Atzo, ekainak 22, EAEko Hezkuntza Saileko Zerbitzuetako Mahai Parekidea izan genuen Lakuan. Hizpide izan genituen: kontratuen gutxieneko jarduna, iraileko beharrak direla eta birkolokatuko dituzten langileak mugitzeko irizpideak (4 lanpostu), garbiketako ratio jaitsiera, soldata taulen hutsen zuzenketa, Sare eta Sistema informatikoko teknikarien 2026-2027ko egoera eta sukalde berriak.
> Soldata taulen hutsen zuzenketa
Lan Hitzarmenean jasotako soldata tauletako akatsak zuzentzeko akordioa erdietsi dugu aho batez. Horrela, langileek 2025eko iraileko atzeraeraginez jasoko dituzte zuzenketaren ondorioz jaso beharreko kopurua. Gogoratu nahi dugu ere, maiatzeko nominan garbiketako langileei ez zitzaiela osagarririk ordaindu. Hezkuntza Sailak konfirmatu digu atzerapen hauek, garbiketako osagarria barne, ekaineko nominarekin batera ordainduko dutela.
Hala eta guztiz ere, LABetik salatzen dugu jardun erdia baino gutxiagoko ekoizpenagatiko kontratuak ahalbideratzeko akordioa adosteko saiakera egin duela Hezkuntza Sailak. Dakizuen bezala, greba eta borroka zikloari bukaera emateko 2025eko maiatzean sinatu genuen Lan Hitzarmenean %50eko jarduna baino gutxiagoko ekoizpenagatiko kontratuak desagerrarazi genituen, kontratu hauek prekarietatean sakontzen zutelako. Garbiketako kasuan erdira iristen ez diren metro kopurua esleitzeko aitzakiarekin jardun hereneko kontratuak egiteko aukera berriz ere jarri du mahai gainean administrazioak. LABetik argi utzi dugu ez dugula horrelakorik onartuko, lan baldintzak nabarmen okertuko liratekeelako. Uste dugu, arazoari irtenbidea emateko hainbat bide arakatu daitezkeela eta proposamen bat helaraziko diogu Hezkuntza Sailari.
> Iraileko beharrak eta LPZn egokitzapenak
Administrazioak jakinarazi digunaren arabera EAEko 4 zentroetan irailerako beharrak nabarmen jaitsi dira. Hori dela eta 3 sukaldari langile lekuz mugituko dituzte (4. langilea erretiratu da). LABetik zentro hauen egoera aztertuko dugu ondorengo egunetan eta Lanpostuen Zerrendako lanpostu guztiak mantentzen direla ziurtatu. Aipatutako hiru langile hauek birkokatzeko erabiliko diren irizpideak honakoak izango dira:
Lehenengo, adierazitako zentro horietako sukaldariei boluntarioki birkokatuak izateko aukera emango zaie eta ondoren honelako irizpide hauek aplikatuko dira: enpresako antzinatasuna eta desenpaterako abizen eta izenen orden alfabetikoa R letratik hasita (Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2024ko urriaren 23ko ebazpena).
Honek LPZren aldaketa suposatzen du eta adi ibliko gara 4 lanpostu hauek behar bezala jasotzen direla ziurtatzeko.
> Garbiketako metro jaitsiera
LABetik hainbatetan salatu bezala, Lan Hitzarmenean jasotako garbiketako metro jaitsiera ez da zentro gehienetan betetzen ari. Hezkuntza Sailak ikasturte luze honetan ez dituela bere etxeko lanak behar bezala egin behin eta berriz mahaigaineratu dugu eta orain, zentroetako zuzendaritzetan jartzen du ardura.
> IKT langileen 2026-2027 ikasturteko aurreikuspena
Sare eta sistema informatikoen teknikarien 2026-2027 ikasturterako aurreikuspena aurkeztu digute. Horrela gaur dauden 15 lanpostuei (egun, ekoizpen kontratuekin beteak) beste 15 lanpostu gehituko zaizkie.
LABetik irakasleen Lan Hitzarmen berrian, plantilak esleitzeko irizpideetan jasotzen denaren arabera kalkulatu dituztela arretaz aztertuko dugu. Beraz, egin diguten aurreikuspenaren arabera, kategoria honetako irailaren 1etik aurrera 30 lanpostu txertatuko dira Lanpostuen Zerrendan.
Dakizuenez hitzarmenarekin batera kategoria berri hau sortu zen eta egun dauden IKTko 15 langileen ekoizpen kontratuak dituzte irailaren 1etik. Gauzak horrela eta salbuespenez 2025-2026 ikasturtean 12 hilabetera luzatzeko akordia erdietsi dugu Hezkuntza Sailak eta LAB eta UGT sindikatuok. Horrez gain, aipatutako langileek lehentasuna izango dute egun betetzen duten lanpostuan mantentzeko (bakante bihurtzen denean). Hala eta guztiz ere aukera emango zaie lehentasun honi uko egiteko, zigorrik gabe eta 2026-2027ko ikasturte hasierako esleipenetan parte hartzeko aukera izango dute lehentasunez, zerrenda hauek barematu gabe daudelako.
> Sukalde Berriak
Sukalde berrien kudeaketari dagokionez, Hezkuntza Sailaren gardentasun eza salatzen dugu. Behin eta berriz eskatu ditugu honen ingurukoko argibide eta datu zehatzak eta administrazioak ez du erantzun garbirik eman momentuz. Gaurko mahaian beste behin ere informazioa helaraztea eskatu dugu.
LABetik lanean jarraitzen dugu EAEko Hezkuntza Saileko zerbitzuetako langileen lan baldintzetan aurrera urratsak ematen eta Lan Hitzarmena gara dadin.
INFO-2026-06-23_EUS-1


