Mobilizazioa egin dute LABeko Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako LABen ordezkariek Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean, salatzeko Hezkuntza Saila ez dela ari LABekin sinatutako akordio laborala betetzen.

Izan ere, 2023ko ekainaren 1ean, Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak HEZKUNTZA LEGEA GARATZEKO LANGILEEN LAN-BALDINTZAK HOBETZEKO SINDIKATUEN ETA HEZKUNTZA SAILAREN ARTEKO AKORDIOA deitutakoa sinatu zuten. Akordio horrek sare guztietako langileei eragiten die. Ikastoletako langileoi, hain zuzen, bi eremutan:
1. Soldaten eremuan, 2027rako ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko langileen soldatekin parekatuko zirela hitzartu zuten. Horretarako, 2027 urtera arte, urtez urte, soldata altxaketa batzuk ezarri ziren.
2. Lan baldintzen eremuan, ikastoletako langileon lan baldintzak sare publikoko langileenekin homologatzeko azterketa bat abian jarriko zela adostu zuten. Era berean, azterketa hori bi urtetan egingo zela aurreikusi zuten.
Bestalde, akordio laboralean bertan jaso zen adostutakoak gauzatzeko modua: hezkuntza azpi-sektore bakoitzak bere negoziazio mahaian negoziatu beharko zuen akordioaren nondik-norakoak gauzatzeko modua. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, gauzaketa hori egin ahal izateko finantzazioa bermatu behar zuen.
Ikastoletako azpisektoreak fin bete zuen mandatua: 2024ko urtarrilean, akordio laboralak jasotzen zituen eremuak egikaritzeko hitzarmena sinatu zuten Ikastolen-Elkartea-Partaidek, EIB Eusko Ikastolen Batzak eta LAB sindikatuak. Horrek guztiak isla izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako lan hitzarmenaren negoziazioan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolen negoziazio mahaian akordio laboralean sinatutakoaren sintonian ari da lanean LAB; Hezkuntza Sailak, aldiz, bere erantzukizuna saihestuz, ez du neurri horiek martxan jarri ahal izateko hitzeman zuen finantzazioa jarri mahai gainean.
Gaur egun, Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio adostasunak bete daitezen duen erantzukizunari. Horregatik esaten dugu ez dela akordio laboralean sinatu zuena betetzen ari.
– Soldaten parekatzearen eremuan, 2024ean, ikastoletako langile guztiek urte horri zegokion soldata altxaketa jaso zuten. 2025eko urtarriletik aurrera, baina, irakasle kategorietan dauden langileei soilik aplikatzen ari zaie urte horri dagokion altxaketa, Hezkuntza Sailak ez duelako gainerako langile kategorietako soldata altxaketak gauzatzeko behar den finantzazioa bermatu. Gainera, ez zaio zantzurik ikusten falta diren langileen altxaketak aplikatzeko asmorik duenik.
– Lan baldintzen homologazioaren atalean, berriz, dagoeneko gainditu da ezarri zen bi urteko epea, eta Hezkuntza Saila ez da hasi ere egin azterketa hori egin ahal izateko inongo plangintzarik egiten.
Ez betetzearen ondorioak
Horregatik, salatu nahi dugu Hezkuntza Sailarekin LABek sinatu zuen akordio laborala, ikastolei dagokienean, blokeatua dagoela, eta Hezkuntza Sailak akordioan dagokion partea ez betetzeak ondorio zuzenak dituela ikastoletako eguneroko lanean eta funtzionamenduan; ondorio kaltegarriak lehendik onak ez ziren lan baldintzetan.
Ikastoletan lan egiten duten langile guztiak daude ikastoletako lan hitzarmenaren pean: hezitzaileak, administrariak, sukaldariak, jangeletako langileak, garbitzaileak, mantenuko langileak, autobus zerbitzuetako langileak, irakasleak eta gainerakoak. Araban, 585 langile; Bizkaian, 2.329; eta Gipuzkoan 2.835. Orotara, 5.749 langilek lan egiten dute ikastoletan.
Ez da onargarria bi urte pasatzen uztea ezer egin gabe; ez da onargarria, sinatutakoari dagokion erantzukizunez ez heltzeagatik, langileen lan-baldintzak ez hobetzea, dagokien bezala; ez da onargarria, eta LABek ez du onartuko.
Hezkuntza Sailak dagokiona bete arte borrokan jarraituko du LABek, eta irmo exijitzen dio sailari sinatu zuen akordio laboralean agindu zuena eta jasota dagoena bete dezan.
Horrekin batera, LABek dei egin die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei eurekin batera ahotsa altxa eta Hezkuntza Sailari eman zuen hitza bete dezan exijitzeko. LAB negoziatzeko prest dago, baina Hezkuntza Sailak negoziazioa gauzatu dadin hitzartu zituen bitartekoak jarri behar ditu, hartu zituen konpromisoak bete behar ditu.
Bide batez, langileei borrokatzeko deia luzatzearekin batera, Ikastolen Elkartea-Partaideri eta EIBri ere eskaria luzatu nahi die LABek. Jakin badaki, beren aldetik, parekatzearen eta homologazioaren gainean sailak LABekin sinatutako akordioaren antzeko testua adostua zutela haiek ere. Horregatik, ikastolak ere interpelatu nahi ditu LABek exijentzia bera izan dezaten haiek ere Hezkuntza Sailarekin; hau da, Hezkuntza Sailari adostutako konpromisoak bete ditzala eska diezaien.
ยท Argazki galeria: