PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA HELBURU Hezkuntza lege aurreproiektu honi EZ, legea langileokin eraiki

1393

Hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa aldarrikatuko dugu LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok antolatuko greba zein mobilizazioetan, “Hezkuntza lege-aurreproiektu honi EZ, legea langileokin eraiki” leloarekin, gaur prentsa-aurrean egindako agerraldi bateratuan aurkeztu dugun bezala.

EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungohezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratuta, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula adierazten dugu, sare publikoa baita aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena. Horregatik, hurrengo aldarrikapenak egin eta legean jasota gera daitezen exijitzen dugu:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu. Egungo hezkuntza-sistema duala gainditu behar da, interes partikularrei planto eginez eta Euskal hezkuntza-sistema publiko eta propio baterako bidea sustatuz. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da horretarako, egiturazko aldaketa, neurri zehatz eta inbertsioak jasoz: azpiegiturak hobetu eta berriak sortzea, soldaten eguneratzea eta soldata arrakalekin bukatzea, publifikazio prozesu sendoak ezartzea, langile guztien lanpostuak bermatzea, edota pribatizaturiko zerbitzuen lehengoratzea-azpikontratako langileak subrogatuz-. Bestetik, Haurreskolak Partzuergo Publikoa Hezkuntza Sailean integratuko dela jaso behar du, hau doakoa izanik eta zerbitzua unibertsalizatuz.
2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.
Sistema dualak sortzen duen segregazioa ekiditeko egiturazko aldaketak zein neurri zehatz eta eraginkorrak jaso behar ditu lege honek. Besteak beste:
– Planifikazioan euskal eskola publikoa erdigunean jarri eta lehenetsi.
– Itundutako sareari betebeharren kontrol mekanismo zorrotzak eta ikusgarriak ezarri.
– Matrikulazio bulego bakar eta erreal bat bideratu.
– Familien eskola erabakitzeko eskubidea ezin da gizarte kohesioaren gainetik ezta aukera berdintasunaren gainetik egon.
– Planifikazioan eragingo duten neurri zehatzak ere jaso behar dira, euskal eskola publikoa eskola maparen erdigunean jarri eta honen eskaintza lehenetsiz.
– Kuotak kobratzeko debekua jasotzeaz gain, doakotasun erreala bermatzeko neurri zehatzak abian jartzea jaso behar da legez; gutxienez ikuskatzaile talde baten sorrera eta auditoritza-unitate sendo batena. Finantzazio publikoa jasotzen duten ikastetxeek bere kontuak publiko egiteko obligazioa izango dute, azpiegituren ordainketa nola egingo den zehaztuz eta eskola guztientzat pareko irizpideak ezarriz. Horretaz gain, sindikatu, guraso elkarte eta alderdi politikoez osatutako gardentasun mahai baten sorrera.3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
Titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak sare publikoan integratzeko erabakia gauzatzeko prozedura eta bertako langileak subrogatzeko klausula jasoko du legeak, prozesu hau alde sozialarekin aurretiaz negoziatuta.
4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
Horretarako, EAEen hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu behar ditugu, besteak beste, langileria propioa izateko. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratuko du legeak. Horretaz gain, euskal curriculuma erabakitzeko
eskumena EAEn egongo dela eta curriculum hau hezkuntza-komunitatearen parte hartzearekin garatu eta hezkuntza-sistema osoan aplikatuko dela jaso behar du legeak.
Curriculumaren erreferentzia markoa Euskal Herria izango dela jaso beharko du legeak, curriculuma Espainiako gobernuaren aurrean defendatzeko konpromiso espresoarekin batera.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
Hezkuntzan inbertsioa handitzea legez jaso behar da, BPGren %6ra iristea helburu izanik datozen 3 urtetan eta Europako batezbestekora parekatzea legean jasoz.
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-eredu orokortu eta inklusibo bakarra behar da eta hizkuntza ereduak desagerrarazi behar dira; Lanbide Heziketan barne. Euskararen presentzia bermatua egon behar da eskolako jarduera
guztietan (jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, etab). Horretara iristeko trantsizio bat bermatu behar du legeak eta horretarako: langile kolektibo guztiak euskalduntzeko planak ezarri behar ditu legeak.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
Hezkuntza-sistemaren oinarri gisa honako hauek ezarri behar dira: euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, inklusioa, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea.
Oinarri hauek bete beharko dituzte diru publikoa jasotzen duten ikastetxe pribatu guztiek, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatuz. Gainera, itundutako ikastetxe pribatuen eskola-ordu eskaintza hezkuntza publikoarekin parekatua izango da, ezin
izango dute gainditu. Diru publikoaren parte-hartze eta kontrol publikorako auditoria-unitatearen egitura legea indarrean jartzen denerako osatuko da, hala nola, hezkuntza-ikuskaritza indartzeko neurriak jasoko ditu legeak.
8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
Hezkuntzako langileon lanpostuak mantendu behar dira, baita prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ere.
Sare publikoan langileen egonkortasun eta kontsolidaziorako prozesuak alde sozialarekin negoziatzeko betebeharra eta ibilbide zehatz bat jaso behar ditu legeak, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko. Baita %8tik gorako behin-behinekotasuna errepikatzea ekiditeko neurriak ere.Itunduetako langileen eta publikokoen lan-baldintzen homologazioa epe jakin batean negoziatzeko betebeharra eta ibilbide zehatza jaso behar ditu legeak.
Langileak birkokatzeko bermedun akordio iraunkorra jasoko du legeak, hau diru publikoa jasotzeko betebeharra izanik.
Langileen sarbideari dagokionez: batetik, sare publikoan gaitasun memoristikoen gainetik langileen lanerako gaitasuna baloratuko duen EPE eredu berri baterako trantsizioa gauzatzeko betebeharra legez jaso beharko da; eta bestetik, sare itunduan
lan-eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharra betetzeko prozedura jaso beharko da, aukera berdintasuna, meritu eta gaitasunen araberako sarbide bakarra bermatu bidean.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatzeko, batetik, langile publikoak dauden heinean ezingo dira zerbitzuak
azpikontratatu; eta bestetik, egun pribatizaturiko zerbitzuetan (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…) lehengoratze prozesuak gauzatuko direla jaso behar du legeak.
Hala eskola publikoetan nola itunduetan, bertako langileen subrogazioa bermatuz. Botere-korporatibo digitalei mugak ezartzeko klausula jaso behar du legeak; hala, datuen erabilera debekatuz zein software propioa sustatuz eta honetarako 5 urteko
trantsizio epe bat ezarriz.
10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
Hezkuntza legetik eratortzen diren dekretu eta erregelamendu guztiak alde sozialarekin mahai-negoziatzailean negoziatu behar direla jaso behar du legeak; besteak beste, planifikazio dekretua, ikasleen onarpen dekretua zein ituntzearen dekretua. Ezinbestekoa izango da legearen osaketa prozesuari berari begira langileokin negoziazio markoak ahalbidetzea.

Horregatik guztiagatik, hezkuntza lege aurreproiektu honi EZ esaten diogu eta hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Mobilizazioak PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA HELBURU lelopean deituko ditugu, “Hezkuntza lege-aurreproiektu honi EZ, legea langileokin eraiki”.
Aldi berean, Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.