Irakasleak EAE: LALeko plazak suprimitzean puntuazioaren araberako urraketa eman da, eta irakasle horiek behin betiko destinorik gabe geratu dira

315

Lekualdatze lehiaketaren (LAL) behin-betiko zerrendak atera zirenean, esleitutako hainbat plaza suprimitu zirela ikusi genuen. Behin-behineko esleipenak atera zirenean ere egoeraren berri eman genion Hezkuntza Sailari, hau da, behin-behinean emandako plaza horiek existitzen ez zirela; behin-betiko esleipenerako, ordea, arazo hori bideratuko zela heralarazi ziguten.

Baina behin-betiko zerrendak atera zirenean, egoera hori errepikatu egin dela ikusi genuen, eta ondorioz, plaza egokitutako langile asko behin-betiko destinorik gabe geratu ziren. Hori ikusita, egoera horretan egon zitezkeen irakasleen datuak biltzeari ekin genion afiliatuei bidalitako mezuen bidez. Ekainaren azken astean, bildutako informazioa Hezkuntza Sailari helarazi genion egoerari soluzio bat ematea eskatzeko. LABek bidalitako kasuak eta jasotako beste batzuk aztertzen ari zirela adierazi zigun Hezkuntza Sailak, eta kasu gehienetan bertan mantenduko zituztela behin-betiko destinoarekin; hala ere, beste batzuk ikasturte hasierako esleipenean (IKHA) parte hartu beharko dutela esan zigun.

Azkenik, aste honetan, suprimitutako plaza guztiak ez dituztela berrezarri jakin dugu, eta beraz, puntuazioaren araberako urraketak eman direla ikusten dugu, plaza galdu duten langile hauek behin betiko plazarik gabe geratu direlako puntu gutxiago dituztenen alde. Egoera larri horri, hortaz, ez zaio guztizko soluzioa eman, eta irakasle batzuk puntuazioaren arabera eskuratu behar zuten behin-betiko plazarik gabe geratu dira.

Hortaz, LABek egoera modu integralean konpon dezan eskatzen dio Hezkuntza Sailari, langile guztiei dagokien behin-betiko lanpostua esleituz puntuazioan urraketarik eman gabe. Horrela izan ezean, bide juridikoari ekingo diogu kaltetuak izan diren langileen defentsan.