EAEko Irakasleak: Plangintza Batzorde Teknikora fusioen eta Entzumen eta Hizkuntzako Irakasleen inguruko proposamen zehatzak eraman ditu LABek

160

Gaur, apirilak 21, Plangintza Batzorde Teknikoa egin da Lakuan, bi gai nagusirekin: integrazio prozesuak eta Entzumen eta Hizkuntza Irakasleen plangintza eta zentroko atxikipena. Bileraren aurretik, proposamenak helarazi dizkio LABek Hezkuntza Sailari.

> ENTZUMEN ETA HIZKUNTZA IRAKASLEAK (EHI)

Maiatzean sinatutako lan hitzarmenak hainbat lorpen jasotzen ditu kolektibo honentzat, horien artean ikastetxeetan EH irakasle gehiago egotea eta 2025-26 ikasturtean zehar “profesional horien esku-hartze espezifikoa” diseinatzea. Gaur, LAB sindikatuak eskatuta, Plangintza Batzorde Teknikoan gai hori landu da.

Sailak honakoak adierazi du:

  • Maiatza erdirako izango dituztela EH Irakasleen inguruko datuak edo aurreikuspenak.
  • Langile horiek aurten ikasturte hasierako esleipenetan eskaintzen diren zentroen artean aukeratu beharko dutela, eta datorren urteko lekualdatze lehiaketan parte hartu beharko dutela behin betiko destinoa lortzeko.
  • Akordioan jasotako EHI kopuru egonkorraz gain, zerrendetan dauden ikasleak artatzeko ikastetxeetan EHI gehigarriak ezarriko direla.
  • Plantilak esleitzeko irizpideen akordioan talde kopuruak aipatzen direnean, EH irakasleen esku-hartzea gauzatzen den HH eta LHko 1. eta 2. mailetako talde kopuruak izango dituztela oinarri.
  • Egoera berriak hizkuntza eta komunikazioaren zailtasunen prebentzioan Haur Hezkuntzako talde osoarekin lan egitea suposatuko duela, eta behar berezia duten ikasleekin bestelako esku-hartze bat sustatuko dela.
  • Datorren ikasturteko planifikazioari dagokionez, langileekin materialgintza eta esku-hartzearen diseinua garatzen ari direla, eta zirriborro bat sortu dutela Berritzeguneetan.
  • Trantsizio aldi bat zabalduko dela eta datorren ikasturtea berezia izango dela.
  • Itunpeko ikastetxeetara doazen EH irakasleak soilik eskola horietara joango direla, eta Lurralde Ordezkaritzetara lotuta egongo direla. Lantokiak ikasturte hasierako eskaintzan zehaztuko dira Bizilab-en adierazitako Berritzeguneetan.

LAB sindikatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bilera irekiak burutu zituen urtarrilean zehar EH irakasleekin. Hiru herrialdetako langileengandik jasotako ekarpenekin, ikasleei arreta emateko hezkuntza-erantzuna hobetzen lagunduko duten neurriak zehaztu nahi izan ditu LAB sindikatuak.

Gaur, araudi espezifiko baten beharra azpimarratu du LABek, eta erabakiak langileekin batera hartu behar direla. Beste behin ere, informazioa berandu, zehaztasun handirik gabe eta zalantza askorekin iritsi dela salatu dugu. Era berean, egongo den dotazio gehigarriaren inguruko informazioa eta irizpideak helarazteko exijitu dugu. Halaber, ibiltaritzaren baldintzak negoziatzea ere eskatu du LABek.

Bestalde, plantilak esleitzeko irizpideei dagokienez, taldeak zenbatzerakoan Sailak alde bakarrez hartutako irizpidearekin ez gatoz bat, eta desadostasuna adierazi du LABek.

Azkenik, mahaiaren amaieran, Hezkuntza Sailari aurrez bidalitako proposamena helarazi diogu, EH irakasleen ekarpenetatik abiatuta.

Dokumentu horren hausnarketa orokorrak ondorengoak dira:

  • EH irakasleen lan baldintzak arautu behar dira, akordio berrira egokituta.
  • Araudi eguneratu baten beharra dago, eguneroko jarduna zehaztu eta irizpide amankomunak ezarriko dituena. Berau, EHI langileekin elkarlanean egin behar da eta ez aldebakarrez.
  • Prebentzioa eta arreta sustatu behar dira era orekatu batean: ikasleen eskubideak eta langileenak zainduz eta orekatuz.
  • Baliabideak modu orekatuan eskaini ahal izateko plangintza erreal eta zehatzak behar dira.
  • Formakuntza espezifikoa sustatu behar da.
  • Baliabideen galerarik ezin da onartu.

> FUSIOAK ETA INTEGRAZIO PROZESUAK

Atzo adierazi bezala, gaur ere fusionatuko diren eskola publikoetarako eskatzen ditugun baliabideen dokumentua mahaira eraman du LABek. Zentzu horretan, D ereduko ikaspostu publikoak murriztea Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren kontrako norabidean doala ere salatu du LABek, eta ikaspostu galerarik badago, D eredukoak ez diren itunpekoei eragin behar diela.

Bukatzeko, orain arte bezala, lanean jarraituko dugu LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin eta langileekin batera.

INFO-2026-04-21