Kalitatezko hezkuntza helburu, hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa handitzea exijitu dugu gaur, hainbat mobilizazioen bitartez

180

400 pertsonatik gora mobilizatu gara gaur Donostian, Zumaian, Oreretan, Eibarren, Bilbon, Barakaldon, Durangon, Gernikan, Igorren, Algortan, Gasteizen eta Laudion.

Azaroaren 8an abiatutako dinamikarekin jarraituz, hezkuntza publikoa sistemaren ardatza izan dadin inbertsioa handitzea aldarrikatzeko batu gara EAEko hiriburu eta eskualde desberdinetan. Azpiegiturak hobetu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetuko dituen akordioak adostu nahi ditugu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Hezkuntza komunitatea osatzen dugun familia zein langileok argi dugu kalitatezko hezkuntza izateko hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatzea ezinbestekoa dela. Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergoa ardatz izan daitezen azpiegiturak hobetu, baliabideez hornitu eta langileon lan baldintzak berritzeko garaia da. Horretarako, urtero aurrekontu-proiektuan gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko litzateke, Europako batezbestekoarekin parekatuz, hezkuntza legearen testuinguruan izandako grebetan aldarrikatu izan genuen moduan.

Batetik, hezkuntza publikoko langile ororen lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmenak berritu eta hobetu behar dira, izan ere, LABek argi du langileon lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela bere horretan. Langileoi ezinezkoa zaigu kalitatezko hezkuntza eskaintzea eguneroko lan zamek itotzen gaituzten bitartean. Izan ere, premiaz berritu behar dira zaharkituta dauden lan hitzarmenak. Sukalde eta Garbiketan 2007ko lan hitzarmenak, besteak beste, gehiegizko bazkaltiarren kopurua eta metraje kopuruak barnebiltzen ditu, funtzioak zehaztu behar dira eta lanaren koordinazio faltarekin bukatu behar da. Irakasleetan, azken urteetan gehiagora egin duten lan burokratikoak murriztu edota ikastetxearen autonomia errespetatuz, ikasleen beharrei erantzuten dieten formakuntzak behar ditugu. 2010eko lan hitzarmena eguneratzeko, besteak beste, ordu lektiboen jeisiera jaso behar da, baita Lanbide Heziketako berezitasunak arautzea ere. Haurreskoletako 2009koa den lan hitzarmena berritu behar da, lanaldiaren jaitsiera eta baimenak handitu behar dira eta, kudeaketa alorrean dauden baliabide eskasak irauli. Heziketa Berezian 20 urteren ondoren akordio batetik hurbil gaude, behin-behinekotasun tasa %5era jaitsi, hezitzaileen soldata haurreskoletako hezitzaileekin parekatu eta lanaldiaren jaitsiera adostu berri dugularik .

Bestetik, kalitatezko hezkuntza publikoa izateak ikaslea erdigunean jartzea dakar. Bide horretan, ikasketa prozesua ematen den barne zein kanpo espazioak berebiziko garrantzia du. Lehenik eta behin, ikasle zein langileok egunero jarduten dugun azpiegiturak osasuna bermatuko duten espazio seguruak izan behar dira, horrez gain egungo beharrei erantzun behar diete, hauek baliabideez hornituz. Are gehiago, zenbait kasutan, azpiegitura berriak sortu behar dira, izan ere, badira zenbait zentro guztiz zaharkiturik daudenak edota eraikin propiorik ere ez dutenak; baita espazio falta dela eta plazak mugatuta dituztenak ere.

Azkenik, egun jendarte bezala ditugun erronkei erantzuteko, gure ikastetxeak baliabide materialez gain, baliabide pertsonalez ere hornitu behar dira. Izan ere, egun aniztasunean jarrita dugun arretari erantzuteko edo gure hizkuntzak eta kulturak bizi duen egoerari aurre egin ahal izateko, ezinbestekoak ditugu baliabide berriak zein formakuntza edota plan zehatzak.

Beraz, LABek borrokan jarraituko du hezkuntza komunitateko langileekin batera hezkuntza publikoan neurriak lortu daitezen kalitatezko Euskal Eskola Publiko Komunitarioa helburu, sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko. Euskalduntzean eta Euskal Curriculumean, inklusioan eta aniztasunean, pedagogia feministan, laikotasunean, kritikotasunean eta langileon lan-baldintza duinetan oinarriturik egongo dena.

Batu zaitez Hezkuntza publikoko langileon borrokara!

Argazki galeria:

2024-11-20-LAB_irakaskuntza_EU