Irakasleak EAE: Ikasturteko lehen mahai sektorialaren balorazioa

420

Atzo, urriak 23, ikasturteko lehen mahai negoziatzailea izan genuen. Bertan, lekualdatze-lehiaketaz, 2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintzaz, komunikazio planaz eta akordio arautzaile berri baterako negoziaketak izango duen egutegiaz hitz egin zen.

Lekualdatze-lehiaketa:

Ikasturte honetan izango den lekualdatze-lehiaketa estatalari dagokionez, egindako ekarpenak eta egongo diren aldaketak azaldu zituen Hezkuntza Sailak; honen inguruan formakuntza bat eskainiko dugu azaroaren erdialdean. Beste behin ere, Hezkuntza Sailak marko espainiarra ez duela gaindituko adierazi zuen.

EPEak:

2025eko uda partean Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako EPEak deituko ditu Hezkuntza Sailak, eta 1.272 lanpostu eskainiko direla adierazi zuen. Behin-behinekotasun tasarik altuena duen kidegoa izanik, LABentzat %5eko behin-behinekotasunaren bidean urrats bat da. Era berean, EPE eredua zaharkituta dagoela adierazi eta horri heltzea eskatu zion LABek. Bide horretan, gaitegiak euskaraz, eguneratuta, eskuragarri eta doakoak izatea eskatu genuen.

Komunikazio plana:

Hezkuntza Sailak langileok askotan salatutakoa onartu zuten: langileekiko komunikazioa asko okertu dela azken urteotan. Hori dela eta, langileekiko arreta hobetuko duela aipatu zuen, ahoz; horretarako, telefono zein aurrez aurreko arreta berrezarriko zuela eta Komunikabide zein Tramitaguneren erantzun epeak azkartuko zituela adierazi zuen. Horrez gain, zuzendaritza-taldeekiko arreta zuzenerako telefonoa ere martxan jarriko zuela aipatu zuen. Sindikatuekiko komunikaziorako kanalak ere hobetuko zituela esan zuen.

Akordio arautzailea:

Hezkuntza Sailak, negoziatzeko, hilabete eta erdirik behin biltzeko egutegi proposamen bat helaraziko zigula adierazi zigun sindikatuoi. Iazko ikasturtean negoziatzen aritu ginen, eta marra gorritzat jo genituen gaiak landuko direla adierazi zuen.

Gogora ekarri behar dugu Hezkuntza Legearen testuinguruan egindako bi greba egunek Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko aukera ireki zutela. Negoziazio horren ondotik, 2023ko ekainaren 1ean, sinatutako akordio laboralak sektore guztiko langileen lan baldintzak negoziatzeko aukera zabaldu zuen. Modu horretan, arestian aipatu bezala, 2023-2024 ikasturtean zehar akordio arautzaile berri bat negoziatzen aritu zen LAB, komunitatea osatzen dugun afiliatuak bidelagun izan zirela. Izandako negoziazioen ondoren, LABek ez zituen nahikoa oinarri ikusi irakasleon lan baldintzak arautzen dituen akordioa sinatzeko. Era berean, argi utzi genuen ikasturte honetan zehar langileokin batera bidea egingo genuela akordio berri bat lortzeko baldintza egokiak sortzeko.

LABek ikasturte hasieran mobilizazio desberdinen bidez aldarrikatu bezala, hezkuntza publikoa indartu dezan exigitu zion atzokoan ere Hezkunta Sailari, inbertsio publikoa handitu eta baliabidez hornitu dezan eskatuz. Horrez gain, irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen akordio arautzaile berri bat izateko, afiliaziorekin egindako lanketari bide emanez, ezinbestekotzat jo du LABek, besteak beste, lan zamak arintzea, ordezkoen udako kobraketa berreskuratu eta araudi berria adostea, gazteberritze neurriak txertatzea, Lanbide Heziketako berezitasunak arautzea eta lizentziak eta baimenak hobetzea, zaintzaren ikuspegitik.

Bukatzeko, Madrilen erabakitzen diren soldata eta enplegua bertan erabakitzeko lanean jarraituko du LABek. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak duen borondate eza borrakatzeko mobilizatzen jarraituko dugu. Galdutako %20ko erosahalmena berreskuratu, birjartze-tasaren mugak gainditu eta beharrezkoak diren lanpostuak sortu eta egonkortzeko. Era berean, bada garaia 30 orduko lanaldi erreala izateko, zaintza lanak kolektibizatzeko, enplegua banatzeko, lan eta bizi baldintzak hobetzeko eta lan osasuna zaintzeko.

Hasiak gara LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin asanbladak egiten ikasturte honetan ditugun erronkak partekatu eta elkarrekin bidea egiten jarraitzeko. Era berean, ikastetxeetan asanbladak egingo ditugu LABek dituen eskaerak partekatu eta akordio arautzaile berri bat erdiesteko helburuz negoziazio posizio egoki bat langileekin batera sortzeko asmoz.

INFO_Urriak-24