Urtarrilaren 12ko Mahai Negoziatzailean Ikastolen Elkarteak eta EIBk ez diete langileon eskakizunei inongo erantzunik eman. Ikastolek negoziatzeko edukirik aurkeztu gabe Lan-hitzarmeneko negoziazioa kinka larrian jarri dute. Egoera aldatu ezean, ikastoletako langileria mobilizatzera deituko dugu.
Ikastolen Elkarteak eta EIBek alde bakarrez aplikatu dituzten lansari igoerak KPItik oso azpira jarraitzen dute. Bestalde, hezkuntza publikoko langileen lansarien ekiparazio bidean ez dago urratsik.
Gainerako ataletan ere ez dago aurrerapenik: lan kargaren jaitsierari buruzko eskakizunak erantzunik gabe jarraitzen dute; aurreko krisian aplikatu ziren murrizketak kitatu dituzte, 2011ko zorra izan ezik, ez baitute bere gain hartu; ez dute baimen eta lizentzien gainean hitz egin nahi; erretiro aurreratu duinagorako formulak esploratu gabe jarraitzen dute. Horiek guztiek negoziazio mahaia kinka larrian jarri dute.
Bestalde, berriz eskatu dugu EIBko ikastoletan meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioetan oinarritutako langileen sarbide gardena Kontratazio Batzordeen bidez arautzea.
Txanda kontratuari dagokionez, EHIk txanda- kontratuen gainkostua finantzatzen duen diru-laguntza agindua argitaratu ez arren, baldintzak dituzten ikastoletan kontratu horiek egiteko aholkua eman du.
Bukatzeko, gogor salatu nahi dugu abenduan zehar, gutxienez, bi ikastoletan eman diren bi Hezkuntza Laguntza Espezialisten kaleratzeak.
Hurrengo mahai negoziatzaile baterako datarik gabe amaitu zen bilera. Ikastolek mahaian edukirik aurkezten ez badute, langileak mobilizatzera deituko ditugu.
Lan-hitzarmeneko-mahaia-2023-1-13-2.0