Kristau Eskola eta AICE-IZEA-ren negoziazio-borondate falta eta hitza behin eta berriro ez betetzearen aurrean, mobilizatzera deitzen du LABek

486
[EAE, Gizarte Ekimeneko eskolak]

Gaurko egunez, maiatzaren 15ean, orain dela hamabost egun sindikatu guztiok eta patronalek horrela adostuta, lan hitzarmeneko mahaia egin behar genuen bi gaien inguruan: Lanbide Heziketako langileen lan-baldintzak eta lanpostua galduko duten langileen birkokatzeko lan-poltsaren prozedura.

Azken aldi honetan, LABentzat behintzat, ohikoa bihurtzen ari den bezala, Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk patronalek sektoreko langileei errespetu falta ikaragarria erakutsiz, eskuartean dugun gaiaren eta egoeraren neurrira egokitzen ez den aitzakia erabiliz hirugarren aldiz lan hitzarmeko mahai bertan behera utzi dute.

Gogoratu behar dugu sektoreko langileek 29 greba egun egin zituztela ELA, Steilas eta CCOOk sektoreko patronalekin aurreko azaroan akordio bat sinatu arte.

Momentu horretan akordioak gabezi asko zituela eta patronalek benetan sinatutako beteko zutela ziurtatzeko berme gutxi zuela esan zuen LABek. Beste batzuek, aldiz, historikotzat saldu nahi izan ziguten aipatutako akordioa momentuz ez da betetzen ari:

  • Urtarriletik aurre-erretiroa har zezaketen langile batzuk errendimendu osoz jarraitzen dute lanean, patronalek ez dituztelako erretiroak kudeatzen.
  • Ikastetxe batzuetako langileek ez dute oraindik ere urte hasieratik jaso behar zuten soldata-igoera jaso.
  • Osasun krisi honen ondorioz bukatzear dagoen ikasturte honetan lanpostua galduko duten langileak birkokatzeko benetako birkokapen prozedurarik ez dago eta horren ordez martxan jarri nahi zuten lan-poltsako prozedura ere zalantzan dago.

Akordioa kolapso egoeran egoteaz gain, hitzarmen berriaren negoziazioa adar jotzen bat izaten ari da; mahaiak behin eta berriro bertan behera geratzen ari dira pisuzko motiborik gabe, Patronalek negoziazio mahai ezberdinetan aurkeztutako proposamenak hutsune handiak dituzte, langileek gaur egun dituzten eskubideetan atzerapausoak baino ez dituzte jasotzen eta sektoreko langileek dituzten beharrei ez diete erantzuten aldarrikapen historikoak bete gabe utziz.

Testuinguru honetan panorama iluna da. Patronalek hitza ez betetzeari eta negoziatzeko borondate ezari, Osasun krisi honetan diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe batzuk langileei ERTEak inposatu dizkietela gehitu behar zaio, beraien kontura negozioa eginez. Horrek guztiak erakusten du mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela, egoera hau ezin baita gehiago jasan. LABek, bere aldetik, hurrengo astean mobilizazioak egingo ditu eta beste sindikatuei dei egiten die horietan parte hartzera.