EHUn jubilazio-akordioen deuseztatzea salatu eta plantillak egonkortu eta gaztetzeko eskatu dugu

310

Urriaren 28an, ostirala, Gipuzkoako kanpusean bildu ginen EHUko jubilazio-akordioen deusestetzeak ekar ditzaketen ondorioak aztertzeko, baita horren aurka egin ahal mobilizazioak eta beste motako ekintzak aztertzeko. Ondoren, murrizketa horren kontra eta plantillak egonkortu eta gaztetzeko eskatzeko mobilizatu ginen.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igarotzeko neurriak” izenburuan, langileen jubilazioa sustatzeko indarrean dauden akordioak deuseztatzeko zuzendaritzak eramandako proposamena. Hasieratik lan eskubideen aurkako erasoa baino izan ez dena, zuzendaritzak itxurazko negoziazio gisa mozorrotu du, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Madrilgo Gobernuak eta patronalak sindikatu estatalekin adostutako langileriaren aurkako inposizioa bere egin eta lotsagabe aurrera eramateko.

EHUren zuzendaritzak jaso duen presioa Gobernu Kontseilukideen artean hedatu du ondoren, eta hala ere ez du boto gehiegi lortu, errektoretza-taldearen 11 kideez gain beste 9 soilik konbentzitu ditu haien proposamenaren alde, beste 15ek aurka bozkatu dute ordezkatzen dituzten langileen defentsan. 4 abstentzio eta nulu batekin, emaitza zera izan zen: 20 alde, eta beste 20 ez. LABek kontseilukideei bidalitako gutun irekiak bere eragina eduki zuen.

Onartu eta berehala, Eva Ferreira errektoreak gutun bat igorri die langile guztiei honako hau esanez: “negoziazio prozesuak ez du akordiorik ekarri. […] Negoziazio mahaietan administrazioaren ezein proposameni ere ez zaio egin kontraproposamen errealistarik, kalte ordainak bere horretan mantentzeko aldarrikapenetik harago”. Hori ez da hala, LABen hasieratik proposamenen osotasunaren aurka ginen, baita ere erretiroa hartu aurretik har daitezkeen lan arintzeen gaian. Unibertsitatea izan da ezer negoziatu nahi izan ez duena. Errektoreak zera dio ere: “pizgarriak mantendu egiten dira lanaldiaren murrizketen bidez”. Beste gezur bat, orain arte zeuden lan-zamak gutxitzeko baldintzak modu larrian okertu dituzte, kopuruan eta jubilatzeko adinean.

Errektoreak bidalitako gutunarekin nabarmen geratu da erabakia aldebakarrez hartuta zutela eta negoziatzeko behar den konfiantza hautsi dutela ohartarazten diegu zuzendaritzari eta errektoreari berari. Hori dela-eta, ikusteke dago hurrengo mahai negoziatzailetan LABek izango duen jarrera, eta argi eta garbi esaten dugu langileen defentsan hartu beharreko bideak, mobilizazioak eta epaitegiak barne, erabiliko ditugula, besteak beste unibertsitate publikoak dituen arazo larriak —prekarietatea eta plantillen zahartzea— salatzeko eta  benetako irtenbideak bilatzeko.