Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketa zein Bigarren Hezkuntzaren euskalduntzean erakutsi duen utzikeriaren aurrean, LAB sindikatuak azken urteetan lan eskerga egin du hezkuntza sistema euskalduntzeko. Ikasturte honetan, martxotik langile zein zuzendariekin batera abiatutako dinamikari esker urrats garrantzitsua eman da.
LABek salatzen du Hezkuntza Sailak 1. hizkuntza eskakizuna duten plazak betikotzen jarraitzen duela eta, aldi berean, ez duela konpromiso errealik hartzen Bigarren Hezkuntza zein Lanbide Heziketa euskalduntzeko. Izan ere, hezkuntza sistemaren euskalduntzean aurrera egiteko ezinbestekoa da lanpostuek hizkuntza eskakizuna izatea.
Horregatik, LABek dinamika propioa garatu du Bigarren Hezkuntzako zein Lanbide Heziketako ikastetxeetako lanpostu zerrendak (LPZ) prestatzerakoan, urte osoko ordezko lanpostuek 2. hizkuntza eskakizuna izan dezaten.
Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak publikatu berri duen ikasturte hasierako esleipenaren (IKHA) behin betiko zerrendan hobekuntza nabarmenak ikusten ditu LABek, 2. hizkuntza eskakizuneko lanpostuen kopuruari dagokionez.
Izan ere, 2025-2026 ikasturteko behin betiko IKHAn 4695 lanpostu perfilatu ziren 2. hizkuntza eskakizunarekin; datorren ikasturterako, berriz, kopurua 5815ra igo da, hau da, 1120 lanpostu gehiago.
> Behin betiko IKHA-tik hartutako datuak (Bigarren Hezkuntza, Nagusientzako Hezkuntza, Lanbide Heziketa)

Era berean, LABek abiatutako dinamikari eta langileekin nahiz zuzendaritzekin egindako lanari esker, 1. hizkuntza eskakizuneko urte osoko lanpostuen kopurua nabarmen murriztu da. 2025-2026 ikasturteko behin betiko IKHAn 684 lanpostu ziren 1. hizkuntza eskakizunekoak; datorren ikasturterako, aldiz, 353 izango dira. Horrek esan nahi du lanpostu horien kopurua ia erdira jaitsi dela.
Hala ere, LABek datu kezkagarriak atzeman ditu zenbait ikastetxetan. Zehazki, honako hauetan 1. hizkuntza eskakizuneko lanpostuen presentzia handiegia izaten jarraitzen du: Elorrieta Errekamari LHII, Txurdinaga LHII, Repelega LHII, Bermeoko Nautika Eskola Francisco de Vitoria BHI, Martin de Bertendona BHI, Laudioalde Lanbide Eskola, Saturnino de la Peña BHI eta Blas de Lezo LHII.
Lanpostuak euskaldundu! LPZn 2. hizkuntza eskakizuna!
INFO-2026-07-10


