Gaur, ekainak 25, bigarren mahai parekidea izan dugu hilabeteko epean; izan ere, maiatzaren 25ekoan ez zen adostasunik egon akordio arautzailean jasotako hainbat neurriren urraketen inguruan, Hezkuntza Sailaren eta lan hitzarmena sinatu genuen sindikatuon artean.
Gaurko batzordea, alde sozialak eskatuta, urratutako atalen inguruan aldeek duten iritzia jasotzeko izan da, akordioak jasotzen duen bezala eta bozketa bidez. Akordioa sinatu genuen sindikatuen eta Administrazioaren kide kopurua berdina izanik, eta Sailak maiatzaren 25eko posizio berbera mantendu duenez, gaurkoan ere ez da adostasunik izan; horrela, mahai parekidearen bidez urratutako ataletan adostasuna lortzeko aukera berria galdu da.
Aurrez adierazi bezala, LABek bide mobilizatzailearekin eta judizialarekin aurrera jarraituko du akordioa osotasunean bete dadin, LABen komunitatea osatzen duten afiliatu eta langileekin batera. Era berean, gainerako sindikatuei bide horretan bidelagun izateko gonbidapena egiten die LABek.
INFO-2026-06-25


