain, ez duela gaitegi osoa barnebiltzen salatu dugu. Datak ez dizkigute ziurtatu. Bestalde, gogoratu LABetik LEPa prestatzeko materiala sortzen ari garela, prest dugunean jakinaraziko dugu.

> Sare eta Sistema informatikoen kudeaketarako langileak

IKT langileei dagokionez, lehenengo baremazioa sukalde eta garbiketako langileenarekin batera egingo dutela azaldu digute. Arrazoi teknikoak direla eta, Ordezkabidean baremazioaren ondoriozko zerrendak indarrean jartzean txertatuko dituztela aurreratu digute (2027ko irailaren 1ean). Hala eta guztiz ere, beharra egongo balitz lehenago zabaltzeko aukera ez dute baztertzen. Kolektibo honi eragiten dien gai guztien inguruan aritzeko mahai baten eskaera egin dugu gaurkoan ere, beste batzuetan egin bezela. Era berean gogoratu nahi dugu beharrei erantzuteko azterketa egin genuela LABetik aurreko ikasturte bukaeran ratioak ez baitituzte betetzen. Ez dugu erantzunik jaso momentuz.

> Beste gai batzuk

▪️LAB Sindikatuak sinatutako ordezkoen araudian jasotako ordezko lan-kontratudun prestasunagatiko eta mugikortasunagatiko konpentsazioa ziurrenik azaroko nominan jasoko dela jakinarazi digute.

▪️Erreforma laboralean jasotakoari jarraituz, produzkzio arrazoiengatiko kontratua izan duten langileek ezingo dituzre bi urtetako epean (24 hilabetetan) 18 hilabete baino gehiago pilatu kontratu mota honekin. Horregatik kasuaren arabera egoera honetan dauden langileek ez dituzte kontratu hauek eskuragarri izango epe batez.

▪️Garbitzaile eta sukaldarien kontratuak digitalki sinatzeko izapideak hasi dituztela esan digute. Ziurrenik urtarriletik aurrera jarriko da prozedura hau indarrean. Informazio gehiago izan ahala zabalduko dugu.

▪️Txanda kontratuari dagokionez, jakinarazi digute Gizarte Segurantzarekin hainbat kontraste egiten ari direla. Eusko Jaurlaritzaren instrukzioa jaso ondoren, Hezkuntza Sailera egokituko dutela hau eta lehenbailehen helaraziko digutela. LABetik salatzen dugu gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana.

▪️Egonkortze prozesuaren ondorioz lanpostu hutsa galdu izanagatik kalteordaina, dena ondo bidean azaroko nominarekin batera ordainduko dutela adierazi digute.

▪️Konpetentzia Profesionalak Ebaluatu eta Egiaztatzeko Prozedurari dagokionez, aurreko ikasturtean ez bezala, ikasturte honetan ez dute Hezigunean tramitea egiteko aukera irekiko. Hezkuntza Sailak ordea, gastuak bere gain hartuko dituztela jakinarazi digute horrela eskatzen badute langileek.

LABetik lanean jarraituko dugu langileekin eskuz esku, Zerbitzuetako Langileen Lan Hitzarmena osotasunean garatu dadin.

INFO-ZERBITZUAKEAE-26-11-03