LAB sindikatuak, azken urteetan Lanbide Heziketa eta Bigarren Hezkuntzaren euskalduntzearen alde egindako bidean, urrats berria eman du ikasturte honetan. Izan ere, lanpostuak euskalduntzeko dinamika propioa garatu dugu martxotik hona.
Hezkuntza sistema euskalduntzeko Hezkuntza Sailak urtetan izan duen utzikeria salatu nahi du LABek, 1.HE (Hizkuntza eskakizuna) duten plazak betikotzen jarraitzen duelako eta ez duelako konpromiso errealik hartzen urrats berriak emateko.
LABen iritziz, hezkuntza sistemaren euskalduntzean aurrera egiteko ezinbestekoa da lanpostuen hizkuntza eskakizunak egokitzea. Horregatik, LABek dinamika bat garatu du Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako LPZ egiterakoan urte osoko ordezko lanpostuek 2. HE izan dezaten.
> Lanpostuak euskalduntzea zuzendaritzen esku
LABek martxoan adierazi bezala, Lanpostuen Zerrenda (LPZ) osatzeko irizpideen ebazpenaren 4.5 eta 5.4 puntuetan jasotakoaren arabera, jaberik ez duten 1.HEko lanpostuak 2.HEra pasatzeko aukera dago zuzendaritzek horrela erabakiz gero, nahiz eta irakasgaiak euskaraz ez izan. Horren arabera, beraz, zuzendaritzek lanpostuak euskalduntzeko ahalmena dute.
Azken urteetan, LPZn 2.HE ez duten lanpostuak 1.HErekin gelditzen dira ikasturte osorako, guztiz baldintzatuz Berratxikipen prozesua zein Lekualdatze-lehiaketa. Horrek guztiak eragin zuzena du ikastetxe zehatz batzuen egoeran: 2.HErik gabeko lanpostuak ez direnez eskaintzen, karreradun funtzionarioek ez dute bertara joateko aukerarik, eta ondorioz, egonkortasun maila baxua da. Era berean, euskarazko ikasketak eskaintzeko zailtasunak sortzen ditu.
> Egindako lanaren balorazioa
Testuinguru horretan, martxoaren amaieran, LABek zuzendaritza guztiei gutuna helarazi zien lanpostuak euskalduntzeko gonbitea eginez eta prozesu hori aurrera eramateko laguntza eskainiz.
Apiriletik ekainera bitartean, aldiz, 25 ikastetxetan egin ditugu asanbladak, eta 32 zuzendaritzekin bildu gara lanpostuak euskalduntzeko LABek egiten duen proposamenaren berri emateko, horietako 26 Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak izanik.
Zentzu horretan, LABek eskerrak eman nahi dizkie asanbladetan parte hartu duten langileei zein zuzendaritza-taldeei.
Aurtengo dinamikari amaiera emateko, hamarnaka ikastetxetan pankartak jarri ditugu 2.HEren aldeko apustua egitea eskatzeko.
> Aurrera begira
Ikastetxeko LPZ egiteko momentua da ahalik eta ordezko lanpostu gehienek 2.HEeko perfila eramateko. Ildo horretan, irakasle eta zuzendaritzen laguntza eta konpromisoa eskatzeaz gain, LABek prozesu horretan bidelagun izateko prest dagoela adierazi nahi du.
Horrez gain, hasitako bide honi jarraipena emango dio LABek datorren ikasturtean ere. Aurrerantzean ere, denon betebeharra izango da Lanbide Heziketan zein Bigarren Hezkuntzan euskalduntze prozesuari bultzada ematea, eta lanpostuak euskalduntzea horretarako nahitaezkoa da. Lanpostuak gaztelania hutseko irakastorduak baditu ere, egunerokotasunean beste lan asko egiten ditugu eta euskaraz izatea bermatzea bideratuko dugu.
Azkenik, LPZn ordezko lanpostuetan 2.HE markatzeko deia egiten du LABek.
Lanpostuak euskaldundu! LPZn Bigarren hizkuntza eskakizuna!
> Argazki galeria:

Arkaute Nekazaritza (Gasteiz) 
Barakaldo LHII 
Bermeo LHII 
Bidasoaldea LHII (Irun) 
Bidebieta LHII 
Blas de Lezo LHII 
Ciudad Jardin (Gasteiz) 
Construccion Bizkaia 
Derio Nekazaritza LHII 
Don Bosco LHII (Orereta) 
Easo Politeknikoa LHII 
Elorrieta Errekamari LHII 
Emilio Campuzano LHII (Bilbo) 
Eraiken (Gasteiz) 
Fadura LHII 
Gamarra (Gasteiz) 
Hernani LHII 
Irudika LHII (Zarautz) 
Laudioalde Lanbide Eskola (Laudio) 
Leioa Ostalaritza LHII 
Mendizabala (Gasteiz) 
Murgia BHI 
Ostalaritza Galdakao LHII 
Plaiaundi LHII (Irun) 
Repelega LHII 
Santurtzi LHII 
Tartanga LHII


