Haurreskolak Partzuergoko lehenengo greba-egunak erabateko jarraipena izan du

485

(EAE, Haurreskolak)

Haurreskolak Partzuergoko langileek bat egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuok egin dugun deialdiarekin, eta jarraipena %73koa izan da EAEko haurreskoletan. Lan Sailak ezarri dituen gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta hainbat haurreskoletan plantilla guztiari kendu zaio greba egiteko eskubidea, alegia bi hezitzaileko haurreskola guztiei, orotara 278 langileri. Gainera, Partzuergoko gerenteak, Zorione Etxezarragak, Dekretuak dioenatik haratago joan da gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, greba desitxuratzeko helburuz. Oztopo guztiak gaindituta, hamarnaka kontzentrazio egin ditugu hiriburuetako deialdiez gain. Familia, herritar eta udal batzuen babesa ere jaso dugu hezkuntza zerbitzu publiko hau duina izan dadin.

Haurreskolak Partzuergoko langileoi greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratu. Aipatu beharra daukagu eduki eta zentzurik gabeko bilera deialdiak egin dizkigula Zorione Etxezarragak. Gainera, greba bertan behera uztearen truke, mahai negoziatzaile bat deituko zuela esan zigun gerenteak, eta  ostean abenduaren 22rako deitu du. Bertan, Jaurlaritzako ordezkariak egongo omen dira eta kudeaketako langileen aurreakordioa bakarrik lantzeko asmoa dute, sinatu zela ia urtebete igaro da eta hau ere ez dute bete.

LAB, Steilas eta ELA sindikatuok ez dugu mehatxurik ezta txantairik onartuko, eta Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen dugu. Gauzak honela, abenduaren 22ko iragarritako gai-ordenari aldarrikatzen ari garen puntuak gehitzea eskatu dugu, bertan landu daitezen. Honakoak dira:

  • Ordezkapenak betetzea, hezitzaileen mugimenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.
  • Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa hastea, irakaskuntzako kolektibo guztietan Hezkuntza Saila egiten ari den bezala.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Covid 19arengatik norbera babesteko ekipamenduen horniketan ere Haurreskolak Partzuergoa sartzea. Haurreskoletan eguneroko gastuari aurre egiteko eta jarduera pedagogikoa garatzeko dirurik gabe gaudelako.

Gerenteak berak onartu du duen aurrekontuarekin ez zaiola heltzen eskatutakoak betetzeko, eta. ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan-baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira. Gauzak horrela, LAB, Steilas eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea ezinbestekoa dela azpimarratzen dugu. Jokin Bildarratzek du giltza gatazka honetan, horregatik, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita  Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere. Egoeraren larritasuna eta Hezkuntza Sailaren utzikeria kontuan hartuta, egoera aldatu ezean abenduaren 16rako deitu dugun greba deialdiarekin jarraitzea baino ez zaigu geratuko. Haurreskolak Partzuergoko langileoi, familiei eta udalei zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen diegu.