Haurreskolak Partzuergoa: 2025-2026 ikasturteko balorazioa eta 2026-2027 ikasturterako erronkak

70

2025-2026 ikasturtea elkartasunez, mobilizazioz, negoziazioz, antolakuntzaz eta borrokaz beteriko ikasturtea izan da. Hasi berri dugun ikasturtea ere erronkaz beterik dator.

> Akordioak osotasunean betetzeko lanean aritu gara

Azken ikasturteetan langileentzako eta ematen dugun hezkuntza zerbitzurako onak diren hainbat akordio sinatu ditugu, Lan Hitzarmena eta ordezkoen araudia barne. Atzean utzitako ikasturtean, LABetik buru belarri lanean aritu gara sinatutakoa osotasunean betetzeko, proposamenak eginez, mobilizatuz eta bide judiziala jorratuz. Guretzat ezinbestekoa da sinatutako guztia bete eta garatzea.

Urteak daramatzagu arrisku psikosozialen aurrean ebaluaketa psikosozialak maiztasunez egin behar direla aldarrikatzen, baita bertan neurri prebentiboak integratzea ere. Urtarrilaren 19an arrisku psikosozialen ebaluazioaren berri eman zuen Sailak.

> Akordio berriak erdietsi ditugu

  • Lan Hitzarmenaren testuan txertatu genituen berme klausulak ahalbidetutako hobekuntzak beranduago sinatu ziren hezkuntzako hitzarmeneko hainbat hobekuntza gurera ekarriz.
  • Haurreskolak Partzuergoak jarritako oztopoen gainetik, alde sozialetik LABek bakarrik, 2025eko otsailaren 10ean sinatutako Lan Hitzarmenean jaso bezala, Plantillak esleitzeko Irizpideen akordioa erdietsi genuen 2026ko martxoaren 2an . Akordio hau ezinbestekoa izan da hezitzaileen lan karga arindu, hezkuntza zerbitzua hobetzen jarraitu eta hitzartutako hezitzaileen lan baldintzak betetzeko. Nahi baino beranduago iritsi bazen ere, LABetik egin dugun lanak eta borrokak mereziizandutela berretsi dugu. Akordio bizia izanik, jarraipena eta proposamenak egiten jarraituko dugu. LABek sinatutako hitzarmenaren potentzialitateaz jabetuta, aipatzekoa da Steilas sindikatua hitzarmenaren sinadurara batu zela.
  • Haurreskolak Partzuergoan integratu diren udal haur eskoletako langileekin elkarlanean aritu gara LABeko sektore desberdinak, integrazioa ahalik eta ordenatuen egiteko. Lan sindikal horren ondorioz, uztailean akordioa erdietsi genuen.

    > Ikasturte berria, erronka berriak ortzi-mugan

    Aurreko ikasturtean zehar egindako lanaren ondorioz, emaitza garrantzitsuak lortu ditugu. Horregatik, 2026-2027 ikasturtean ere, lortutakoa sendotzeaz gain, aurrera egiten jarraitzeko bideorria langileekin batera idatziko dugu.
  • EHAAn hitzarmena argitaratzea lehentasuna da, Hitzarmenaren garapena bultzatuko dugu, besteak beste, kudeaketa alorreko hainbat araudi garatuz: ordezkapenen kasuistikak, ordezkoen araudia eta barne sustapenen araudia negoziatuz. Gainera, LABek Eusko Jaurlaritzan sinatu duen telelanaren akordioaren inplementazioa lehenbailehen egin behar da.
  • Bestalde, egin diren 34 ekoizpen kontratuak, LEP arteko bihurtu artean, sortu diren 63 LEPartekoak bezalako trataera izan dezaten akordioa sinatzea bultzatuko dugu.
  • Langileekin elkarlana sakondu nahi dugu: delegatu, afiliatu eta langileekin asanbladak egiten jarraituz eta bisitetan elkar elikatuz. LABentzat, langileen antolakuntza eta parte-hartzea lehentasuna dira, aurrera urratsak ematen jarraitzeko.
  • Lan Hitzarmena 2026ko abenduaren 31an iraungitzen da eta buru belarri jarriko gara hurrengoaren negoziazioan.
  • 2026-2027 ikasturtea hauteskunde sindikalen urtea ere bada. Horregatik, ikasturte garrantzitsua izango da, LABen ordezkaritza indartzeko eta langileen parte-hartzea handitzeko. Hauteskunde sindikalak ez dira soilik ordezkariak aukeratzeko unea, langileen antolakuntza sendotzeko aukera irekitzen dute eta Eusko Jaurlaritzari erantzun irmoa emateko. Enpleguaren defentsan eta zerbitzu publikoak indartzeko borrokan jarraituko dugu. Zenbat eta antolatuago egon, orduan eta indar handiagoa izango dugu gure eskubideak defendatzeko eta etorkizuneko negoziazioetan aurrera egiteko.

LAB Haurreskolak osatzen dugun kideok ilusioz ekiten diogu ikasturte berriari. Erronka handiak ditugu aurretik eta zuekin batera urratsez urrats egingo dugu bidea borrokak eta lanak merezi dutela berresteko. Ikasturte berrian ere, LAB sindikatua bidelagun izango duzue, Haurreskolak Partzuergoa ardatz izango duen 0-3 zikloaren udal eskaintza publiko bateratuaren aldelanean eta borrokan jarraituko dugulako. Doakotasuna lortu ondoren, 0-3 zikloaren defentsan eta erabateko unibertsaltasuna lortu arte tinko jarraituko dugu.

INFO-2026-09-04