LABek titulartasun pribatuko haurreskolentzako dirulaguntzak emateko deialdiaren harira egiten duen irakurketa

276

Azaroaren 12an 2024-2025 ikasturterako titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko haur eskolentzako laguntzak emateko deialdia argitaratu zuen Hezkuntza sailak EHAAn. Gogoratu dezagun itunpeko ikastetxeetako haur hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren mailako gelak ez daudela egun diru-laguntza honen bidez lagunduta, gela hauek inolako beharrik gabe 2022ko ekainean itundu baitzituen Hezkuntza Sailak, LAB Sindikatuak bere kontrakotasuna adierazi zuelarik.

Titulartasun pribatuko haur hezkuntzako lehen zikloko haur eskolen diru-laguntza deialdian Hezkuntza sailak zehaztu egiten du gela hauek mantentzeko asmoa, familia eta lana uztartzeko zerbitzu zabal bat eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko aitzakiapean. Alta, LAB sindikatutik ondorioztatzen dugu, dagoen eskaintza sendotu nahi dela, eta, beharrezkotzat joz gero, zabaldu. Ondorioz, jaiotze-tasaren beherakada dagoen testuinguruan, haur hezkuntzako lehen zikloaren gaineskaintza ordenatu eta mugatu ordez, berau orain arte dagoen bezala mantentzea erabaki du Hezkuntza Sailak.

LABek 2022an EAEko 2 urteko gelen ituntzea salatu zuen, haur hezkuntzako lehen zikloa guztiz apurtu baitzuen; arrazoi pedagogikoak albo batera utzi eta Patronalei ad hoc egindako ituntze-sistemaren aurrean gaudela esan genuen. 0-2a itundu gabeko etapa izanik, gaur gaurkoz diru-laguntzen politika batek finantzatuta jarraitzen du. Diru laguntza hauek emateko ez da hezkuntza proiektuen jarraipenik egiten, euskaraz lan egin behar izatearen derrigortasunik ezartzen, laikotasuna eta ekitate printzipiorik betetzeko eskatzen edo haurren onartze irizpiderik eskatzen. Hortaz, LABek beste behin ere txeke politika unibertsal honen ezarpena salatu nahi du.

LABen iritziz, ordua da Hezkuntza Sailak eta udalek, elkarlanean, egun dagoen 0-2ko plazen gaineskaintzari aurre eginez, haur hezkuntzako lehen zikloko udal mailako hezkuntza zerbitzu publiko bateratua planifikatu eta ordenatzeko. Haurreskolak Partzuergoaren eta udal haur eskola publikoen -kasu batzuetan partzuergoen osaeraren bidez- bitartez osatua izan behar da eskaintza hau, Haurreskolak Partzuergoa ardatz izanik. Sare publiko bakarretik eta era deszentralizatuan kudeaturikoa eta komunitatean integratuta egongo diren udal haur eskola publikoen bidez. Udalaren eskumen handiagoarekin eta hezkuntza komunitatearen erabakitzeko ahalmena handituz.

Euskal Herrian, 2024ko azaroaren 20an