Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmen berria negoziatzeko aldarrikapen-plataforma aurkeztu du LABek

418

Maiatzaren 30ean EAEko lan-hitzarmena osatzeko burutu den mahai negoziatzailean LABeko ordezkari, afiliatu eta Gizarte Ekimeneko hainbat langileekin osatutako aldarrikapen-plataforma aurkeztu dugu.
Izan ere, hezkuntza komunitatea ahalduntzea ezinbestekoa jotzen dugu. Hezkuntza komunitatea izan behar baita biharko Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren oinarri. Horregatik Gizarte Ekimenaren bizkarrezurra diren langileak zaindu eta entzun behar dira. Kudeaketan, kontratazioetan, lan baldintzetan eta bestelakoetan, gardentasuna, parte-hartzea eta adostasuna nagusitu behar dira lan hitzarmen berri honetan.
Egun, Gizarte Ekimeneko langileek, lan berdina egiteagatik titulartasun publikoko eskoletako langileek baino baldintza kaxkarragoak ditugu oro har. Hau zuzentze aldera, langile hauekiko lan baldintzen homologazioa da gure helburua. Homologazio bide horretan patronalek hurrengo konpromisoak hartu beharko dituzte: euskalduntzea, euskal curriculuma, laikotasuna, hezkidetza, inklusioa eta aniztasunaren trataera, diru publikoaren kudeaketan gardentasuna, aukera berdintasuna kontratazioetan, kuotak desagertzea, ikas komunitatearen parte hartzea, etab…
Lan baldintzetako jauzi hori are handiagoa da kolektibo prekarizatuenetan. Horrela, 0-3 zikloko langileek, Hezkuntza Laguntza Espezialistek eta zerbitzuetako langileek lan- baldintza kaxkarrenak dituztela argia da. Lan Hitzarmen berria negoziatzeko orduan kolektibo horien beharrei erantzutea izango da ere gure ardatzetako bat.
Guztion betebeharra izango da lan baldintzak hobetzeko bidean, eta Euskal Herrian eraiki nahi dugun eskola ereduaren bidean, gure esku ditugun tresnekin urrats eraginkorrak ematea. Lan Hitzarmena, urrats horietako asko emateko tresna ezin hobea da.
Hurrengo bilera ekainaren 21ean izango da eta 3 gai garrantzitsuen inguruan arituko gara: 2021eko soldata igoera, Lanbide Heziketako lan-orduak arautzea eta azkenik, LABek eskatuta, birkokapen prozeduraren inguruan.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKO KOMUNITARIOAREN BIDEAN, LAN HOMOLOGAZIOA ORAIN!

16.info_LAbek-aldarrikapen-plataforma-aurkeztu-du_eus