Ahaideen zaintzarako baimenen inguruko 49. artikuluaren LABen irakurketa

450

Aldebakarrez moldatu zituen Hezkuntza Saileko pertsonal kudeaketak 2020ko ekainaren 30eko aginduaren bidez ahaideen zaintzarako baimenen eteteak, eszedentzien iraupenari buruzkoak zein lanaldi aldaketak burutu ahal izateko irizpideak. Orduan aurreikusi genuen bezala, langileen ordezkaritzari jaramonik egin gabeko erabakiek kaltetuak sortu zituzten eta ordutik dihardugu LABen langile guztientzako aterabide egokienaren alde lanean. Hots, lanpostuaren titularraren eskubideak eta ordezkoaren beharrak modu orekatuan ezarriko lituzkeen aterabidearen alde lanean.
Lanketa horren erakusle dira bai Hezkuntza Sailarekin, bai zaintzarako baldintzak kaltetuta izan dituzten langile titularrekin, baita oporren bezperan kontraturik gabe gelditzen ziren langileekin LABetik bideratu ditugun elkarrizketa eta hausnarketak.
Lan horren emaitza da gaur-gaurkoz Jaurlaritzako mahai negoziatzailean dagoen araubide proposamena. Honetan, aurrerapauso nabarmenak daude kaltetu ezberdinen egoerak zuzentzeko:
• Urtarrilak 31ko eta abuztuak 31ko datak desagertzen dira (Jaurlaritzak aldaketak egiteko baimendu zituen bi data bakarrak).
• Baimena eskatzen denetik aurrera, behin egin ahalko da lanaldi murrizketa edo etetearen aldaketa nahieran.
• LABek eskatu bezala, ondorengo hauek salbuespentzat hartuko dira: Familia-unitatearen galera ekonomiko egiaztatua izatea, elkarrekin bizi den ahaide baten gaixotasun larria, helbidea aldatzea, berrabiarazteko edo eteteko premia larria dakarren inguruabar egiaztatua, seme-alaba adingabearen egokitzapen-aldia (hiru urte bete arte), edota baimenaren gehienezko epea agortzea.

Gauzak horrela, proposamenaren aurrean LABek eskaria egiten du araubidea adostutako baldintzetara lotzeko eta berehala ezartzeko. Izan Jaurlaritzak aldebakarrez egiten duelako, edota izan LABekin batera langile ordezkarien gehiengoa osatu dezaketen sindikatuen sinadurarekin indarrean jartzen delako.