Hezkuntza publikoan euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu

179

Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez!

Azken urteetan Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko zein lantokietan euskaraz lan egin ahal izateko eskubideen kontrako oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu. Eraso horien aurrean LAB beste sindikatu eta euskalgintzako eragileekin mobilizatzen aritu da, eta erasoei erantzuten jarraituko du. Era berean, baina, euskararentzat plangintzak adostea, baliabideak eta berme juridikoak lortzeko ofentsibara pasatzeko garaia dela uste dugu, eta ELArekin batera jauzi hori ematea erabaki dugu.

Eremu bakoitzeko egoera eta interpelazioak kontuan edukita, ikasturte osoan Hego Euskal Herrian mobilizazioak egingo ditugu dinamikaren barruan, EAErako eta Nafarroarako deialdi berezituekin. Zerbitzu publiko guztietako langileak aktibatuko ditugu, eta borroka lantoki guztietara eramango dugu, azpikontratatutako eremuetara barne.

Hezkuntza publikoan ere hori egitera goaz, izan ere, gaur gaurkoz Lanbide Heziketako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostu askok, bereziki, ez daukate hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datarik, zerbitzuetako langileak euskalduntzeko plan eraginkorra behar dugu eta ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea bermatua izan dezaten euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak gainditu behar dira.

Aipatu bezala, Lanbide Heziketako egoera larria da euskarari dagokionez. Batetik, euskalduntzen ez duten ereduen bitartez eskaintzen diren ziklo guztietatik %60a bakarrik da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan,zer esanik ez Oinarrizko Lanbide Heziketan non D eredua anekdotikoa den (matrikulen %18,5).

Bestetik, 2.hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datarik gabeko lanpostuak hurrengoak dira: Lanbide Heziketan 1. hizkuntza eskakizunarekin 1.305 lanpostu (2.hizkuntza eskakizuna dutenak 2.696 dira); eta Bigarren Hezkuntza eta irakaskuntza integratuetan berriz, 1. hizkuntza eskakizunarekin 222 lanpostu dago (2. eskakizuna dutenak, berriz, 6.804 dira).

Eta bukatzeko, bigarren hizkuntza eskakizuna duten langileekiko egoera diskriminatzaileak iraunarazten ditu Sailak: ikasketak euskaraz eta D ereduan eskaini arren gaztelaniaz irakastera bultzatzen dituzte irakasleak; edota lekualdatze lehiaketan, lanpostu guztiak langile guztiei gardentasunez eta aukera berdintasunean eskaini beharrean 1. hizkuntz eskakizuneko lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen gainerako langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide emanez.

Beraz, lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea exijitzeaz gain, sinatu ditugun Lan Hitzarmenetan jasotako euskara planak garatzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen du LABek langile publiko guztiak euskalduntzeko, baita kolektibo guztietako langileei ikastaroetan parte hartzeko aukera eskaintzea ere, euskara maila mantentzeko zein hau hobetzeko.

Bestalde, euskalduntzen ez duten ereduen eskaintza medio, ikasle askori euskaraz ikasteko eskubidea eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatzen zaiela salatu nahi du LABek.

Izan ere, EAJk, PSEri men eginez, 2023ko abenduaren 21ean onartutako Hezkuntza legearen bitartez hizkuntza ereduak gaindituko zituen euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-eredu orokortua ezartzeari uko egin eta euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak iraunarazi zituen; hainbat ikastetxe publikotan D ereduaz gain, B eta A ereduak eskaintzen jarraitzen delarik. Zehazki, %1a Haur Hezkuntzan, %2,8 Lehen Hezkuntzan, %6,4 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta %57 Lanbide Heziketan.

Egoera hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan okertzen da eta ikasketa mailetan gora egiten den heinean A eta B ereduen eskaintzak ere nabarmen egiten du gora (Batxilergoan %12,9). Beraz, nekez berma daiteke legean jasotzen dena: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean euskaran B2 maila eskuratu behar dutela ikasle guztiek.

Hezkuntza publikoan, gainontzeko zerbitzu publikoetan bezala (osasuna, zaintza, justizia, garraioa, administrazioarekin harremanak…) zerbitzua euskaraz jasotzeko eta bertan euskaraz lan egiteko eskubidea ez dagoela bermatuta agerikoa da.

Beraz, euskarak eta euskalduntzeak beharrezko dituzten berme legalak lortzeko ezinbestekoa izango da mobilizazio soziala eta langileen aktibazioa, eta horretan buru-belarri dihardu LABek. Horregatik, ikasturte honetan, irailaren 18an zein urriaren 2an mobilizazioak burutu zituen LABek, abenduaren 16 eta 17an ELA eta STEILASekin batera mobilizatu zen eta hurrengo asteetan ELA eta STEILASekin batera mobilizatuko da. Gainera, otsailetik ekainera bitartean mobilizazioak areagotuko dituela adierazten du LABek.

Hortaz, LABek euskal langileriari dei egiten dio euskararen alde eta hizkuntza eskubideen alde aktibatzera eta eragitera, baita ikasturte honetan euskararen alde deituko diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera ere. Aldaketa legalak egiteko garaia da. Lege aldaketaren bidez, administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea lortu behar dugu eta horretarako mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa ezinbestekoa da.

Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez!



> EAEko IRAKASKUNTZA PUBLIKOKO IRAKURKETA:

EAE-Euskara_Eskuorria

> NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOKO IRAKURKETA:

Nafarroa_Euskara-eskuorria

> MOBILIZAZIOEN KARTELA:

Euskara_Hezkuntza-EAE