LABek maiatzaren 10eko manifestazioetara dei egiten du, Hezkuntza Sailaren itxikeria gainditzeko

227

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza publikoa indartu asmoz hainbat borroka abiatu ditu LABek ikasturte honetan. Izan ere, hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatu behar dela uste du LABek, irakasleen lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoa herri honek dituen erronkei erantzungo dioten neurriez eta baliabideez hornitzeko: aniztasunari erantzuteko, hezkidetza eta politika feministak bultzatzeko edota euskara indartzeko; finean, Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean urratsak emateko.

Norabide berean, EAEn hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzeko urteetan egindako greben eta mobilizazioen ondorioz, LABek akordioak lortu ditu lehen indarra den Hezkuntza Saileko kolektiboetan, langileen lan baldintzak hobetuko dituztenak eta kolektibo horiek ematen duten zerbitzuaren kalitatea hobetuko dutenak. Heziketa Berezian lan hitzarmena berritu du, 20 urteren ondoren, eta baita Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskolak Partzuergoan ere, 20 urteren ostean.

Irakasleen gatazka konpontzeko dago, eta, gainerako kolektiboetan bezala, akordioa posible dela uste du LABek. Hori hala izan dadin eta hitzarmen berria lortzeko, ezinbestekotzat jotzen du LABek, langileen lan baldintzak hobetzeko neurriekin batera, herri gisa ditugun erronkei erantzungo dieten baliabide gehigarriak eta neurriak jasotzea. Izan ere, beharrezkoak dira hezkuntza kalitatea hobetzeko eta eskola publikoa sistemaren ardatz izan dadin.

Irakasleek igorritako mezua argia izanik ere, Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak eta Imanol Pradales lehendakariak momentuz ez diote egoerari behar bezala erantzun.

Horregatik, LABek gonbitea egiten dio hezkuntza publikoko komunitateari sindikatuok adostutako manifestuarekin bat egin dezan eta maiatzaren 10ean kaleak har ditzan. Eusko Jaurlaritzari mezu argi bat helarazi behar zaio, irakasleek urtarriletik hona egindako bederatzi greba egunetan erakutsitako konpromiso eta indar berarekin: hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ezinbestekoak dela irakasleen lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea.

2025-05-07_LAB_Irakaskuntza_EU