Aurrez aurreko eskoletara berme guztiekin itzuli ezean plantorako deia egiten dugu

389
[EAE, Irakaskuntza]

Orain arte EAEko Hezkuntza Sailak erakutsi dituen inprobisazio eta aldebakartasuna salatzen ditugu, sindikatuekin ez dute ezer adostu eta segurtasunik gabe aurrez aurreko eskoletara bueltatzea inposatu nahi digute. Hezkuntza Sailari eskatzen diogu maiatzaren 25ean eskolak irekitzeko erabakia berrikus dezala. Nafarroan eta beste leku batzuetan egingo duten legez, segurtasun neurriak adosteko aurrez aurreko eskoletara itzultzea ekainera atzeratu behar da eta soilik behar beharrekoa duten ikasleentzako: 2. Batxilergoan, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) prestatzeko beharra duten ikasleentzat tutoretzak, alegia.

Langileon ordezkariekin aurretik negoziaturiko edota adosturiko segurtasun- eta osasun-neurriak zehaztuko dituzten prebentzio-protokoloek irizpide eta neurri argiak zehaztu behar dituzte, ikastetxez ikastetxeko egoerara egokituta. LABetik jarraipena egingo dugu langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen direla. Izan ere, ikastetxez ikastetxe prebentzio-planik ez badago edo beharrezko neurriak hartzen ez badira, planto-dinamikari ekingo diogu.

Eskolara presentzialki bueltatzeko segurtasun neurri guztiak bete behar dira. Hargatik, presentzialki lanera joango diren langile guztiei testa egitea beharrezko neurritzat exijentziari eutsiz, badaude beste neurri batzuk ezinbestekoak direnak: langile guztiontzako EPI/NBEak, antolaketa-neurriak (irteera/sarrerak, distantziak aretoetan, ratioen jaitsiera, komuneko edo beste espazio batzuen erabilera mugatzea, ordutegi moldaketa…) ikasleekin jarduteko jarraibideak, langile kolektibo bakoitzak egoera honi aurre egiteko beharrezko prestakuntza. Orokorrean, administrazioaren zein ikastetxe bakoitzeko titularraren ardura da horiek bermatzea eta ikastetxeko zuzendaritzek betetzen direla ziurtatzea ere.

LABetik deialdia egiten diegu langileei gutxieneko neurri horiek bete ezean edota langileon zein ikasleen osasuna arriskuan ikusten dugun egoera guztietan planto egitera; era berean, sindikatuarekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu beharrezko salaketak bideratzeko. Guretzat greba borrokarako tresna da, eta ez helburua. Horregatik, batasun sindikalak greba deituko balu, batasuna mantenduz, plantoari babesa eta indarra emateko baliatuko dugu. Une honetan borroka behar beharrezkoa jotzen baitugu lan presentziala berme guztiekin egin ahal izateko. Plantoak ikastetxez ikastetxe egingo ditugu, ikastetxeetara bertaratuz, borroka planteameduak aktibatuz, mobilizazioa ardatz. Langileok berehalako lan arrisku egoera baten aurrean, prebentzio delegatuen zein langileon ordezkarien bitartez egoera hori gelditzera goaz.

Plantoa ikastetxez ikastetxe irudikatzeaz gainera, hezkuntza komunitatea mobilizazioetara deituko dugu LABetik. Halaber, prebentzio neurriak bete ezean salaketak jarriko ditugu Hezkuntza Sailean, Lan-ikuskaritzan zein Osalanen.

Langileen osasuna arriskuan jartzen baduzue, aurrean izango gaituzue! Guztion Bizitza Zaindu!!!