Gaur, apirilak 27, Irakasleen mahai negoziatzailea izan da Lakuan. Gai-zerrenda bakarra izan du mahaiak: Ikasturte hasierako Ebazpenak.
LABetik salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak mahai negoziatzaileak edukiz husteko jarrerari eusten diola; izan ere, irakasleen mahaiko gai-zerrendan gai bakarra egotea ez ezik, gai hori negoziatzea LABek proposatu zuen.
Gainera, Sailak aurrera daraman metodologiak ez du benetako negoziazioa ahalbidetzen, sindikatuok egindako ekarpenen erantzunak ez dituelako idatziz mahaiaren aurretik bidaltzen, batetik, eta zein ekarpen onartzen diren eta zeintzuk ez jakinaraztera mugatzen delako, bestetik.
Egoera hori izanda ere, mahaietara ahalik eta eduki gehien eramaten eta eragiten jarraitzen du LABek.
> Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikasturte hasierako ebazpenak
Ikasturte hasierako ebazpenak ikasturtero ikastetxeen antolaketa arautzen duen dokumentua da, akordioa oinarri hartuz bete behar dena. LABek egindako eskaerari esker, ebazpen horiek negoziatzea ekainaren amaieratik apirilera aurreratzea lortu dugu, ikastetxeetako zuzendaritzek ahalik eta lasterren izan dezaten esku artean.
Hasieran aipatu bezala, Sailaren lan egiteko prozedurak modu eraginkorrean negoziatzea oztopatzen du, izan ere, sindikatuok bidalitako ekarpenen erantzuna ahoz helarazi dizkigute, inolako dokumenturik aurkeztu gabe. Aitzitik, sindikatuoi ekarpenak idatziz epe jakin batean bidaltzea exijitzen digu.
Zentzu horretan, bi ildotan egin ditu erapenak LABek: batetik, lan-hitzarmena betearazteri begira; bestetik, eguneroko antolaketarako hobekuntzak:
Lehenengoari dagokoionez, 2025-2026 ikasturteko ebazpenek ez dute jaso lan hitzarmen berriak adostutako irakastorduen jaitsiera; ondorioz, horrek hainbat langileren lan-baldintzak urratu ditu, eta behar-beharrezkoa deritzogu datorren ikasturterako akordioan adostutakoa jasotzea.
Akordioa oinarri hartuz, lanaldiaren zenbaketa eta egitura orokorra zehazteko proposamena egin du LABek. Era berean, Bigarren Hezkuntzan 30era arteko 7 ordu osagarriak ezin direla erabili irakastordu izaera duten jarduerak emateko defendatu du LABek, Hezi+ (He+Hobetuz) kasu.
Eguneroko antolaketarako hobekuntzei dagokionez, langileekin batera landutako hainbat ekarpen helarazio dizkio LABek Sailari, besteak beste, ebazpena argiagoa eta zehatzagoa izatea.
Idatzizko dokumentaziorik ez dugunez jaso, ez dakigu ze ekarpen izan diren onartuak eta zeintzuk ez. Horren aurrean, ebazpena lantzen jarraitzeko eskaera egin diogu Sailari.
> Lanbide Heziketako Ikasturte hasierako ebazpenak
Ebazpena lantzen irailaren 16an hasi ginen, eta prozesuan, LABek behin eta berriz egin ditu ekarpenak. Urtarrilaren 21eko mahaian puntu desberdinetan adostasunetik gertu geratu ginen, ustez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin, eta ekarpenen dokumentuaren zain gelditu ginen.
Jasotako dokumentua guztiz bestelako ildo batetik joan da. Lanbide Heziketako Sailburuordetzako plangintza eta antolakuntza zuzendariak bere interpretazio propioak txertatu ditu, hitzarmenaren kontra eginez eta langileen lan baldintzak okertuz.
LABetik urte hasierako ebazpenean Lanbide Heziketako artikulu propioak hitzez hitz kopiatzeko eskatu diogun arren, sailburuordetzak bere interpretazioa gaienduko dela adierazi du, aldebakarrez.
Honen aurrean, gaur-gaurkoz akordiaren ez betetze bat dagoela ikusita eta sailburuordetzak gaur adierazitako posizioarekin aurrera jarraituz gero, bide judiziala eta ekintza sindikala aktibatuko du LABek ikastetxez ikastetxe.
Bukatzeko, Sailak gaur egitekoa zenbatzorde paritarioa aldebakarrez bertan behera uzteko erabakia oso larritzat jotzen du LABek. Erabaki horrekin, argi uzten ari dira Sailetik akordioa bere osotasunean betetzeko ez duela benetako borondaterik.
Hori dela eta, akordioa osotasunean betetzeko bide judiziala aktibatuko du LABek, baita ekintza sindikala ere. Hortaz, langileei dei egiten diegu datozen asteetan antolatuko ditugu mobilizazioetan parte har dezaten.
INFO-2026-04-27-1


