Sukaldari eta Garbitzaileen azken Infoa

380

Murrizketa eta eszedentzien eteteak
Murrizketak eta eszedentziak eteteko bi data jarri zizkien EAEko Hezkuntza Sailak bere mendeko langile guztiei, 2021eko ekainaren 30eko jarraibidearen bidez. Jarraibide hori sindikatuekin negoziatu gabe indarrean jarri zuten. Irakasleen mahaian gai hau negoziatu ostean, ikasturte hasiera honetan irakasle funtzionarioei jakinarazi zitzaien jarraibidea bertan behera geratu zela. Ondoren jakin genuen Heziketa Berezian eta Sukaldari eta Garbitzaileen kolektiboetan indarrean mantentzen zela. LABetik kolektibo feminizatuei negoziatzeko aukera ez ematea salatu genuen mobilizazio bat eginez. Lan legepeko langileei ere ahalik eta lasterren jarraibidea indargabetzea eta gai hau negoziatzea eskatu genuen.
Aste honetan jakinarazi digute lan legepeko kolektiboetan ere jarraibidea bertan behera geratu dela eta jarraibide hau gurean ere negoziatzeko asmoa dutela.
LABetik argi dugu bizitza eta lana kontziliatzeko eskubideen defentsan borrokatuko garela.

Kontratazioa
Sukaldari eta garbitzaileen lanpostuen zerrendak handitu badira ere, LAB sindikatuak ez dela nahikoa uste du. Sukaldeetako bazkaltiarren kopuruak gora egin du eta zentro integratuetako garbiketako metroak ez dira errebisatu.
Lan erreformaren ondorioz ezin dira 9 hilabeteko lan metaketa kontratuak egin eta administrazioak gehienez 6 hilabeteko iraupena duten produkzioaren gorabeherengatiko aldi-baterako kontratuak egiten hasi da. LAB sindikatuak bakante gehiago jartzea aldarrikatuko du, eta formulak aztertzeko prest gaude.
Adi egon kontratu berrien eskaintzen aurrean, kontratuen izaera eta iraupenaren zehaztapenak eskatu.

Negoziazioak
Abendua baino lehen legez salbuespenezko Lan Eskaintza Publikorako deialdia argitaratu behar da. LABetik gure kolektiboetan lan esperientziak saritzeko formulak proposatuko ditugu eta ahalik eta lasterren negoziatzen hastea eskatu dugu.
Ordezkagunea indarrean sartzeko negoziazioa abiatu bagenuen ere, ez dugu aurrera jarraitzeko proposamenik jaso. Honekin batera ordezkoen araudi sendo bat behar dugu
LAB sindikatuaren beste erronketako bat, gainontzeko sindikatuek blokeatuta duten lan hitzarmen berriaren negoziazioarekin hastea da. Besteak beste, gure funtzioak zehaztu, ratioak jaitsi eta lan orduak murriztu behar zaizkigu, soldatak igo behar dira eta lanean osasuna ez galtzeko neurriak martxan jarri behar dira.
Bestalde, Administrazioarekin dauzkagun harreman eta prozedura guztietarako B@kQ identifikazio elektronikoa beharrezkoa dela kontuan hartuta, ateratzea gomendatzen dizuegu. Lotura honetan duzue informazioa guztia.

Sukaldari eta garbitzaileak ere euskal eskola publiko komunitariorantz!!