Autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik mezu eta jarrera erreakzionarioak etengabe hedatzen ari diren garaiotan, adierazpen trans baztertzaileak geroz eta espazio gehiago hartzen ari dira gizartean, eta inpaktu zuzena izaten ari dira hezkuntza komunitatean ere. LAB eta STEILAS sindikatuok eta eskola inguruneetan hezkidetza, sexu-hezkuntza eta pedagogia feministak lantzen ditugun eragileok, hezkuntza komunitateko ikasle antolakunde eta beste eragile batzuekin batera, gaiarekiko gure posizioa azaltzeaz gain, azken hilabeteetan hezkuntza eremuan emandako hainbat eraso transfobo salatu nahi ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuari ikasgelak ere espazio aske eta seguruak izateko ardura har ditzaten eskatu nahi diegu, eta horretarako bitartekoak jar ditzaten.
Azkenaldian, eraso transfoboak ugaritzen ari dira ikastetxeetan, eta ez dago ez baliabide egokirik ezta estrategia zehatzik ere horiek kudeatu ahal izateko. Are gehiago, EAEn eta Nafarroan badira, bai hezkuntza inguruneetatik kanpo baina baita hezkuntza inguruneetan berariaz eragiteko asmoz ere, era antolatuan gorroto diskurtsoak zabalduz jarrera trans baztertzaileak hauspotzeko ahaleginak egiten ari direnak. Horren adibide dira, besteak beste, Bilbon eta Donostian antolaturiko hitzaldiak eta ikastetxeetara bidalitako gutunak. Momentu horiek probestu zituzten hezkuntza eredu askatzaileen saiakeran dihardugunon aurka egiteko, gezurra eta alarmismo morala erabiliz eta nahasmendua sortuz. Egoera horren aurrean, ikasgelak espazio aske eta seguru egin nahi ditugunon arteko aliantza behar-beharrezkoa da; elkarrekin transfobiari mugak jarriko dizkiogu hezkuntza arautuan zein ez-arautuan.
Horrekin batera, Bernedoko begiraleei gure babes osoa adierazi nahi genieke, eta haien aurka erabili diren eraso eta kriminalizazio kanpainak salatu. Haurrekiko babesa diskurtso heteronormatiboaren ikuspegia zabaltzeko eta hortik at geratzen diren beste gorputz, identitate eta genero adierazpenak baztertzeko baliatu direla argi dugu. Beraz, gure bideak transfeminismorantz egiten jarraituko duela berretsi nahi dugu hemendik.
Heteroarauak markatutako ertzetatik irteteak indarkeria eta diskriminazioa dakartza hortik kanpo kokatzen diren pertsonentzat. Errua eta zigorra eragiten ditu, eta gorputz zein identitate jakin batzuk hezkuntza prozesuaren zentralitatetik baztertzen ditu. Horregatik, ikastetxeetako korridoreetan, patioan, ikasgeletan, kalean zein komunikabideetan, egunero-egunero erasotzen gaituen norma bera zalantzan jartzeko ardura eta betebeharra dugu. Normalitatearen makineria modu esplizituan eta antolatuan iraunarazi nahi dutenen aurrean jarriko gara, ikasgeletan, kalean zein sareetan eraso hauek hartzen dituzten hamaika formei erantzuteko prest. Aldi berean, hezkuntza inguruneetan jarrera transfoboak adierazpen mugatzaile eta kontserbadore nagusietako bat diren heinean, arrazakeriak ere presentzia nabarmena du gorakada erreakzionarioaren beste adierazpide esanguratsu gisa. Horrenbestez, beharrezkoa da indarkeria mota guztien aurrean ikuspegi integral eta sendo bat lantzea.
Hezkuntza Sailei, aldundiei eta EAEko zein Nafarroako gobernuei dei egiten diegu protokoloak berrikusi eta eguneratzera. Baliabideak eta estrategiak sistematizatu ditzatela eskatzen diegu, pedagogia feministak eguneroko jardun hezitzailean txertatu, espazioen eta esku hartzeen berrikusketa egin eta ikasgelak leku aske eta bizigarri izan daitezen proiektu integralak garatzeko. Era berean, beharrezkoa dugu hezkidetza estrategia bat, azkenaldian gero eta ohikoagoak diren gorputz zein identitate ez normatiboekiko eraso baztertzaileak berariaz lantzeko bitartekoak eskainiko dizkiguna.
Pedagogia feministak beharrezko tresna dira gehiengoari inposatzen zaion erregimena erreproduzitu ez dadin, eta normalitate eta arau sozial oro iraultzeko espazioak sortzeko. Horrez gain, ikasleak erasoetatik babestetik haratago pentsatu behar dugu, pedagogia feministek begirada kritikoz jardungo duten ikas komunitateak eraikitzeko oinarriak ipintzen dituztelako. Arautik urruntzen dena legitimatzetik harago, logika dikotomikoak hautsi eta botere egiturak arrakalatzera jo nahi dugu. Hala egin ezean, ikastetxeek hegemoniak ezkutatzen dituen zapalkuntza estrukturalak betikotzen dituzten instituzioak izaten jarraituko dute. Azkenik, ezinbestekoa da bide hau sindikatu eta pedagogia transfeministak lantzen ari garen kolektibo desberdinekin egitea.
Udaleku, aisialdirako espazio zein ikasgelak aukerarako esparrurik eraldatzaileenak izan daitezkeelako, moralizazio eta puritanismoaren aurka, binarismoaren aurka eta heziketa antiarrazista eta transfeministaren alde!
- LAB
- STEILAS
- Ara! Gorputz
- Artaziakoop.
- Denbora Espazioa
- Eihera Koop. Txikia
- Emagin
- EMAIZE
- Gazte Feministak
- Hiruki Larroxa
- IKAMA
- Parean Elkartea
- Sorginlore
- Sudergintza Koop.


