SEPNA, UGT eta LABek itunpeko eta ikastoletako langile guztiekiko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren axolagabekeria salatzen dute

391
[Nafarroa, Itunpeko eskolak, Ikastolak]

Datorren ekainaren 30ean Nafarroako Itunpeko eta Ikastolen akordioaren luzapena amaituko da. Gogoratu behar da Hezkuntza Departamentuak berak, 2019ko irailean, luzatutako akordioa dela. Hala eta guztiz ere, bertan dagoen hainbat puntu oraindik bete gabe dago: 2012ko soldata murrizketen leheneratzea eta funtzionarioen soldata igoera bera onartu bazuen ere, 2020koa oraindik ez du aplikatu, adibidez.

Gure kezka eta haserrea agertu nahi dugu akordioan eta Departamentuarekin izandako bileretan hartutako konpromisoak airean daudelako eta Nafarroako ikasleriaren ia %40z arduratzen den langileria, berriz ere, bigarren mailakotzat hartzen duelako.

Axolagabekeriaren beste erakusleak Itunpeko Akordioaren Jarraipen Batzordearen bilerarik deitu ez izana edota, are larriagoa dena, azken bi hilabete hauetan jasaten ari garen alarma egoera honetan eta Nafarroan hezkuntza osoari dagozkion erabakiak hartzen ari denean, erabaki horiek langileen ordezkariekin ez partekatzea, administraziopeko lankideekin egiten duen moduan. Itunpeko Irakaskuntzako langileen ordezkariak garen heinean, ikasturte honen amaiera eta 2020/21 ikasturtearen hasierari buruz hartzea erabakiak hartu aurretik gure iritzia kontuan hartzea gustatuko litzaiguke.

Akordioaren sinatzaileok garen SEPNA, UGT eta LABek, egoeraren ezohikotasuna aintzat harturik ez dugu orain arte Departamentua presionatu. Baina denbora aurrera doa eta jada Hezkuntzako gai batzuk argitu direnean, bilera eskatu dugun arren, erantzuna oraindik are gehiago itxaron behar dugula izan da. Orduz geroztik astebete baino gehiago pasa da eta berririk ez, argi utziz Nafarroako Itunpeko eta Ikastoletako langileekiko Gimeno jaunak eta bere Departamentuak duen utzikeria eta axolagabekeria.

http://infoadm.org/14-lab/6969-nafarroako-hezkuntza-departamentuak-itunpeko-eta-ikastoletako-langileen-egoeraz-kezkarik-ez