Hitzarmen kolektiboen negoziazioetan EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatu eta lan baldintza prekarioenak dituztenak baztertzen ditu

425

EAEko Hezkuntza Sailak langileen ordezkaritza negoziazio-mahai ezberdinetara deitu duen arren, LABetik salatu behar dugu bereziki feminizaturik dauden eta zaintza lanekin loturiko bi kolektibo baztertzen ari dela: Haurreskolak Partzuergokoa eta Sukalde eta Garbiketakoa. Ez dugu uste hau kasualitatea denik.

Hori dela eta, gaur goizean elkarretaratu gara Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan, bi kolektibo hauetan negoziazio-mahaiak eratu eta hitzarmen berriak negoziatzen has gaitezen

 Ikasturtea aurrera doa, eta Hezkuntza Sailak, eta haren sailburua den Jokin Bildarratzek, behin eta berriz normaltasun osoarekin kolektibo desberdinetako mahai negoziatzaileak eratu eta lan-hitzarmen berriak negoziatzen ari direla esan badute ere, LABetik salatu behar dugu irakasle eta hezkuntza premia berezien laguntza espezialisten kolektiboetan negoziatzen ari diren bitartean, sukaldari eta garbitzaileen mahaia oraindik ez dela eratu, eta, beraz, ez dela lan-hitzarmen berriaren negoziazioa hasi.

 Bere aldetik, mobilizazio eta greba dinamika abian dugula, Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea behin deitu da, baina  edukirik gabe. Bitartean, ez da lan hitzarmena betetzen ari ezta LABek 2018an sinatutako akordioa ere. Jaiotza-tasa beherantz doan momentu honetan zalantzan jartzen ari dira hezkuntza zerbitzu honen bideragarritasuna, Legebiltzarrak eskatu zuen doakotasunerako urratsak eman beharrean.

EAEko Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenak dira aipatuak, zaintza lanei lotuak. Sektore hauetako langileak urduri eta baztertuta sentitzen ari gara. Ematen dugun zerbitzua kolokan ikusten dugu eta sumoa dugu pribatizazio edota azpikontratazioan ez ote diren sakontzen ari.

Aurreko guztiari gehitu behar diogu, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, behin-behinekotasun tasa %68koa dela eta langile askok urte dezente daramatzatela lanean, jardun partzialekin ari ere. Ikastetxeetan, gainera, gero eta lan-zama handiagoa dago (bai  ratioengatik, bai funtzioen definizio ezagatik, bai azpiegitura zaharrengatik…) eta, ondorioz, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak ugaritzen ari dira, eta arriskuak areagotzen. Hezkuntza Sailak kolektiboaren egoera txarra ezagutu arren, ez dauka negoziatzeko inolako borondaterik, ezta egoera bideratzekoa ere

Lan-hitzarmen berrien negoziazioak LABek sinatu zituen 2018ko akordioetatik abiatzen dira eta zerbitzu publikoen kalitatea eta langileen lan-baldintzak hobetzea izan behar dute helburu. Hori dela-eta, Hezkuntzako gainerako kolektiboetan bezala, akordio hauetan oinarritutako negoziazioa abiatzea exijitzen dugu. LABetik hitzarmen kolektibo duinen alde borrokatzen jarraitzen dugu: ratioak jaitsi, eta plantillak handitu  eta egonkortu behar dira; gazteberritze planak ezinbestekoak dira; langileak euskalduntzeko neurri eta planak behar ditugu; eta klausula feminista zein lan-osasuna ardatz dituen negoziazio kolektiboa  exijitzen dugu.