Apirilaren 25ean EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak grebara goaz

313

Martxoaren 21ean ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok prentsaurreko bat eman genuen. Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu genuen, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.
Hori dela eta mobilizazioetara jotzeko erabakia egin genuen publiko. Martxoaren 23an elkarretaratzea egin genuen Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta egun osoko greba daukagu deituta apirilak 25erako.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak
abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Prentsaurrekoa baino bizpahiru egun lehenago, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat ere aurkeztu genien. Bertan, negoziaketarako gure borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu genien.
Gaur gaurkoz ez dugu patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere.
Patronalen inmobilismo honen aurrean, ezinbestekoa da erantzun irmo bat ematea Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen aldetik.
Ostegun honetan, apirilaren 20an, ordezkarien elkarretaratzea gauzatuko dugu goizeko 11.00etan sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolak Donostian daukan egoitzaren aurrean.
Eta Apirilaren 25ean, datorren asteartean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileok grebara deituta gaude.
Sindikatuok sektoreko langileak greba gauzatzera eta egun horretarako Bilbon antolatuko dugun manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu. Autobusak antolatuko ditugu, beraz zuen ikastetxeetako ordezkariekin jarri harremanetan izena lehenbaitlehen emateko. Manifestazioa goizeko 11.00etan Jesusen bihotzetik aterako da eta Arriaga plazan amaituko da.
Patronalek ozen entzun behar dute jadanik bere mobilizaziorako gaitasuna erakutsi duen kolektibo honen ahotsa eta aldarrikapena!!

Lan Hitzarmenaren negoziaketarako sindikatuon aldarrikapen nagusiak:

Iraupena
2022-2024 (2021eko soldatak barne).
Lan-zamak arintzeko neurriak
◦ Irakasleak: eskola orduen murrizketa esanguratsua. Murrizten diren eskola orduak ordu osagarri bihurtzea eta ordu osagarri horiek lan pertsonalerako izatea.
◦ Irakasle ez diren langile tituludunak: Irakasleen urteko lanaldi berdina
◦ Kolektibo guztietan ordezkapenen erregimena hobetzea
Sektore feminizatu eta prekarioentzako hobekuntzak
• HH Lehen zikloko langileak HH bigarren zikloko langileekiko homologazioan pausu garrantzitsuak
• Hezkuntza Laguntza Espezialistak (EAE) lanaldi osoak bermatzea eta ordu osagarriak gehitzea arreta zuzenekoak murriztuz
• AZP urteko lanaldi murrizketa esanguratsua, lan zamak neurtzeko eta mugatzeko neurriak ezarriz
Soldatak
• KPIaren bermea
• Aurrez galdutako eros ahalmena berreskuratzen joatea.
• DBH 1 eta DBH 2ko irakasleen soldata parekatzea
Enplegua. Lanpostuak mantentzeko
• Birkokapen prozedurari buruzko erreglamendua Hitzarmenean jasotzea eta
betearazteko bermeak ezartzea
• Birkokapen akordio mugagabea bermatzea
Lanbide Heziketa
– Lanaldi irregularra arautzea: Asteko ohiko eskola orduak gainditzeko baldintzak negoziatu eta hitzarmenean txertatu:
Ordu lektibo eta osagarrien proportzioa mantendu beharko da
Konpentsazioa egon beharko da
– FCTs: 6 ordu astean ikasturte osoan; ez bakarrik praktika garaian
– Tailerretan bikoizketa arautu
– Lanbide Heziketako lege berriak ekar ditzaken aldaketen aplikazioa negoziatzea
Behin behineko kontratazioa eta aldizkako kontratazio finkoa
• Lanaldi osoko kontratu mugagabeen nagusitasuna jasotzea
• Aldizkako kontratu finkoen erabilpenik ez dela egongo jasotzea arau orokor bezala.
Lan Osasuna
– Behin behineko ez gaitasun osagarria baja-denbora efektibo osoan.
– Arrisku psikosozialak, bai prebentzioan baita identifikatutako gabeziak
konpontzeko planak ezarri ikastetxe guztietan, jazarpen-protokolak barne
Euskara Planak
– Plantilla osoarentzat, irakasleak ez direnak barne
Berdintasun Planak
• Hitzarmeneko zentro guztietan.

gizarte_ekimena_GREBA-1