EAEko Hezkuntzan azpikontratatutako garbiketako langileak greban

493

(EAE, Hezkuntza, EHU)

Bi eguneko greba deialdia egin dugu LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek azaroaren 19 eta 25erako EHUk eta EAEko Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileen kolektiboan “Funtsezkoak bagara, zergatik gutxiesten gaituzte?” lemapean.
Egoerak ez du hobera egin Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuentzat. Izan ere, ikasturte hasieratik bi hilabete igaro ondoren, Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuek egoera kritikoan jarraitzen dute:

  • Norberaren Babeserako Ekipamendurik gabe jarraitzen dute lan-zentroetan; esaterako Covid gelak musuko kirurgikoekin desinfektatzen dituzte.
  • Bajak kubritu gabe jarraitzen dute, eta lizitazioetan jasotzen diren langile kopuruen azpitik daude. Bost langile egon beharko liratekeen zentroetan hiru daude, eta azkenean ordezko bat kontratatzen denean kontratu partzialak egiten dizkiote lanaldi osoak betetzeko.
  • Greba egunak izan dira lanpostu guztiak bete diren bakarrak, egunerokoan enpresek ez dituzte zerbitzu minimoak ere betetzen.
  • Garbitzaileen lan zama arintzetik urrun, handitu egin da.
  • Garbiketa zerbitzu gehigarriak: %100eko jardunaldian betetzen ari ziren langileei astelehen honetan lanaldi murrizketak egin dizkiete -kasu batzuetan %50ekoak-, Hezkuntza Sailak azpikontrataturiko enpresa pribatu horiei zerbitzua murrizteko aginduta. Funtsezkoak badira garbiketa eta desinfekzio lanak, zergatik bat-batean murriztu. Dirurik ez dagoela argudiatzen dute.


Preziorik merkeenari lehentasuna ematean oinarritutako azpikontratazio-politikaren, eta enpresen iruzurrezko jardunbideak gutxi kontrolatzearen ondorioz, garbitzaileen lan-karga handitu egiten da, eta enpresa pribatuak bidegabe aberasten dira diru publikoaren desbideraketari esker.

Jaurlaritzak iragarri zuen partida ekonomiko indartua egongo zela garbiketarako. Baina, egia esan, errefortzu hori ez da iritsi. Aitzitik, enpresa pribatuak ordutegi-aldaketak egiten ari dira, astelehenetik lanaldiak murrizten, eta garbitzaileei lan-karga handitzen ari zaizkie.
Galdera oso erraza da: non dago garbitasunaren errefortzurako diru publiko hori? Gaur egun egoera oso larria izanik, Hezkuntza Sailburuak oraindik ez die bilerarik eman. Guk argi daukagu, haiek dira egoera honen azken erantzuleak, eta beste behin azpikontratuak izateagatik gutxietsi egiten dituzte langile hauek, gehienak emakumeak.
Lan segurtasunarekin eta higienearekin kezkatuta dauden berberek beste alde batera begiratzen dute garbitzaileek minimoetan daudela, kutsatzeak beranduegi jakinarazten direla, Norbera Babesteko Ekipamenduak ez direla iristen eta bajak ez direla betetzen salatzen dutenean. Ikastetxeetan osasuna eta higienea bermatu ahal izateko gutxieneko zerbitzuen % 100a ezinbesteko lurzorua bada, zer gertatzen da gainerako egun guztietan, gure ikastetxeetako garbitzaile azpikontratatuak % 90ean edo % 80an daudela?
Funtsezkoak badira, zergatik gutxiesten dituzte?
Urteak daramatzate ikastetxeetako garbitzaileen egoera salatzen, mobilizazio, lanuzte eta grebekin. Baina gaur gaurkoz egoerak onera egin beharrean, pandemiarekin larriagotu besterik ez da egin.
LABetik irmoki iragartzen dugu mobilizatzen jarraituko dugula, eta azaroaren 19an eta 25ean garbitzaile azpikontratatuen kolektiboan bi greba egun egingo ditugula Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, minimoetan gaudela salatzeko. Horregatik, ikastetxeetako eta EHUko gainerako langileei, gure lankide diren garbitzaileen borrokarekin bat egitera eta mobilizatzera animatzen zaituztegu; garbitzaileek merezi duten errespetu eta duintasuna lortzeko bide bakarra baita. Halaber, tokian tokiko murrizketei aurre egiteko salaketak egitera animatzen zaituztegu.
AZPIKONTRATATURIKO LANGILEEN LAN BALDINTZAK DEFENDA DITZAGUN!