EAEko Irakasleak: Biharko fusioen inguruko bilerara proposamen zehatza eramango du LABek

89

Fusioen prozesuetarako baldintzak adostu eta fusionatutako ikastetxeei baliabide gehiago emateko proposamen zehatza bidali dio LABek Hezkuntza Sailari.

Bihar, Irakasle Funtzionarioen Plangintzako Batzorde Teknikoaren bilera izango da Lakuan, integrazio prozesuak gai nagusia izango delarik.

Sailak azken ikasturte hauetan martxan jarrita dituen Eskola Publiko batzuen fusionatzeko planteamenduen aurrean, eskola publikoa ardatz, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa helburu izanik, LABek gai hori zuzenean sindikatuokin lantzeko eskaera egin zuen; hori dela eta, Hezkuntza sailak aipatutako bilera deitzea lortu genuen.

Lehenik, hurrengoa adierazi nahi du LABek:

  • Eskola publikoen fusioa ezin da inolaz erabili eskola publikoak duen perimetroa murrizteko, eskola publikoak ixteko, eta ondorioz, D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko.
  • Eskola maparen bestelako antolaketa bat beharrezkoa da, non ikaspostuen galerak D eredukoak ez diren itunpekoen ikaspostuei eragingo dien.
  • Fusioak era egokian gertatzeko, bi aurre-baldintza gertatu behar dira LABen ustez: batetik, eskola bateko zein besteko hezkuntza komunitateek adostasuna izatea prozesuarekiko zein hezkuntza proiektuarekiko; bestetik, langileen kaleratzerik edota amortizaziorik ez egotea, hau da langile kolektibo guztien egoera sindikatuokin negoziatu eta adostu behar da, bai Hezkuntza Saileko kolektibo ezberdinetako kideena (irakasleak, sukalde eta garbiketako langileak eta heziketa bereziko hezitzaileak), bai, aurrekoez gain, fusionatu nahi diren eskoletan azpikontrataturiko kolektibitateetako langileak, azpikontrataturiko garbitzaileak eta kasu batzuetan udaleko langile zuzenak (atezainak) edota Jaurlaritzakoak (administrariak).

Denen egoera da negoziatu eta adostu beharrekoa, eta horren defentsa sutsua egingo du LABek.

Bigarrenik, aipatutako prozesu horiek martxan jarri zirenetik etengabeko lanketan aritu da LAB inplikatutako ikastetxetako afiliatuekin, jarraipen zuzena eta lanketa propioa eginez.

Bilera horietako ondorio nagusietako bat Hezkuntza Sailak baliabide gehigarriak jarri behar dituela izan da. Horregatik guztiagatik, LABetik fusionatu diren eskola publikoetarako beharrezkoak ikusten ditugun baliabideen proposamena helarazi diogu Hezkuntza Sailari, eta hala eskatuko dugu biharko bileran ere.

Honakoak dira fusionatu diren eskola publikoetarako eskatzen ditugun baliabideak:

> Giza baliabideak

  • Atal honetan aipatzen diren baliabideak fusio prozesua amaitu bitartean mantentzea eskatzen dugu, honela ulertuta: fusioa osorik amaituko da eskola desberdinetan bere eskolatzea hasi duen azken taldeak eskola fusionatuan ibilbidea amaitzen duenean.
  • Fusionatutako eskoletan 3 jardunaldi mantentzea fusioaren prozesu osoak irauten duen bitartean.
  • Zuzendaritza taldeetarako baliabide gehigarriak mantentzea: 6 pertsona zuzendaritzetan, karguekin eta hortik eratorritako osagarriekin.
  • Fusionatzen diren ikastetxeetan bizikidetzari arreta berezitua jarri beharko zaio; horretarako BEAtar gehigarria eta Ongizate eta Babeserako Koordinatzaile gehigarria beharko dira.
  • EUSLE indartzeko baliabide gehigarriak txertatzea, izan ere, dagoeneko EUSLE programak dituzten ikastetxeak dira.
  • Hizkuntza Indartzeko Proiektuetarako Irakasleak. Fusioetan arreta berezia eta gehigarria jarri behar zaio euskararen irakaskuntzari.
  • Aholkularitza lanposturik ez galtzea.
  • Fusionatu ostean egongo den jangela bakoitzean arduraduna egotea.
  • Prozesua egoki burutu dadin eta hezkuntza proiektu sendoak eraikitzeko klaustro egonkorragoak behar dira. Hortaz, salbuespen gisa eta fusioari loturiko proiektu bati lotuta, zerbitzu-eginkizunen bitartez irakasleak egonkortzea proposatzen dugu.
  • Zerbitzu-eginkizun horietara proiektua aurkeztuz karrerako funtzionarioez gain ikasturte osoko lanpostua duten bitarteko funtzionarioak ere aurkeztuko aukera izan dezatela proposatzen dugu.

> Azpiegiturak

  • Azpiegituretarako finantzazio handiagoa izatea, aurrekontu partida propioarekin.
  • Hezkuntza Sailak 40.000€ ematen ari dizkio (kasuren batean gutxiago ere) obra txikietarako ikastetxe bakoitzari. Laguntza hori oso urria da, eta Sailak hezkuntza komunitate horietan adierazitako bestelako obrak asmoetan geratu dira. LABek apustu sendoa eskatzen du azpiegituretarako, berehalakoa izango dena, obra handiagoak egin eta hobeak diren eta puntakoak izango diren eskola publikoak izateko.

> Hezkuntza Proiektua

  • Hezkuntza proiektu berriak izateko beharrezkoak diren bidelaguntzak. Hezkuntza Sailetik prozesua bideratzen lagunduko duten figurak egotea, hezkuntza proiektu berriak erabakitzerakoan sortu daitezkeen ikuspegi desberdinen aurrean erabakiak hartzeko prozesuak egiteko eta benetan euskalduntzen duen eta inklusiboa den eskola publiko bat erdigunean jartzeko.
  • Hezkuntza komunitatean hezkuntza proiektu berriarekiko adostasuna lortzeko prozesu parte-hartzaileak bideratzea eta lantzea.
  • Fusioen bitartez sortuko diren proiektu berrietan in situ sukaldea jartzea, Sailaren menpeko diren sukaldariekin.
  • IPI ikastetxeak (Ikastetxe Publiko Integrala)sortzeko aukera ez genuke baztertuko, betiere fusioaren ondorioz D ereduko ikaspostu publikoak galtzea ez badakar eta eskola publiko hobea sortzeko helburua badu.
  • Bukatzeko, orain arte bezala lanean jarraituko dugu LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin eta langileekin batera.
INFO-2026-04-20-2