Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak euskaraz egiteko aukera eragotzi nahi du Sakanan

452

Irakasle eta ordezkari sindikalok alatu dugu Lanbide Heziketako euskarazko eskaintza murriztu egin dela, eta Nafarroa osoan soilik goi-mailako 6 ziklo eskaini direla euskaraz, horietatik 4 Iruñean

Irakasle eta sindikatuetako ordezkariok Nafarroako Jauregiaren aurrean salatu genuen atzo Foru Gobernua ezinezkoa egiten ari dela eremu euskalduneko ikastetxeetan Lanbide Heziketako goi-mailako ikasketak egitea, Sakanako bailaran kasu, irakasleen lekualdatze-lehiaketarako egindako plantilla organikoaren aurreikuspenean euskarazko plazen kopurua murriztu egin baita.

Sakana LHIn ikasle euskaldunen ehunekoa %75etik gorakoa denez, ikastetxeko zuzendaritzak duela urte batzuk ikusi zuen euskarazko lanpostu hutsak bete behar zirela, haien beharrak asetzeko. Horregatik eskatu zuten, eremu euskaldunean kokatutako Lanbide Heziketako beste bi ikastetxeetan egin zen bezala, lekualdatze-lehiaketaren bidez sartutako karrerako irakasle funtzionario berriek euskaraz jakitea, ikasle euskaldunei zein ez-euskaldunei arreta eman ahal izateko.

Hala ere, erkidego-mailako lekualdatze-lehiaketarako egungo plantilla organikoaren proposamenean, Antolaketa eta Fabrikazio Mekanikoko Proiektuei dagozkien bi plazak eta Instalazio Elektroteknikoei, Makinen Mekanizazio eta Mantentze-lanei eta Soldadurari dagozkien plazak euskaratik gaztelaniara igaro dira. Azpimarratzekoa da, halaber, Nafarroako presidenteak martxoan iragarri arren ez dagoela behin betiko ez behin-behineko erabakirik Sakanako LHIKren eskaintza Mendi Ertaineko eta Eskaladako zikloetatik kentzeari buruz, aipatutako zikloekin lotutako euskarazko Gorputz Hezkuntzako plaza gutxitzera atera dela, eta horrek zalantzan jartzen ditu adierazpen horiek.

Hori guztia, beste behin ere, planifikazio negargarri baten ondorio izan daiteke (izan ere, plantilla organikoaren proposamena, urte batetik bestera, euskarazko 5 plaza eskaintzetik gaztelaniazko 5 eskaintzera igaro da, aurten okupatutako euskarazko plazetako bat orain murrizteko proposatu delako astungarriarekin), edo eremu euskalduneko ikastetxe batean euskarazko plazak ez emateko beste arrazoi ezezagunen baten ondorio. Edozein kasutan, kaltetuak, beste behin ere, ikasle euskaldunak dira, batez ere Sakanakoak, goi mailako ikasketak euskaraz egiteko aukera galarazten baitzaie, bailarako Lanbide Heziketako ikastetxe batek ere ez baitu goi mailako heziketa ziklorik eskainiko hizkuntza horretan.

Baina eraso berri hau ez da eremu euskaldunera mugatzen. Nafarroako gainerako herrietan euskarazko zikloak ematen diren ikastetxeetan plantilla organikoaren beharra aurreikustea, oro har, irrigarria da. Adibidez, euskarazko Erdi Mailako Zikloren bat ematen den Iruñeko ikastetxeetan (Nekazaritza eta Basozaintzako Ikastetxea, Mariana Sanz Ikastetxea, San Juan-Donibane Ikastetxea eta Bideko Ama Birjina Ikastetxea), ez da euskarazko plantillaren beharrik jasotzen, eta horrek arrisku larrian jartzen du ziklo horien jarraitutasuna, Iruñetik desager baitaitezke edo kanpora joan baitaitezke, Nekazaritza eta Basozaintzako Ikastegiaren berri eman ziguten bezala.

Nafarroako Gobernua Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren euskarazko eskaintza murriztera bultzatzen duten arrazoiak ezagutzeko, instantzia bat aurkeztu dugu Hezkuntza Departamentuan, plantila organikoen aurreikuspenak egiteko erabilitako irizpideak argitzeko eskatuz.

Jatorrizko informazioa: HEMEN