EAEko Irakaskuntza Publikoa: LABek salatu du Hezkuntza Sailak ikastetxeetako jarduna baldintzatzen duela langile eta baliabide faltagatik

103

Ikasturtea hasi zenetik ia bi hilabete igaro direnean, LAB sindikatuak salatu nahi du Hezkuntza Sailak ikastetxeetako jarduna guztiz baldintzatu duela. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat ikastetxe publikotan sukaldariak, garbitzaileak, IKTetako langileak, hezitzaileak eta irakasleak falta dira. Horrek langileen eskubideak urratzeaz gain lan-zama izugarri handitu du eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea okertzea ekarri du.

Arabako ikastetxe publikoei dagokienez; Artziniegako Arteko Gure Ama ikastetxean matrikulazio bizia dela-eta Hezkuntza Bereziko bi ikasle berri hasi dira eskolan. Ikasle horiek hezkuntza-premia bereziak dituzte, eta eskaera egin den arren oraindik ez dituzte dagozkien Hezkuntza Bereziko baliabideak jaso; Gasteizko San Martin ikastetxean, Konplexutasun Indize altuko ikastetxea izanik, ratioak behar bezala aplikatu izan balira Haur Hezkuntzan hiru gela gehiago ireki beharko zituzketen, eta bigarren lerroa HH3, HH4 eta HH5 mailetan. Hala ere, Hezkuntza Sailak HH3n soilik ireki du bigarren lerroa.

Bizkaian; Busturiako Jose Maria Urzelai eskolan talde berri bat sortu da matrikulazio biziaren ondorioz. Hala ere oraindik ez dituzte beharrezko baliabideak esleitu: ez tutorea, ezta espezialistei dagozkien ordu gehigarriak ere. Era berean, Bakioko Urkitza Eskola HLHIn irakasle baten lanaldiaren herena falta dute. Bestalde, Zierbenako El Casal HLHIn, Ondarroako Zaldupe HLHIn, Zumarragako Gain Zubi HLHIn eta Lemoako Juan B. Eguzkitza Meabe IPI ikastetxeetan, sukaldeetako beharrei erantzuteko behar adina baliabide ez dira oraindik iritsi.

Gipuzkoan; Aiako Lardizabal Herri Eskolan bi ikasle berri matrikulatu direnez HIPIko orduen erdia (lanaldiaren % 50a) dagokie, oraindik noiz jasoko zain daude; Oreretako Bizarain Ikastola HLHIn berriz, irailaren hasieran talde berri bat sortu zen Haur Hezkuntzako 2 urteko gelan (HH2), hilabete eta erdi igaro den arren ikas-talde horretako ikasleek oraindik ez dute tutorerik.

Bestalde, aste honetan bertan Hezkuntza Sailak ordezko langileak lan egiteko aukerarik gabe utzi ditu. Horrek batetik ikastetxeetako langileen lan-zama handitzen du bete gabe geratzen diren lanpostuen ondorioz, eta ikastetxeetako eguneroko jarduna erabat baldintzatzen du. LABen ustez administrazio-prozesuak bideratzeko aplikazio eta baliabide tekniko egokiak ezinbestekoak dira, baita horretarako behar adina langile jartzea ere. Administrazio-prozesuen plangintza falta egiturazko arazo bihurtu da, eta horrek ondorio larriak ditu bai langileengan, bai ikasleengan.

Egoera horiek guztiak konpontzeko gaitasun eza behin eta berriz agerian uzten ari da bere burua herri honen kudeatzailetzat duen EAJ.

LABek honako neurri hauek hartzea exijitzen dio Hezkuntza Sailari:

Irakasleei dagokienez:

  • HIPI eta EUSLE irakasleak esleitzea, euskara gaitasun baxuena duten ikasleei hizkuntza ikasteko laguntza handiagoa emateko.
  • Ikastalde berri bat sortzeak dakartzan baliabideak esleitzea, ko-tutoretzaren bidez esleitutako baliabideez gain.
  • Konplexutasun Indize altua edo oso altua duten ikastetxeetako ikasleen ratioak akordioan jasotakoaren arabera aplikatzea.
  • Lehen Hezkuntzan 22 ikasleko ratioak ezartzea, akordioan jasotakoa garatuz.
  • Ordu-murrizketen ondorioz ikastetxeei dagozkien ordu-konpentsazioak esleitzea.
  • Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan zuzeneko irakastorduak gehienez 17ra mugatzea.
  • Irakurketa diagnostikoa egiteko giza-baliabide gehigarriak esleitzea.

Sukaldeko langileei dagokienez:

  • Sukaldeetako beharren azterketa aurreratzea eta beharrezko baliabideak lehen egunetik esleitzea.
  • Akordioan jasotakoa betetzea eta sukaldeetako lanpostu egiturazkoak ikasturteko lehen egunetik hornitzea.

Garbiketako langileei dagokienez:

  • Azpiegituren azterketa lehenbailehen egitea eta akordioan jasotako metro-karratuen jaitsiera aplikatzea, horretarako beharrezko kontratazioak eginez.

IKTetako langileei dagokienez:

  • Langileak adostutako ratioen arabera esleitzea.

Hezkuntza Bereziari dagokionez:

  • Ikasle iritsi berrientzako baliabideak berehala esleitzea.
  • Egiturazko beharrak kontuan hartzea eta errealitateari behar bezala erantzuteko plantillak esleitzeko irizpideak adostea, eginkizunak, ratioak eta laguntzen intentsitatea aztertuz.

LABek ikastetxeetan lanean jarraituko du, langileen antolakuntza indartuz eta behar denean mobilizazioak bultzatuz Hezkuntza Sailak akordioak garatu eta bete ditzan, eta beharrezkoak diren negoziazio berriei ekin diezaien.

Horretarako, LABek langileen eta ikastetxeetako zuzendaritzen ondoan jarraituko du lanean, haien aldarrikapenei babesa emanez, mobilizazioak sustatuz eta indarrak batuz Hezkuntza Sailarengan presioa biderkatzeko.

> Argazki galeria:

> Prentsa oharra:

2026-10-22_Prentsa-oharra