Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak: greba amaierako akordioan jasotako eduki guztiak betetzeko, soldatak ordaintzeko eta hitzarmena sinatzeko exijitu diegu patronalei

81

Gaur, azaroak 19, elkarretaratzeak burutu ditugu ikastetxe ezberdinetan

Aitzakia gehiagorik ez! greba amaierako akordioan jasotako eduki guztiak betetzeko, soldatak ordaintzeko eta hitzarmena sinatzeko garaia da!

2022-2024 Hitzarmena orain!

Uztailean izan zen azkenengo mahai negoziatzailea. Otsailean greba amaierako akordioa sinatu ondoren, dozena bat bilera inguru izan genituen, sindikatuon ekimenez. Bilera hauetan guztietan patronalek oztopoak jarri besterik ez zuten egin. Ez zuten akordioa betetzeko eta hitzarmena sinatzeko borondaterik erakusten.

Hori dela eta, sindikatuok patronalei adierazi genien akordioa betetzeko eta hitzarmena sinatzeko proposamen serio bat zutenean deitzeko. Aldi berean, gatazka kolektiboko demanda bat aurkeztu genuen epaitegietan.

EAEko Auzitegi Nagusiak urriaren 30ean jakinarazi du bere ebazpena. Auzitegiak, otsailean sinatutako Greba Amaierako Akordioan adostutako soldatak ordaintzera kondenatu ditu patronalak. Epaiak dio:

• Greba Amaierako Akordioa indarrean dagoela sinatu zen unetik (2024ko otsailak 5)
• Patronalek akordioa betetzeko obligazioa dutela, eta finantzaketari baldintzatua ez dagoela bere betetzea;
• Patronalek, 2024ko soldatak martxoan ordaintzen hasteko betebeharra izan arren, ez dutela bete.

Sindikatuok LHKan idatzi bat aurkeztu dugu. Patronalei eskatu diegu mahai deitzeko, greba amaierako akordioa betetzeko, soldatak eguneratzeko eta ordaintzeko zein akordioaren edukiak adostutako baldintzetan eta aldebakarreko atzerapausurik gabeko hitzarmen batean jasotzeko behingoz. Patronalek ez badute mahai deitzen hurrengo bi astetarako, sindikatuok deituko dugu.

Bestalde, sindikatuok mobilizazio egun bat deitzen zaituztegu. Zuen ikastetxeetan sarreran edo irteeran kontzentrazio bat egitera deitzen zaituztegu datorren azaroaren 19an, 22-24 Hitzarmena behingoz! lelopean. Antolatu zuen eskoletan!!

Greba amaierako akordioa bete!

Oraindik hitzarmenik ez badaukagu ere, greba amaierako akordioa bete behar da. Soldatez gain, 2024-2025 ikasturtean indarrean sartzen diren edukien artean ondorengoak daude:

• HH 1 zikloko, HLE, AZP eta irakasle ez diren tituludunen lanaldi murrizketak Irakasleen kasuan 4 ordu osagarri lan pertsonalerako izatea.
• Lanbide Heziketan lanaldi irregularren araudia eta konpentsazioa, lantokietako formakuntzarako adostutako tutoretza orduan banaketa eta bikoizketen/irakaskuntzako laguntza orduen hobekuntzak
• Birkokapen prozesuko hobekuntzak: aintzinatasunaren aitortza edo kalte ordain indartua birkokapenik egon ez den kasurako
• Euskara, berdintasun eta arrisku psikosozialen planak hobetzea eta abian jartzeko prozesuak hastea

Zuen eskolan eduki hauek betetzea galdegin dezakezue eta galdegin behar duzue! Arazorik badaukazue jarri harremanetan zuen eskolako ordezkariekin!