Irakasleak EAE: LABek larritzat jotzen du mahai negoziatzailearen berri hedabideen bidez jaso izana, eta ardura eskatzen dio Hezkuntza Sailari

713

Hezkuntza sailburuak prentsa agerraldian egindako adierazpenen bidez izan du LABek mahai negoziatzailearen berri, eta hori larritzat jotzen du, baita balizko proposamen berri baterako edukiak ahoz eta medioen bidez zabaldu izana eta hiru ordu beranduago sindikatuei idatzizko proposamenik helarazi gabe jarraitzea ere. Sailburuak egindako adierazpenen ondoren heldu zaio LABi deialdi ofiziala.

Mahaiari daukan garrantzia kentzen ari zaio Hezkuntza Saila, eta sindikatuekiko eta langileekiko errespetu faltaz jokatzen. Izan ere, negoziaketarako eremua baztertu, dagokion balioa kendu eta prentsara eraman du negoziaketa, hilabete honetarako hitzeman zuen egutegia bete gabe utzi ostean eta sindikatuekin inongo harremanik izan gabe. Gaurko adierazpenak hezkuntza komunitateak mobilizatzeko deia egin ondoren eta bost greba berriren erregistroa egin ostean datoz.

LABek hainbatetan adierazi izan duen bezala, negoziaketa erreal baterako ezinbestekoa da idatzizko proposamen baten gainean lan egitea, akordioetara heldu nahi bada.

Beraz, LABek bere parte hartzea aztertuko du, argi baitu negoziaketarako proposamena medioen bitartez egitea, aurrez sindikatuei inolako idatzizko proposamenik helarazi gabe, marketing ariketa bat dela.

Bestalde, urtarriletik maiatzera bitarte luzatu den gatazka luze honetan arduraz jokatzeko eskatzen dio LABek Hezkuntza sailburuari.

2025-05-06_LAB_Irakaskuntza_EU