[EAE, Gizarte Ekimenekoak]
Langileen birkokapena eta lanbide heziketa puntu nagusiak izan behar zituen mahai negoziatzailea bertan behera utzi zuten gizarte ekimeneko ikastetxeetako patronalek duela bi aste. Premia ikusita, salatu eta mobilizazioari ekin genion, baita gaur, berandu izanda ere, biltzea lortu ere.
Gaurko hitzarmeneko mahaira aldiz, patronalek ekarritako proposamenean, aurrera-pausuak baino atzera pausuak jaso dituzte. Hutsune handiak izateaz gain, ez ditu sektoreko langileen beharrak betetzen eta aldarrikapen historikoak bete gabe geratzen dira, besteak beste:
- Ez dira ordezkapenak beteko, baja medikoa ez badago eta kategoria batzuk ordezkatzeko eskubide gabe geratzen dira.
- Gaixotasun-baja luzeak zigortzen dira.
- 0-3 eta Hezkuntza Laguntza Espezialistak ez dute euskalduntzeko planik izango.
- 58 urte baino gehiago duten langileei zuzeneko orduen murrizketa eskubidea kendu zaie.
- Administrazio eta zerbitzuetako langileei eta Hezkuntza eta Laguntzako Espezialistei gutxieneko %95eko ekiparazioa kenduko zaie.
- Lanbide Heziketako langileentzat ez dago aurrerapenik.
- Kontratazioetan eta promozioetan ez da gardentasunik egongo, nahiz eta diru publikoarekin egin .
- Hitzarmenaren erredakzioan hizkuntza sexista mantentzen da.
- Patronalek soldatak ez ordaintzeko inaplikazio klausula malguagoa eta erreztasunekin aplikatu nahi dituzte.
Gaur ere, ekainaren atarian gaudela, birkokapenen lan-poltsaren inguruko proposamen bat ekarri dute patronalek. Izenburuan, lanpostua galtzen duten langileen birkokapena bermatzeko prozedura bat dela sinestarazi nahi digute, baina mamian onartu egiten dute kaleratzeak egingo dituztela, diru publikoarekin ordainduko direnak gainera. Patronalek Eusko Jaurlaritzarekin adostu duten bezala, eta ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak ahalbidetuta, langileak kaleratzea doan aterako zaie.
Lehendik ere, hitzarmenean horrela jaso nahi dutelako, ikastetxeetako titularrei nahiera jarraitzeko eman nahi zaien babesean, proposamen hau beste pausu bat gehiago da LABen ustez, erabat salagarria diru publikoa tartean denean.
Itxura guztien arabera, birkokapenaren lan poltsaren gaia kolapso egoeran dago. Ez dago epe motzean emaitzak emango dituenaren itxurarik, negoziatzeko benetako borondaterik ez baitago LABen ustez. Beraz aurten, gelen jaitsiera dela eta, lanpostua galduko duten langileak kalean gelditzeko benetako arriskua aurreikusten dugu.
LABentzat, lotsagarria gizarte ekimeneko mahaian gertatzen ari dena. 29 greba egunen ondoren, ikasturte amaierara iritsi eta lanpostua galduko duten langileak kale gorrian gelditzeko arriskuan baitaude. LABek benetako birkokapen prozedura bat eskatzen du, lan-poltsarik edo kaleratzeko aukerarik jasoko ez duena, bereziki diru publikoaz finantzatuta, gardentasun eta printzipioetan oinarrituta eta ikasturte honetan lanpostua galduko duten langileei irtenbidea emango diena.
Oraingo honetan gizarte ekimeneko patronalek negozio borobila egin nahi dute akordioaren sinatzaile diren beste sindikatuen onespenarekin. Kontratazio eta kaleratze subjektiboekin jarrai dezakete eta, gainera, kaleratzeak doan aterako zaizkie patronalei, horretarako diru publikoa erabiliko baita.
Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan bizi dugun egoera larria ikusita, mahaian batasun sindikalerako deia egin du LABek, oraindik ere hainbat aldarrikapen daudelako lortzeko. Alde batetik, sareko ikastetxe guztietan langile kolektibo espezifiko bakoitzari dagozkion gutxieneko lan-baldintzak bermatuak izan ditzatela, ikastetxeen arteko bereizketarik gabe. Bestetik, berdintasun eta gardentasun printzipioetan oinarritutako benetako birkokapen prozedura, ikasturtea amaitzerako adostu eta martxan jartzea ezinbestekoa jotzen dugu.