Hezkuntza Saila berandu eta motel dabil lan osasun eta segurtasunean

57

Gaur Lakuan Segurtasun eta Osasun Batzordean izan gara, eta LABek argi adierazi nahi du 30 urteren ondoren, Hezkuntza Saila ez duela lan osasunaren eta prebentzioaren araudia betetzen. Horrek ondorio oso larriak dakarzkigu langileoi egunero. Horren adibide da arrisku psikosozialen gorakada eta, bereziki, azken urtean gertaturiko langileon aurkako erasoen igoera.

> Arrisku psikosozialen ebaluazioa

Iazko ikasturtean egin zen Arrisku psikosozialen lehen ebaluaketan, langileen %22ak parte hartu zuen soilik galdetegian. Are gehiago, 254 langilek bakarrik parte hartu zuten fase presentzialean. Parte hartze baxuaren arrazoiak eta azterketan jasotzen diren emaitzak LABen ustez bat datoz, arazo estruktural baten aurrean gaude. Izan ere, txostenean langileek funtzio publikoarekin konpromiso handia dutela dute, era berean, identifikazio handia dute lanaren helburu sozialarekin. Aldiz, administrazioak ez du maila berean erantzuten.

LABen ustez oso larriak diren ondorioak azaleratu dira azterketa honen bidez: lan karga altua estrukturala dela; lan denboraren zati handi bat eskakizun burokratikoak betetzera bideratzen dela; zereginen aldaketak kontsulta gabe eta inpaktua baloratu gabe datozela; erantzukizunak zabaltzeko joera orokorra dagoela; eta gabeziak daudela gainbegiratzeko eta osasuna zaintzeko sistemetan, beste askoren artean.

Beraz, Ebaluazioaren emaitzetan oinarritutako neurri prebentiboak langileen ordezkariak diren sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen dio LABek Sailari, sinatutako akordio arautzaileetan jasotzen den bezala, hau da, bilerako edukiak mahai negoziatzailera eramatea exijitzen dugu.

Era berean, azpimarratu beharra dago indarrean dagoen Lan Hitzarmena ez betetzeak eta azken hilabeteetako atzerapausoek ez dutela egoera hobetzen laguntzen.

> Osasunaren bigilantzia

Lan osasunari lotutako beste alderdi garrantzitsu bat osasun azterketena da. Egoerari irtenbiderik ezin emanda dabil Hezkuntza Saila, Araban zein Gipuzkoan gehienbat, gainera esan berri digute ikasturte honetan bi medikuk erretiroa hartuko dutela. Urteak aurrera doaz eta arazoak konponbiderik gabe jarraitzen du, administrazioa ez da betebehar honi erantzuteko gai.

Bitartean, oraindik ere gaixotasun psikologikoak laneko gaitzen zerrenda ofizialean onartuta ez daudenez, Mutualitateek badute aukera lanak eragindako kalteak ez onartzeko eta ezkutatzeko. Beraz, aitzakia hori baliatuaz, baja arrunt gisa sailkatzen dituzte. Bitartean, erakundeek absentismoaz hitz egiten jarraitzen dute. Langileon osasuna kolokan jartzen duen sistema baten aurrean gaude.

Zentzu horretan, prebentzioaren ardura ez da betetzen, eta kontrola gero eta gehiago uzten ari dira esku pribatuetan. Izan ere, Espainiako Gobernuak mutuei eskumen gehiago eman dizkie, eta Jaurlaritza neurri hori garatzen ari da. Etekin ekonomikoak lehenetsiz langileon osasunaren gainetik.

> Erasoen protokoloak

Azken hilabeteetan ugaritu egin dira langileen kontrako erasoak, eta ondorioz, horiei aurre egiteko protokoloak eguneratu eta hobetzeak berebiziko garrantzia dauka.

Hasteko, indarrean dagoen erasoen protokoloa ez da eraginkorra, soilik Ertzaintzarengana jo eta egoera salatzea jasotzen du. Urtebete baino gehiago daramagu protokolo berri baten zain.

Ez da nahikoa erasoak gertatu direnean kudeatzea; aurrez adierazi bezala, erasoak ez gertatzeko prebentzio neurriak behar ditugu. Eta horretarako, baliabideak, formakuntza espezifikoa eta administrazioaren inplikazioa ezinbestekoak dira.

Jaurlaritzak langileei egozten die baja kopurua, euren errua balitz bezala. Baina, administrazioaren prebentzio faltak eta legedia ez betetzeak gaixotzen ditu langileak. Estresa, antsietatea, depresioa… ez dira “absentismoa”. Horiek, errekonozituak ez badira ere, lanak eragindako gaixotasunak dira. Eta hori publikoki aitortu egin behar da. Arrisku psikosozialen kudeaketa ezak gaixotasunak, eta kasu larrietan heriotzak ere eragin baititzake.

> Langileen osasuna babesteko premiazko neurriak

Egoera hau iraultzeko momentua da, langileon osasunari lehentasuna ematea ezinbestekoa da Hezkuntza Publikoaren kalitatea hobetzeko. Urteetako utzikeria albo batera utzi eta prebentzio neurri eraginkorrak ezinbestekoak dira. Ondorengoak dira LABen iritziz urgentziaz eman beharreko urratsak:

  • Langileen errekonozimendu medikoa pasatzeko medikuak kontratatu.
  • Lanpostuetako eta lan-eremuetako arriskuen deskribapena eta ebaluazioak egin eta beharrezko teknikariak inkorporatu.
  • Protokoloen eguneratzea, neurri eraginkorrak jarriz eta denborak laburtuz.
  • Langileak dituzten lan arriskuen inguruan formatu.
  • Ikastetxeetako prebentzio delegatuei behar bezalako formakuntza eta baliabideak eman.

Era berean, LABek lanean jarraituko du Administrazioak langileon lan osasuneko araudia bete dezan. Zentzu horretan, LABentzat ezinbestekoa da prebentzio neurriak, baliabideak, protokolo eraginkorrak edota formakuntza espezifikoak ezartzea administrazioak.

2026-11-02_INFO-Segurtasun-eta-Osasun-Batzordea_EUS