Iruñeko Udal Haur Eskoletako grebak jarraipen handia izan du

564

Erregimenaren Euskarafobia salatzeko LABek eta CCOOk Iruñeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoan egindako greba-deialdiaren jarraipena zabala izan da. Iruñeko Udaleko fobia, oraingo honetan, datorren ikasturterako egin duen eskaintzaren proposamenean islatu da. Izan ere, 16 haur eskoletatik euskarazko murgiltze-eredua bakar batera murriztu du, azken 40 urteetan egindako ibilbide pedagogiko arrakastatsua bertan behera utzirik.

LABek eta CCOOek Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoan gaurko deitu duten grebaren jarraipena %86koa euskarazko eskoletan, eta %62koa orokorrean. Tamalgarritzat jotzen dugu Afapna sindikatuak azken orduan greba bertan behera utzi izana, ez baitugu oso ondo ulertzen zerk bultzatu dituen erabaki hori hartzera. Salatu nahi dugu, halaber, erakundeko gerentziak agindutako zerbitzu minimoen ondorioz, langileen ia erdiari grebarako eskubidea ukatu zaiela. Gainera, Jose Ramon Rabade gerenteak gutxieneko zerbitzuen inguruan egin duen kudeaketa ezin txarragoa azpimarratu nahi dugu, astearen hasieran langileen batzordearekin adostutako ebazpena atzera bota eta erabateko abusua suposatzen duen beste bat ezarri baitzuen ondoren.

Hala eta guztiz ere, gure poza azpimarratu nahi dugu, grebaren jarraipena masiboa izan baita. ehunka lagunek babestu dituzte langileak Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Nafarroako Diputazioan amaitu den manifestazioan, ibilbidean zehar Iruñeko Udalaren proposamena aurrera ateratzeko ardura dutenak seinalatuz; beraien erabakiak zuzen eta bortizki eragiten baitie herritarron euskara-eskubideari zein eskoletako kudeaketari. Familien babesa ere jaso dugu, neurri handi batean ez baitituzte seme-alabak eskolara eraman, bai eta herritarrena eta sindikatu batzuena ere, proposamen honen gehiegikeria eta inposaketa salatzeko. Sindikatuok eta Haur Eskolak Euskaraz Plataformak arratsaldean deituriko mobilizazioetan ere parte-hartzea jendetsua izan da.