[Iritzia] Sistema justu eta gardena nahi dugu irakaskuntzako LEPean

262

Ekainean eta uztailean Nafarroako irakasleen kidegoetan sartzeko oposizioak egin dira, eta aurreko deialdietan bezala, oraingoan ere ika-mika eta kexa ugari izan dira. Nafarroako LAB Irakaskuntzak behin baino gehiagotan eskatu du oposizioen sistema anakronikoa aldatu beharra dagoela. Maite Lus, Eloi Tato, LAB Irakaskuntza

Tamalez, Nafarroako Gobernuak irakaskuntzako oposizio-lehiaketen deialdiak ateratzen dituen bakoitzean kontu bera eskatu behar izaten dugu. 2021-2022 ikasturteko hautapen prozesuetan ere, aurreko prozesuetako erreibindikazio berberak izan ditugu, eta LEPen sistema aldatu edo hobetzen ez dutenez, salatzen segitu beste erremediorik ez dugu.

Lehenbizi, LABek argi utzi nahi du ezen oposizio-lehiaketen helburua dela lanpostu jakin batzuetarako hautagai onenak aukeratzea, eta ez hautagaiek irakasle izateko duten gaitasuna ebaluatzea. Hautagai gehienek urtero-urtero erakusten dute gaitasun hori.

Argitaratu diren notak ikusita, argi dago oposizio-lehiaketen sistema honek ez duela funtzionatzen. Guztira, aurkeztu diren hautagaien %15ek bakarrik gainditu du, eta horrek ekarri du deialdietan iragarritako lanpostu batzuk bete gabe gelditzea. Gainera, ezin dugu ahantzi oposiziora ateratzen diren lanpostuak ez direla aski irakaskuntzan dauden behar guztiak betetzeko. LABen iritziz, hori guztia ulergaitza eta zentzugabea da.

Bestalde, hautagai askok ez dakite zein den jarri zaien notaren arrazoia, eta horixe da LAB sindikatuaren eskakizun nagusietako bat, hots: ebaluazio irizpideak gardenak eta egiaztagarriak izan daitezela. Eta nola ez, irizpide horiek probak baino lehen azal ditzatela, denok garbi izan dezagun zeintzuk diren joko arauak, bai hautagaiek, bai epaimahaietako kideek. Izan ere, zenbait epaimahaikide kexatu egin dira beren lana asko handitu dela errubriketan aldaketak izan direlako behin eta berriz. Horregatik azpimarratu nahi dugu epaimahaikideen lan-baldintzak ere zaindu behar direla, lanaldi luze eta gogorretan aritzen baitira zuzendu beharreko azterketa kopuru izugarri handi bati aurre eginez; eta horrek, bistan da, ez dakarkio onik ez zuzentzaileari ezta zuzendua denari ere.

Lehen esan dugun bezala, irakaskuntzako LEP prozesu hauek oso zaharkituak gelditu dira. Lehenik eta behin, gai zerrenda oso zahartua dago, eta jadanik erabiltzen ez diren gaiak eta kontzeptuak ikasi behar izaten dira (horren frogagarri, ikusi Informatikako gai zerrenda, esate baterako). Horregatik, LABek berriz ere eskatzen du gai zerrendak berritu behar direla eta ofizialak izan behar direla, eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan garatu behar direla, baita atzerriko hizkuntzetan ere, proben ebaluazioa horrelako hizkuntza batean egin behar den espezialitateetan.

Bestalde, probak ere aldatu behar dira. Gaur egun, zati teorikoa baztertzailea da, eta horrek hautagai askori eragozten die programazioa eta unitate didaktikoa defendatzeko fasera igarotzea. LABek uste du ez duela zentzurik prozesuari zailtasun hori gehitzea, non eta helburua ez den hautagaien kopurua nabarmenki murriztea. Horregatik uste dugu zati teorikoaren ezaugarri hori kendu beharra dagoela. Gainera, proben diseinua aldatu beharko litzateke, ebaluazioa objektiboa dela bermatzeko, orain ez bezala.

Eta bukatzeko, azkena izanagatik, garrantzi gutxiagokoa ez den atal bat: egindako proben errebisioa. Oposiziogileek, maiz, azterketaren errebisioa eskatuko duten ala ez erabaki behar dute proba ikusteko aukerarik izan gabe, horretarako epea irekitzen dutenerako errebisioa eskatzekoa itxita egoten baita. Kontua ez da hor bukatzen, gainera. Izan ere, epaimahaikideek azterketa berrikus dezaten eskatuz gero, haiek egiten duten gauza bakarra da (sistemak hartara behartuta, noski) atal bakoitzeko puntuazioen batuketa zuzen egin ote duten baieztatzea; edukiari begiratu ere ez zaio egiten! Horrek guztiak bestela ulertezinak liratekeen ondorioak ekartzen ditu. Adibidez, oposizio prozesua bukatu eta hilabete batzuetara -zenbaitetan baita urte osoa igarota ere- oposiziogileak errekurtsoak jartzen aritu daitezke, eta horrek ekar dezake dagoeneko behin betiko plaza duen funtzionario batek funtzionario izaera galtzea ere. Zentzugabekoa guztiz!

Horregatik guztiagatik, Nafarroako LAB Irakaskuntzak esijitzen du irakaskuntzako LEPak aurrera eramateko sistema anakroniko, ilun eta bidegabea aldatzea, eta gure esku dagoen guztia eginen dugu sistema hori hobetzeko.