LABek hezkuntza publikoan sinaturiko lan-hitzarmenek, langileon lan baldintzak hobetzeaz gain, kalitatean aurrerapauso handiak ekarriko dituzte

1182

Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko, erabakigarria izan da LABen lana, bai akordio laboralean adostutako neurriak eremu bakoitzera eramaten, eta baita grebak eta mobilizazioak sustatzen ere.

LABek hainbat akordio garrantzitsu lortu ditu ikasturte honetan hezkuntza publikoan; azkena, iragan astean, EAEko hezkuntza publikoko irakasleei dagokiena. Hori dela eta, lortutakoaren berri emateko agerraldia egin du sindikatuak Donostian

LABek zer-nolako hezkuntza sistema defendatzen duen gogoratuz hasi du agerraldia Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak: “LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa defendatzen du. Burujabea izango den eta sare publiko berri bakar deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza eredu propio eta berria sortzeaz ari gara: unibertsala eta doakoa; euskararen murgiltze eta mantentzen ereduan oinarritutakoa; euskal kurrikulumean oinarrituko dena; inklusibitatea oinarri izango duena; laikoa; pedagogia feminista bultzatuko duena eta ikastetxeen autonomia eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatuko duena”.

Horretarako, egungo hezkuntza sistemak eraldaketa sakon bat behar duela hainbatetan errepikatu du LABek: euskal kurrikuluma eguneratu eta egiturazko bilakatu, hezkuntzak euskaldundu dezan neurriak hartu, segregazioari aurre egin, aniztasuna eta inklusioa bultzatzea eta eskola publikoa sistemaren ardatz bilakatzea dira erronka horietako batzuk. Alabaina, egungo eredua gainditu eta sare publiko, bakar eta burujabe hori eratzea “urratsez urrats egin beharreko bidea” dela azpimarratu du Aranburuk, “trantsizio bat”.

Zentzu horretan, EAEn onartu zen Hezkuntza Legea eraldaketa horretarako motz geratu zela baloratu zuen LABek, eta sindikatuak egindako hainbat ekarpen ez zirela bertan txertatu. Hala ere, Aranburuk azaldu duenez, ireki zen eztabaida baliatu zuen sindikatuak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza komunitateko langile guztien lan baldintzak hobetzeko akordio laborala egiteko: “akordio laboralean hainbat neurri jaso genituen eta ondoren eremu bakoitzean egin beharreko negoziazioetarako oinarriak jarri genituen, bertako edukiak mahai negoziatzaile bakoitzean depositatuz”.

Azken urteetan, ordea, Jaurlaritzak hezkuntza publikoan behar besteko apusturik egin ez duela deitoratu du Aranburuk, eta horren ondorio direla “eskola segregazio izugarria eta eskola publikoaren azpifinantzazioa eta azpigarapena”. Horregatik, hainbat greba eta mobilizazio izan direla, eta horietan LABen inplikazioa “erabatekoa” izan dela azaldu du koordinatzaile orokorrak: “lehen indar sindikala gara hezkuntzan eta intersindikalean dagokigun ardura hartu eta langileen aldeko, batasun sindikalaren aldeko, jarrera argia izan dugu, baita greba eta mobilizazioen aldeko jarrera argia ere”.

“Erabakigarria” izan da LAB akordio onak lortzeko, Aranbururen esanetan, eta akordio horiek hezkuntza publikoko langile guztietara zabaltzeko sindikatuak egindako lana goraipatu du: “langile guztiak dira ezinbesteko hezkuntza zerbitzu egokia emateko eta, irakasleen hitzarmena sinatu aurretik, Heziketa Bereziko, Sukalde eta Garbitzaileen eta Haurreskoletako hitzarmenak sinatu ditugu. Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzea lortu dugu. Soldatak hobetzea, behin-behinekotasuna %5era murriztu eta egonkortasuna ziurtatzea, lan zamak arintzea, ordezkoen lan-baldintzak finkoekin parekatzea edo erretiro adina aurreratzea lortu dugu”.

Irakasleen mahaiari dagokionez, soldata eta lan baldintzekin batera, hezkuntza kalitatea hobetzeko baliabide, figura berri eta neurrietan arreta jartzea izan da LABen helburu nagusia, Aranbururen arabera: “baliabide gehigarriak hezkuntzak eskatzen duen eraldaketa horretarako: euskalduntzean sakontzeko, inklusiorako, pedagogia feminista bultzatzeko”.

Neurriok mahai gainean jartzen indar gehien egin duena LAB izan dela ere azpimarratu du Aranburuk: “Egun hauetan entzun dugu Hezkuntza sailburua, Pedrosa andrea, hezkuntza kalitateaz hitz egiten baina argi esan behar dugu bere apustua ez dela izan hezkuntza hobetzeko baliabide gehiago lortzea, oso gatazkatsua izan dela, eta LAB izan dela horren aldeko indar handiena egin duena”.

2010eko murrizketen ondotik lehenbizikoz, soldatak Euskal Herrian bertan erabaki eta adostea lortu izana eta lan baldintzak hobetu izana azpimarratu du koordinatzaile orokorrak, eta hori “langileen borrokarako determinazioari esker” izan dela: “Borrokak merezi duela erakutsi dugu. Langileak borrokan erakutsitako indarragatik zoriondu besterik ezin ditugu egin. Langileen ahalduntze ariketa handia izan dira greba hauek, eta etorkizunari begira eutsi beharko diogu orain bildutako indarrari. Hezkuntzak erronka handiak ditu, sistema publikoa baliabide gehiagoz hornitu behar delako eta horretarako hor egon beharko dugulako, hezkuntza sistema publikoa indartzeko presio egiten”.

Lorpenak, sisteman zein lan baldintzetan

Aritz Villar LABeko Irakaskuntzako arduradunak, bestalde, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioan lortutakoak xehetu ditu. Lortutako baliabideak urteetan LABek egindako lanaren eta lortutako akordioen jarraipena dela azaldu du: “2022an sinatutako plantillak esleitzeko irizpideen akordioan oinarri garrantzitsuak jarri zituen LABek, eta ostiralean sinatutako akordioaren bitartez hori hobetzea lortu da. Hezkuntza publikoa indartzea lortzeaz gain, kalitatean eragina izango du”.

Ikastetxeetako baliabideetan eta hezkuntzaren kalitatean akordioak izango duen eraginari dagokionez, honako neurri hauek nabarmendu ditu Villarrek:

-Lehen Hezkuntzan gehienez 22 ikaslekoak izango dira ikasgelak. Orain dela 3 urte 25 ikasle izateaz gain, ez ziren ikasle errepikatzaileak kontuan hartzen

-Aniztasunari erantzuteko aholkulari eta orientatzaile gehiago izango dira.

-Oinarrizko Lanbide Heziketan hartuko diren irizpideak HKI (Hezkuntza Konplexutasun Indize) altuko ikastetxeen parekoak izango dira. Era berean, entzumen eta hizkuntzarako figura estrukturalak txertatuko dira.

-Zuzendaritza taldeek, dituzten lan zamei erantzuteko, ordu kreditu gehigarriak izango dituzte.

-Hezkidetza lantzeko baliagarriak izango diren ongizate eta babeserako koordinatzaileak txertatuko dira.

-Euskara indartzeko neurriei dagokionez, alde batetik, Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen figurak ikastetxeetan txertatzea lortu da. 2025-26 ikasturtean pilotaje bat hasiko da gutxienez HKI altu eta oso altuko 10 ikastetxetan, 2026-27 ikasturtean HKI altu eta oso altuko zentroetara zabalduko da lehentasunez, eta 2027-28 ikasturtetan gainontzeko zentro guztietara. Bestalde, EUSLE programa Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBH 4ra zabalduko da eta HIPI eta EUSLE baliabide gehiago jarriko dira datorren ikasturtetik aurrera.

Baliabide eta neurriok hezkuntza kalitatean hobekuntzak ekartzeaz gain, lan zametan ere eragingo dutela, eta, beraz, zerbitzua hobetuko dela azpimarratu du Villarrek.

Lan baldintzei dagokienez, honako neurri hauek azpimarratu ditu:

-Haur eta Lehen Hezkuntzan 2 ordu lektibo murriztuko dira. Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan gehieneko 17 orduetan hedatze eta analogoak diren programak barne hartuko dira.

-Galdutako erosahalmena berreskuratze bidean jartzeko, EAEko funtzio publikoan azken 15 urtetan lehen aldiz, soldatak bertan adostea lortu da, datozen hiru ikasturteetan% 7ko soldata igoera adostuz irakasle guztientzat.

-LABek ordezko irakasleen lan baldintzen garrantzia behin eta berriz jarri izan du erdigunean. Ordezkoen udako kobraketaz gain, LABek historikoki eskatu bezala, ordezko edo bitarteko funtzionarioen lizentzia eta baimenak karrerako funtzionarioen baimenekin parekatzea jaso da. Era berean, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak hezkuntzan mantentzea lortu da.

-Erretiro adina 18 hilabetez aurreratzeko aukera jaso da, 60 urtetik erretiro adinera bitarteko jardunaldi murriztuak pilatuz.

-Enplegua egonkortuko da, LABek 2023ko ekainaren 1ean akordio laboralean sinatutakoari esker. Behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatuko da, eta oposaketa eredua negoziatzeko aukera jasoko da.

-Lizentzia eta baimenak: bizitza eta lana uztargarriak egiteko baimenei dagokienez, gurasotasun baimena 18 astetatik 22 astetara luzatuko da eta edoskitzea 24 egunetatik 28ra. Azken hori modu proportzionalean handituko da, jardunaldiaren arabera.

Adierazitako lorpenen bitartez, LABek hezkuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan egin bezala, 15 urteren ondoren irakasleetan ere lan baldintzak hobetuko dituen akordio on bat lortu du. Beraz, hezkuntza publikoa indartu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioren bidean beste urrats bat egin du.

2025-05-15_LAB_Irakaskuntza_EU-1