
LABek elkarretaratzea egin du Bizkaiko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzan, pasa den ikasturtean irakaskuntza publikoan sinatu zituen lau hitzarmenenak balioan jarri eta Hezkuntza Sailari bete eta garatu ditzan exijitzeko.
LABek akordio garrantzitsuak erdietsi zituen iazko ikasturtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoan aritzen diren zerbitzuetako langileen, heziketa bereziko hezitzaileen, irakasleen eta Haurreskolak Partzuergoko kolektiboetan. Urteetan egindako lanari, mobilizazioei eta grebei esker lortu ziren akordiook. 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzea ahalbidetu zuten, eta sektore osoan aurrerapauso nabarmenak ekarri zituzten.
Hala ere, LABek adierazia duenez, Hezkuntza Sailak ez ditu konpromiso horiek behar bezala bete, ez du akordioak garatzeko urrats errealik egin, eta, hainbat kasutan, sinatutako hitzarmenak ez ditu osotasunean bete.
Zerbitzuetako langileen kasuan, 2025eko apirilean, 16 urteren ondoren, hitzarmena adostea lortu zen. Saileko lan baldintza prekarioenak eta kolektibo feminizatuena izanik; besteak beste, lanaldiak jaisteaz gain, administrazioan dauden langileekin kategoriak eta soldatak ekiparatzea lortu zen, kategoriak berriak sortu ziren eta ratioak jaitsi. Hala ere, Hezkuntza Sailak ez du akordioa bete: sukaldeetako ratioak eta garbiketako metro jaitsierak ez dira gauzatu. Horrez gain, hitzarmenaren garapena geldirik dago. Are gehiago, 2023ko lanpostuak sortzeko mekanismoa adosteko sinatutako akordiotik eratorri diren 15 lanpostu sortzeko lanpostuen zerrenda modifikatzeko dekretuan, fusionatu diren zentroetarako zeuden bi lanpostu amortizatu ditu Hezkuntza Sailak, eta hirugarren bat beste zentro batean sortzeko erabili du, lan hitzarmena eta akordioa bera urratuz.
Heziketa bereziko hezitzaileentzat, 20 urteren ondoren aurrerapauso garrantzitsuak jasotzen dituen akordioa erdietsi zen 2024ko abenduan, lan baldintzak hobetuz eta hezitzaileen soldata Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen soldatarekin ekiparatuz, dagokien aitortza lortuz. Hezkuntza Sailak ez du negoziazio errealik ireki adosteke dituen plantillak esleitzeko irizpideei dagokionez, LABek proposamen zehatzak aurkeztu dituen arren. Are gehiago, sailak alde bakarreko irizpideak aplikatu ditu esleipenetan eta ordezkapenak betetzeko garaian zailtasunei aurre egiteko, eta LABetik proposatutakoak onartzeko gaitasun falta erakusten ari da, ez baitu aurrerapausurik egiten konponbideetako bat izan daitekeen jardun erdian dauden 400 baino gehiago lanpostu osora pasatzeko plana adosteko.
Haurreskolak Partzuergoko langileen kasuan, otsailean lan hitzamena sinatu zen 16 urteren ondoren. Besteren artean, honako hauek sinatu ziren: lan orduen jaitsiera, kudeaketa alorreko soldatak administraziokoekin ekiparatzea, arreta zuzeneko denboraren murrizketa… Hezkuntza Sailaren inplikazioa eskasa ari da izaten plantillak esleitzeko irizpideen negoziazioan. Hori dela eta, hainbat eta hainbat hezitzailek ezin dute hitzartu zen eguneko lanaldia egin. Haurrekin 6 orduko arreta zuzena hitzartuta badago ere, denbora hori gainditzen da pertsonal faltagatik. Era berean, 2024an sinatutako akordioa ere ez da behar bezala betetzen ari. Sortu behar diren 63 lanpostuk sortu gabe jarraitzen dute momentuz, eta 63 urteko langileen jardunaldi murrizketaren gainean —heren bateko murrizketa— interpretazio interesatua egiten ari da. LABek bi akordio horiek judizializatu behar izan ditu.
Irakasleen kasuan, maiatzean sinatutako akordioak 15 urteren ondoren lan baldintzak nabarmen hobetzea eta hezkuntza kalitatean urrats garrantzitsuak egitea ekarri zuen. Lan orduak murriztu, soldata igo eta lan kargak arintzeaz gain, baliabidez hornitzea lortu zen. Herri gisa ditugun erronkei erantzungo dieten eta LABentzat estrategikoak diren baliabideak lortu ziren: euskalduntzeari eta aniztasunari erantzuteko eta sindikatuak ezinbestekotzat zituenak. Irailetik hitzarmena aplikatzen ari bada ere, oraindik orain Hezkuntza Sailak ez du hitzarmena bere osotasunean bete. Izan ere, etapa bakoitzean aurreikusitako ordu jaitsieretatik sortu beharreko lanpostuak ez dira txertatu. Are gehiago, hainbat ikastetxetan ez dira ordu murrizketak eta Hedatze programa orduen barruan aplikatu. Ondorioz, hainbat eta hainbat irakasle behar baino ordu gehiago ari da egiten, eta, beste batzuetan, ikastetxeko orduekin baliabide falta hori konpentsatzera behartu dituzte.
LABek adierazi duenez, akordioei esker hezkuntza kalitatean eta lan baldintzetan urrats garrantzitsuak egin dira, baina Hezkuntza Sailari dagokio adostutakoa bere osotasunean betetzea eta garatzea. Bestalde, hezkuntza publikoan inbertsio handiagoa egiteko eskatu dio, azpiegituretan eta baliabideetan gabeziak konpontzeko. Europako estandarretan kokatuko gaituen BPGren %6ko inbertsioa egin behar du.
LABek, beraz, lanean jarraituko du langileekin batera hezkuntza publikoa indartzeko helburuz. Zentzu horretan, asanbladak deitzen jarraituko du afiliatuekin, baita zentroetan ere. Era berean, bide mobilizatzailea zein juridikoa aktibatuko ditu. Zentzu horretan, gainontzeko sindikatuei dei egin die elkarlanean aritzeko. Bestalde, Hezkuntza Sailari erabakiak hartzeko aldebakartasuna, itxurakeriak eta ez betetzeak baztertzeko eskaera egin dio LABek, eta, negoziazio mahaiak deitzeaz gain, edukiz bete eta adostutakoa garatu dezan exijitu.
> Argazki galeria:





