Atzo Heziketa Bereziko ikasturteko lehen Mahai Parekidea izan genuen Lan Hitzarmenaren sinatzaileok eta ondoren Mahai Negoziatzailea burutu zen Lakuan. LABek salatu zuen Mahaiak oso berandu deitu direla eta oraingoan ere, behar besteko edukirik gabe.
Argi adierazi genuen aurreko ikasturteko dinamikarekin ezin dela jarraitu eta Lan Hitzarmena osotasunean garatzeko Hezkuntza Sailaren konpromisoa eskatu genuen. Besteak beste, LABentzat lehentasun diren baliabideak esleitzeko irizpideen eta lanpostu erdiak osora pasatzeko planaren negoziazioa lehenbailehen abiatzeko exijitu genuen berriz ere. Izan ere, aitzakiak aitzaki, 2024 urtetik atzeratu da hau, LABek proposamen osatuak egin baditu ere. Aniztasuna eta inklusiorako zuzendariari dei egiten diogu behingoz gaiari heldu eta aurrera urratsak emateko.
Atzoko mahaietan honako gai hauek landu ziren:
- Gizarte eta Formazio funtsak. Zerrendak aurkeztu zizkiguten eta jakinarazi ziguten hurrengo egunetan argitaratuko dituztela zerrenda hauek eta erreklamazio epea irekita egongo dela azaroaren 5etik 11ra bitarte.
- Birbaremazioa. Birbaremazio prozesua abenduaren erdialdean burutuko dela adierazi ziguten, doiketa informatikoak direla eta atzeratu behar izan dutela prozesua. Gogoratu, ordezkoen araudi berrian jaso bezala, ikasturte honetako birbaremazio prozesuan ordezkogaiek aukeratzen dituzten lehentasunak (50km baino urrunago dauden lanaldi partzialeko plazei uko egitea edo ez, lurraldea eta jarduna) soilik nahitaezko esleipenetarako izango direla. Hau da, 2027ko irailaren 1etik ordezkogaiek edozein lanpostu aukeratzeko gaitasuna izango du eta nahitaezko esleipenetan, berak ezarritako irizpideak jarraituko dira.
- Txanda kontratua. Gizarte Segurantzarekin hainbat kontraste egiten ari direla jakinarazi ziguten. Eusko Jaurlaritzaren instrukzioa jaso ondoren, Hezkuntza Sailera egokituko dutela hau eta lehenbailehen helaraziko digutela. LABetik salu genuen gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana.
- Lanpostu hutsa galdu izanagatiko kalte ordaina. Egonkortze prozesuaren ondorioz lanpostu hutsa galdu izanagatik kalteordaina oraindik jaso ez dutenek, dena ondo bidean azaroko nominarekin batera jasoko dutela adierazi ziguten.
- Oporren kalkulua. Udan kontratu amaiera izan duten langileen oporren kalkuluan akatsa egon da eta zegokien baino diru gehiago jaso dutela esan ziguten. Bestetik, 165 egun baino gehiago lan egiteagatiko konpentsazioari dagokion kantitatea zegokiena baino gutxiago izan da. Zuzenketak azaroko nominan egingo dituztela jakinarazi ziguten.
- Kontratu berrien sinadura. Azaroaren 17tik aurrera kontratuak digitalki sinatuko direla esan ziguten. Informazio gehiago izan ahala zabalduko dugu.
- Transkriptore eta material-egokitzaileen zerrendak. Irailean ez ohiko deialdia zabaldu zen kolektibo honen aldi baterako beharrak betetzeko. Zerrenda honetan sartzeko HLE izaeraz gain, erdi mailako lanbide heziketako “Administrazio-kudeaketako teknikari” edo “Administrazio eta Finantzetako goi-mailako teknikari” titulua izan behar zen edo bietako edozeinen baliokidea den beste tituluren bat. Administrazioak zerrenda hauetan sartzeko titulazioa aldetzeko akordio proposamena helarazi zigun atzo. Akordio proposamenean administrazio tituluak kendu eta gizarteratzeko edo haur hezkuntzako goi-mailako teknikari tituluak edo hauen baliokidea ezarri nahi dituzte betekizun bezala. LABetik, beste behin ere, adierazi genuen benetako negoziazioa ezin dela eman modu honetan eta aztertuko dugula gaia.
ZHI eta Komunikazio bitartekariak. Kolektibo hauen egoera ere mahaigaineratu genuen. LABtik bi kolektibo hauen egoera konpondu aldera mahai tekniko bat eskatu genion hezkuntza sailari langile guztien eskubideak babestu eta gatazkari konponbide adostua emateko, langileak entzun eta gero.
LABetik elkarlanerako prestutasun osoa adierazi nahi dugu eta Hezkiketa bereziko langile guztien eskubideak babesteko lanean jarraituko dugu.

