Grebaren arrakastak etorkizuneko Eusko jaurlaritzari eta erakundeei zerbitzu publikoak indartzera eta hemen erabakitzera
behartu behar ditu

156

Euskal erakundeetan gobernatzen duten alderdiek aldatu behar dituzte haien politikak langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko, pribatizazioak geldiarazteko, enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko

Estatuko aurrekontuak aukera bat dira Madrilen ezarritako betoak ezabatzeko

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuak EAEko sektore publiko osoan deitutako grebak jarraipen oso zabala izan du. Aurreko greba baino jarraipen handiagoa, besteak beste, hezkuntzan, administrazio orokorrean eta udaletan. Grebaren arrakastaren adibide garbia da EAEko hiru hiriburuetan eguerdian deitutako manifestazioetan 30.000 langile baino gehiagok parte hartu dutela “zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu“lelopean.

Grebaren arrakasta ikusita, hauteskunde osteko Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta Estatuko Administrazioak errotik aldatu behar dituzte orain arte aurrera eraman dituzten politika publikoak. Erakunde horiek benetako neurriak hartu behar dituzte zerbitzu publikoak indartzeko eta hemen erabakitzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortzeko eta finkatzeko, lan baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak egiteko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko.

Bestalde, euskal alderdi politikoek euren botoak baliatu behar dituzte Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz ezabatzeko, hemen enplegua, soldatak eta plantillen lan baldintzak erabakitzeko. Laster Estatuko aurrekontuak negoziatuko dira, eta euskal alderdi politikoen botoek helburu hori lortu behar dute.

Grebaren jarraipena
Hezkuntzan: Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen oso zabala izan du. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, grebaren jarraipena %65ekoa izan da. Aipagarriak dira irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak irakasleriaren gehiengo zabal batek greba egin duelako: Errekabarri, Toki Eder edo Umandi eskolak Gasteizen eta Legutioko Garazi Eskola Araban; Zubieta edo Aitor eta Ibaia Ikastolak Donostian, Errenteriako Koldo Mitxelena, Eibarreko J.A. Moguel, edo Debako Mendata BHI eskolak Gipuzkoan; eta Bilboko Atxuri eskola edo Basauriko Jose Etxegarai eskolak
Bizkaian.

Heziketa Bereziko langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuak handitzeak eta azken orduko nahasmenak erabat baldintzatu du jarraipena. Halere, greba egiteko aukera izan duten hezitzaileen zati handi batek grebarekin bat egin du, besteak beste, Donostiako Altza eskolan eta Amara Berriko ferrerias eraikinean edo Urretxuko Gainzurin Gipuzkoan; Bilboko Basurto eskolan, Balmasedako Mendia eskolan edo Durangoko Zabalarra eta Basauriko Jose Etxegarai Bizkaian; eta Gasteizko Salburua eta Zabalgana eskoletan Araban.

Sukalde eta Garbiketako langileei dagokionez, jarraipena plantillaren %60 baino handiagoa izan da. Aipatzekoa da zenbait sukalde itxita izan direla sukaldarien %100k greba egin duelako, esaterako, San Inazio eta Iruarteta Bilbon edo Balmasedako CEP Mendia Bizkaian; Gain zuri Urretxun, Mutrikuko eskola edo Donostiako Intxaurrondo Gipuzkoan. Gernika BHIn edo Zarautzeko eskolan garbitzaile guztiek ere greba egin dute.

Haurreskoletan langileriaren %75 ingururen babesa izan du grebak. Haurreskola askotan, ia erabatekoa izan delarik jarraipena, besteak beste Gasteizko Arana, Izarra edo Mariturri, Erriberabeitiko Haurreskola, edo Amurrioko Ttipi ttapa Araban; Bilboko Miribilla eta Basauriko etxeko kuttuna Bizkaian; eta Zaldibarko haurreskola, Donostiako Bidebieta, Deba, edo Beasain eta Oñatiko Haurreskolak Gipuzkoan.

EHUn ere jarduera akademikoa oso urria izan da, leku askotan azterketetarako gutxieneko zerbitzuak izanik emandako jarduera bakarrak. Jarraipen osoa fakultate batzuetan; Araban Magisteritza, Lan Harreman, Enpresa eta Ekonomia, Letra Fakultatean; Bizkaian Kazetaritza, Lan Harremanak; Gipuzkoan Psikologian, HEFA I , HEFAII, Arkitektura, Ekonomia eta Enpresa,
Informatikan. Ikasgelategietan jarduera oso eskasa hiru lurraldetan. Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean lekuz leku jarraipen desberdina, baino zerbitzu guztietan izan du eragina.

Udal/ Foru esparruan: grebaren jarraipena oso zabala izan da. Hainbat eskualdetako udal handienetan jarraipena oso esanguratsua, horien artean aipagarriak hiru hiriburuetakoak. Donostia, Bilbo eta Gasteiz, hainbat zerbitzuak itxi dira, hala nola udaltegiak, liburutegiak, kiroldegiak etab. Gipuzkoan: Hernani, Astigarraga, Arrasate, Zarautz, Tolosa, Orio, Beasain, Oñati, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Bergara, Urretxu, Usurbil, Lazkao, Zizurkil, Itsasondo, Idiazabal, Sasieta mankomunitatea, Legorreta, Debagoieneko mankomunitatea , Urretxu Zumarraga euskaltegia, Soraluze, Garbitania zero zabor. Bizkaian: Barakaldo, Ortuella, Trapaga , Markina, Bermeo, Lekeitio, Atxondo, Elorrio, Gernika, Basauri (polikiroldegia eta kultur etxea itxita), Igorre, Getxo, Lemoa, Orozko Galdakao, Berriz eta Arrigorriaga (polikiroldegia itxita), Maruri, Erandio. Araban: Agurain, Laudio eta Amurrio.

Osakidetzan: ezarritako gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatu dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz. Bereziki deigarria da gaurko egunean EAG bezalako zerbitzuetan %100eko zerbitzua inposatzea, egunerokoan asko medikurik gabe irekita daudenean. Aurreko deialdietan bezala, grebaren intzidentzia handiagoa izaten ari da Lehen Arretan, batez ere pazientearen arretako langileen artean. Nabarmentzekoa da kolektiboaren jarraipena Gasteizko San Martin Osasun Zentroan; Bilboko Zorrotzan, Boluetan eta Alde Zaharrean; edo
Ezkerraldeko Buenavistan eta Mamarigan. Ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuek eragin handiagoa dute, eta, horregatik, jarraipena
txikiagoa izaten ari da. Hala ere, Zumarragako Ospitalean ebakuntza gelak itxita daude, eta itxita dago ere Debagoieneko Ospitaleko ebakuntza gela bat eta Txagorritxuko traumatologiako ebakuntza gela guztiak itxita eta isteroskopiarik ez da egin. Baita Arabako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia, Neurokirurgia eta Traumatologia zerbitzuko harrera ere. Era berean, itxita daude Gorlizko Ospitaleko X izpien zerbitzua, Basurtuko Ospitaleko zerbitzu horretako zelari zerbitzua eta Zamudioko Ospitaleko gidari zerbitzua.

Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, greba jarraipen oso zabala izaten ari da. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak ezarritakoa, informatiboak bakarrik emititzen ari direla, adibidez Miramonen jarraipena % 80 ingurukoa da.

Garraio publiko ez pribatizatuan ere jarraipen zabala, nagusiki Eusko Tren eta Metron. Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan jarraipena aurreko grebarena baino zabalagoa izan da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra, adibidez, Lakuan jangela zerbitzurik ez da izan. Estatuko langileen esparruan jarraipena apalagoa izan da.

Enpresa publikoei dagokionez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko OSE langileak grebarekin bat egin dute, eta ondorioz, gaur Iruñean eman beharreko kontzertua bertan behera geratuko da.

2024ko martxoak 12an